Albistea entzun

Baserritik klubeko agertokira

'Esnatu naiz' kabaretaren bertsio luzea estreinatuko du gaur Andoni Mutiloak, Hernanin. Antzerkia, dantza eta musika uztartuz, nork bere nortasuna aske bizitzera dei egiten du
Sortu duen lehen antzezlana du Andoni Mutiloak <em>Esnatu naiz</em> kabareta. Bakarrik igoko da oholtzara antzeztera.
Sortu duen lehen antzezlana du Andoni Mutiloak Esnatu naiz kabareta. Bakarrik igoko da oholtzara antzeztera. NONI ETA MANI Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2020ko irailak 30

Hamar urte atzera, baserrian bizi zen, familiarekin. Gaur gauean, aldiz, Londresko klub bateko taula gainera igo da Elur, neonezko argien pean kantuan eta dantzan aritzera. Nondik nora egin du ibilbide hori? Zer bizipen pilatu ditu bidean? Antzerkiaren, dantzaren eta musikaren bidez erantzungo die galdera horiei guztiei Andoni Mutiloak, Esnatu naiz kabaretean. Joan den urtarrilean erakutsi zuen obra lehen aldiz jendaurrean, Donostiako Poltsiko Antzerkiaren jaialdian. Orain, berriz, lanaren bertsio luzea aurkeztuko du. Gaur izango da estreinaldia, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean, 20:00etan.

Mutiloak idatzi eta zuzendu du obra, eta berak antzezten du protagonistaren rola. Bakarrik taularatuko da, pertsonaiak obran egiten duen bezala. «Elur artista bat da, trans kolektiboko artista bat. Londresen bizi da, Pink Flamingo izeneko kabaretean lan egiten du, eta jende asko joaten da hura ikustera». Gau batez, baina, aztoratuko duen zerbait gertatuko zaio, eta ezingo du ohiko saioarekin aurrera jarraitu, Mutiloaren hitzetan. «Hori dela eta, bera nor den, nondik datorren azalduko dio publikoari. Eta antzezlanean Elurren atzean dagoen pertsona ikusiko da batez ere». Pello da hori, «euskalduna, baserritarra, hamar urte atzera Euskal Herritik alde egitea erabaki zuena». Gipuzkoako herri txiki batetik Londresa jo zuen, eta artista bilakatzerainoko «bere eraldaketa eta bizipenak» agertuko ditu obrak.

Kabaretaren forma eman zion egileak kontakizunari, «denetarik daukalako», protagonistaren ibilbideak bezalaxe. «Kabaretak drama eta komedia nahasten ditu askotan, eta hori ikusi ahal izango da kasu honetan ere: pertsonaiaren alderik distiratsuena, alaiena, dibertigarriena, eroena batetik; baina, aldi berean, baita haren bizitzaren alde ilunagoak ere, beldurrak, minak, zauriak...».

Hala, une dibertigarriak eta gogorragoak, alaiak eta intimoagoak tartekatuko ditu ikuskizunak. Eta gizarteari kritika ere egingo zaio, egilearen hitzetan. Izan ere, identitatea, harremanak eta sexualitatea ditu hizpide obrak, eta abiapuntuan galdera jakin bat izan zuen Mutiloak buruan: ea bat ote datozen norberaren nortasuna eta bizimodua. «Ni jabetu nintzen jende askoren kasuan ez datozela bat. Eta hori zen sortu genuen pertsonaiaren kasua, baina oso modu nabarmenean gainera. Ikuskizunaren hasieran, Elur ezagutuko dugu, urte batzuk igarota eraldaketaren ondoren sortutako artista. Baina Pellorengana goaz gero, Londresera joatea erabaki zuena bere herrian ezin zuelako bera izan egunerokoan, oso zaila zitzaiolako bere benetako nortasunarekin bat egitea eta, gainera, bere inguruan onartua izatea». Protagonistak lortuko du bere bidea egitea, baina ez da bide erraza izango. «Horrek atzean zauri batzuk utziko dizkio, eta, aldi berean, orainean ere badu min bat, ez baita prest sentitzen bera benetan den moduan Euskal Herrira itzultzeko». Egungo euskal gizarteaz ere gogoeta eragin nahi du Mutiloak obrarekin. «Gauzak pixkanaka aldatzen ari dira; urratsak egiten ari gara sexu joera ezberdinen aldeko gizarte baterantz, baina bide luzea da oraindik ere».

Kerobiatik Beyoncera

Kazetari lanetan denbora luzean jardun du Mutiloak. Eszedentzia hartu zuen duela hiru urte, eta orduan hasi zen bestelako sormen lanei tarte gehiago eskaintzen. Dantzaren munduan urteak zeramatzan ordurako; euskal dantzetan hasi zuen bidea, eta garaikidean eta contact inprobisazioan ere aritu da azken urteetan. Estiloen aniztasun hori kabaretera eraman nahi izan du. «Nik sortu dudanez, lantzen dudana eraman dut; nahasketa bat da, istorio bati lotuta, jakina». Hala, azaldu du euskal dantza badela ikuskizunean, esaterako, baina ez ohiko moldean, «striptease batean sartuta baizik, eta euskal musika tradizionala ez den beste doinu batekin». Garaikidea, burlesquea eta beste hainbat estiloren arteko nahasketa agertuko du oholtzan.

Antzera jokatu du musikarekin ere. Esnatu naiz izenburua Kerobia taldearen izen bereko kantutik hartu zuen, eta obran zati bat ere entzuten dela aurreratu du. Bide Ertzean, Zea Mays, Hatxe eta beste hainbat euskal musikariren doinuak ere bildu ditu kabaretera, baita berak propio sortutako abesti bat ere. Hitzak eta doinua egin, eta Eñaut Gaztañagarengana jo zuen; bien artean landu zuten Maitasunez blai kantua, eta estudioan grabatu. Urtarrilean ez bezala, antzezlanaren bertsio luzean entzun ahal izango da kanta.

Baita nazioarteko hainbat artistarenak ere. Tartean, Beyoncerenak. «Duela hiru urte jada, buruan izan nuen lehen ideia esaldi bakarrean laburbildu liteke: 'Beyonce izan nahi duen baserritarra'. Hori izan zen abiapuntua, eta, horri tiraka, kabaret oso bat sortu genuen. Gero Elurrek bere bidea egiten du, eta ez du Beyonce izan nahi, baina garrantzitsua izan zen alde horretatik». Kantuon babesean eta eszenografia soil batez inguratuta igoko da oholtzara.

Herriz herri eramateko

Sortu duen lehen antzezlana du Mutiloak, eta, harekin hasi zenean, Zestoako (Gipuzkoa) antzerki eskolan irakasle zuen Amancay Gaztañagarengana jo zuen laguntza eske. «Haren babesa ezinbestekoa izan da niretzat». Duela urtebete aurkeztu zuen proiektua Donostiako Poltsiko Antzerkiaren jaialdira, eta, behin hautatuta, hiru hilabeteko prestaketa lanen ondotik estreinatu zuen jaialdian.

Bertsio luzea erakutsiko du aurrerantzean. Hernaniko gaurko saiorako sarrerarik ez da geratzen jada, baina izango da obra ikusteko aukera gehiago ere, Gipuzkoako beste hainbat udalerritara ere laster iritsiko baita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Kontzertu bat, Sanagustin kulturgunean. ©Alberto Beloki

Hamarkada bat beste bide batetik

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Hamar urte bete dituzte Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturguneak eta hura kudeatzen duen Kulturaz kooperatibak. Eredu propio bat garatu du kooperatibak euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Sortzeko orduan ez diot mugarik jartzen neure buruari»

Mikel Lizarralde

Idoia Asurmendik sare sozialen bitartez eta beste zenbait musikariren bertsioak eginez ezagutarazi zuen bere burua. Orain, lehenengo diskoa argitaratu du: 'Ilun eta abar'.
 ©IñIGO URIZ / @FOKU

Harrespila, gutizia husteko

Ane Eslava

L'Alakran antzerki konpainiak 'Harrespila' ikuskizun performatiboa eskainiko du gaur eta bihar Altzuzako Oteiza museoan. Cromlech bat osatuko dute parte hartzaileekin batera
 ©MARIAJE FUENTE

Zero gradua

Berria

Juan Kruz Igerabide idazlearen (Aduna, Gipuzkoa, 1956) 'Doneaneko alaba' eleberrian, 1936ko gerrako gertakari latz batek txirikordatzen ditu unibertsitateko literatura irakasle eszeptiko bat den narratzailearen eta Doneaneko alaba gazte poetaren bizialdiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.