Iraultzen duenaren irribarrea

Isa Diazek 'Sano erradikal' poema liburua kaleratu du Alberdaniarekin. Gizartea errotik aldatzeko deia egin du olerkien bitartez, elkarrengana batu eta bizitza bera gozatzeko aldarria

Isa Diaz, Sano erradikal poema liburu argitaratu berria eskuetan hartuta, herenegun, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Sano erradikal izenez eman du argitara, baina, izan, beste izenburu bat zuen hasieran Isa Diazen (Laudio, Araba, 1966) poema liburu berriak: ijiji!. Polita bai, baina komertzialki arriskutsua begitandu zitzaion Jorge Gimenez editoreari, eta barrura eraman du egileak azkenean, azpititulura. Oihu horrek zeharkatzen du, baina, poema bilduma guztia, eta horregatik eman du azalpena liburuaren aitzinsolasean egileak. «Ijiji:Gauez sorginik ba ote zen jakiteko egiten zunan dei hau, sorginek eurek ere berdin erantzuten omen zitenan». Liburua zabaltzen duen poemari ere izenburu berbera jarri dio, eta gozamenerako gonbidapen zuzena egin berekin: «Nahi dudank bezala/ baina goza ezank». Hori da, festa eta ospakizunerako deia, konplizitaterakoa, liburuak dakarrena, bestelako mundu baten alde zutitzeko deiarekin batera. Izenburuak ere jasotzen du aldarri hori; sano hitzaren bi adierak izan baititu gogoan idazleak —oso eta osasuntsu—, erradikal hitzari lotzerakoan. Diaz: «Erradikal-ek erroari egiten dio erreferentzia, eta hor da aldarria: mundua errotik aldatzeko proposamen bat, denok behar duguna, denontzat osasuntsua dena».

Aurretik bi poema liburu eman ditu Diazek: Ura badoa maldan behera (1996) eta Ontzi iluna (1999). Bere poemak jaso izan dituzte liburu kolektibo batzuetan ere, eta literatur lehiaketa entzutetsuetan ere saritu izan dizkiote olerkiak: Ernestina de Champourcin lehiaketan, 1994an; eta Irun Hiria Sarian, 1998an. Guztiak sasoi bertsuan; Gimenezen hitzetan, Diazen «hamarkadarik oparoenean». Ondoren, isiltasun garai luzea izan du. Baina ez erabatekoa; egileak ñabartu baitu, argitaratu ez arren, idazten segitu duela denbora horretan guztian. «Bizitza izan da [isiltasunaren] arrazoia; eramaten gaitu bide batzuetatik, bueltak ematen ditu. Tartean ilunaldi bat ere egon da, sakona eta luzea izan dena denboran».

Ez da, ordea, 1990eko urteetatik hona idatzi dituen poemen hautaketa bat orain Sano erradikal-era eraman duena. «Azken labekadakoak dira», argitu du. Dioenez, oso garbi izan du hasieratik poema liburu honetan jaso nahi zuen mezua eta eman nahi zion forma, eta horiek ongi zorroztuta heldu zen argitaletxearengana, «gauza ezohikoa», Gimenezen esanetan.

Mehea da bilduma: 36 olerki batu ditu Diazek denera, eta sei ataletan egituratu du, sei zenbakiaren sinbologiari jarraituta. «Hau poesia da, hitza eta sinbologia. Eta zenbakiek ere badute; niretzat, sei zenbakiak oso sinbologia markatua du: alde batetik, edertasuna da; beste alde batetik, bizitza bera da; muturren batze bat ere bada. Eta sei ere bada karbonoaren zenbaki atomikoa. Karbonoak ahalbidetzen du organikoa organiko izatea, biziduna». Bada, horri lotuta dago liburua ezaugarritzen duen bizipozaren aldeko mezua. «Bizipoza, indarra, barrea. Osasuntsu, osatzaile eta zaintzaile dira. Uste dut hori egon behar dela gure mundu berriaren oinarrian; horrekin egin behar dugula mundu berrirako humusa». Sei ataletako bat, gainera, sei poemez osatu du, eta lore-sorta bati egiten dio «argazkia», Diazen esanetan. «Gurean, ongi-etorria egiten dugunean liliekin egiten dugu, sei batekin». Eta hala eman dio izena atal horri ere: Ilustrazio erradikal berriarendako ongietorrizko liliak.

«Oroz gaindi, bizitza maite»

Gimenezek gogora ekarri du nola «edertasunaren egarria» izan den tradizionalki «poesiaren motorra». Iruditzen zaio, baina, ez dela hor geratzen Diazen poesiaren ulerkera, «gozamen estetikoa» baino gehiago eskatzen diola hark. Hala erantzun dio egileak: «Edertasunak ez du zerikusirik polita denarekin, egiarekin baizik. Edertasunarekin, hunkitu, eta egia ezagutzen dugu. Egiak minarekin, saminarekin eta horrorearekin ere badu zerikusia, baina ez badira edertasunaren bitartez azaltzen, ezin ditugu ulertu. Esanahi hori ematen diot nik edertasunari: sormenaren helburua uste dut hori dela, edozein adierazpidetan. Hemen badago mina, horrore pixka bat, zapalkuntza baten salaketa... Baina saiatu naiz edertasunaren bidez azaltzen, bestela mina handiegia da, eta ezin dugu egia hori barneratu, uste dut».

Diazen olerkiak lehen aldiz irakurtzean, idazleak bizitzarekiko agertzen duen «maitasunaren neurria» egin zitzaion deigarria editoreari, baita jai giroari eta elkartzeari egiten dion lekua ere. «Zerbait agerian geratzen bada poesia honetan horixe da: egileak, oroz gaindi, bizitza maite du». Baietz egin du Diazek, irakurleak topatuko duela halakorik liburuan: «Indar bereziz nabar bizitza ederra ere badela». Eta hain justu horregatik, maite duelako nahi du irauli, editorearen ustetan.

Diazena «lubakietako poesia» dela ere aipatu du Gimenezek, eta berretsi du hori ere idazleak. Eta, hala ere, lubakiak lubaki eta aldarriak aldarri, festa girora itzuliz amaitu gura izan du aurkezpena, bertaratutako lagun eta gertukoei parte hartzeko eskatuz. Gibelsolasa ataleko Aho-korapilo festa irakurri du, kantatuz aldi berean, eta aurrekoei errima errepikatzeko eta hankarekin erritmoa markatzeko eskatuz. «Deseraikitzen», eta hiru kolpe, hamaika ahotsetara: «Kitzen, kitzen, kitzen». «Desprintzesatzen», eta«satzen, satzen, satzen». Desprezintatzen, deskorapilatzen, desenmaskaratzen, despribilegiatzen, despatologizatzen, desheteronormatibitatetikatzen. «Katzen-katzen-katzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.