Afrika, afrikarren begietatik

Afrika Behar Beharrezkoa zikloaren barruan, 'Afrotopia' erakusketa jarri dute Iruñeko Ziudadelan. Senegal, Niger eta Maliko 35 gazteren 58 argazkik osatzen dute

Dekoratuaren atzealdea izeneko argazkia, Ina Thiam argazkilariak egindakoa, Dakarren. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Afrotopia terminoak Afrikari begiratzeko beste modu batproposatzen du: afrikarrek Mendebaldeko ispiluan begiratzeari uztea, eta euren etorkizuna eraikitzen hastea. Felwin Sarr musikari eta idazle senegaldarrak idatzi zuen hitza lehen aldiz, 2016an. Izenburu bereko liburuan, «pentsaeraren deskolonizazioa» proposatu zuen. Orain, Hector Mediavilla argazkilariak (Bartzelona, 1970) berreskuratu du afrotopia hitza, 2017an Senegalen, Nigerren eta Malin egindako argazkilaritza tailerretatik abiatuta osatu duen erakusketarako. 35 fotografo gazterekin aritu zen lanean hiru herrialde horietan, «beren begirada propioa garatzen» laguntzen. Tailer horietan landutakoaren lagin bat Iruñeko Ziudadelako Mistoen aretoan ikusgai egongo da 2021eko urtarrilera bitarte: 58 argazki.

Proiektuarekin, Mediavillak bere «alea» jarri nahi du kontinenteak «bere sustraiak ukatzeari utzi eta bere berezitasuna errekonozitzeko». Hori lortzeko, afrikarrek euren ikuspegia «deskolonizatzearen» garrantzia nabarmendu du, Felwin Sarrek zioen moduan: «Afrikarrek beren bidea egin dezatela, globalizazioa ukatu gabe, baina beren historiaren eta aberastasunen balioaz jabetuta, ez baitira gutxi: tradizioa, kultura, harremanetan oinarritutako ekonomia, gizarte ireki bat...». Horretan eragin nahi du, hain zuzen, Ziudadelara eraman duten proiektuak: afrikarrek beraiek erretratatu eta kontatu dezaten euren errealitatea; funtsean, argazkien bitartez «hitza berreskura dezaten».

Bamako Argazkilaritza Biurtekoaren testuinguruan egin zituen tailerrak, Dakarren, Niameyn eta Bamakon. Parte hartzaile bakoitzak proiektu bat aukeratu zuen, eta hiru astez garatu zuen. Argazkilaritzaren bitartez «gogoetarako espazio irekiak» sortzea zen helburua: afrikar gazteek zer etorkizun nahi duten hausnar zezatela.

Bigarren saioan, Dakarren, bederatzi argazkilarik parte hartu zuten; «izaera, bizi esperientzia eta kezka ezberdinak zituzten 22 eta 35 urte bitartekoak», komisarioak nabarmendu duen moduan. Salbuespen bakarra 45 urteko Assane Sow izan zen, hogei urteko ibilbidea zuen argazkilaria, lan «pertsonalago eta artistikoagoa» lortu nahi zuena.

Bigarren tailerra Niameyn eman zuen Mediavillak. Nigerren, Senegalen ez bezala, ez dago argazkigintza edo ikus-entzunezko komunikazio eskolarik; beraz, askoz zailagoa da halako jardunetan eta lanbideetan murgiltzea. «Hamalau pertsonak parte hartu zuten, eta horietako hiru emakumeak ziren. Hori arrakasta itzela da emakume argazkilaririk apenas dagoen herrialde batean», azpimarratu du Mediavillak. Apsatou Bagaya argazkilaria da salbuespenetako bat, neska gazteagoentzako «inspirazio iturria», eta tailerretako parte hartzaileak aukeratzeaz arduratu zena.

Bamakoko ikasleek, berriz, bestelako ezaugarri batzuk zituzten: Multimedia Arte eta Lanbideen Kontserbatorioko ikasleak ziren, guztiak 25 urtetik beherakoak. Komisarioak nabarmendu du ikasleek «asko» irakatsi ziotela berari: «Lehen gaztaroko suhartasuna gogorarazi zidaten, kritikaren edo porrotaren beldur izan gabe esperimentatzeko eta arriskatzeko gogoa. Bazekiten zertaz hitz egin nahi zuten, zein zen helarazi nahi zuten mezua».

Askotarikoak

Beraz, esperientzia, bizipen eta ikuspegi ezberdinak dituzten argazkilariek sortu dituzte erakusketako obrak; adin ezberdinetakoak eta herrialde ezberdinetakoak. Talde heterogeneoa. Halakoa baita Afrika: askotarikoa, plurala; «sarritan kanpotik multzo uniforme gisa hartzera jo ohi dugun arren».

58 argazkien artean badira erretratuak: andre bat eta gizon bat, albotik, euren aurpegierak nabarmentzen dituzten argiekin —bigarren argazkian—; edo emakume gazte bat, dotore jantzita, zaldi bati aurpegia laztantzen. Afrikako kultura eta tradizioa islatzen dutenak ere ikus daitezke: Gourmantche tradizioko jantziak daramatzan gizon baten bi erretratu; edo lurrean eserita moringa hostoak jaten ari den familia baten irudia. Halaber, badira kaleko bizitza erakusten dutenak ere: esku batzuk buztinezko ontziak moldatzen; edo gizon bat behi argal bat jezten. Baina ez dira falta, era berean, Afrikaren desberdinkeriak edo kontraesanak erakusten dituztenak: neska gazte bat zaborrez betetako kale batean posatzen —argazki nagusian—, edo kalean lo egiten ari den haur bat. Herrialdearen arabera banatuta daude, eta argazkilarien biografiak ere irakurgai daude, bakoitzaren argazki batekin batera, lanen atzean nor dagoen jakiteko.

Mediavillari «ilusioa» piztu dio esperientziak, eta «aberasgarria» iruditu zaio; baita, haren ustez, parte hartu zuten gainerakoei ere. Harrotasunez mintzo da: «Pozik nago Afrikako argazkilaritza garaikidearen garapenari nire aletxoa emateagatik». Afrikarrek esateko dutena zabaltzen laguntzea da, hain zuzen, aletxo hori: «Felwine Sarrek proposatzen duen ikuspegia gauzatzen laguntzea, edo saiatzea».

Afrika Behar Beharrezkoa gobernuz kanpoko erakundeen partzuergoak antolatu du erakusketa, XX. urteurrenean. Afrikaren errealitatea erakusteko asmoa duten entitateak biltzen ditu, eta hogei urteotan kontinentearen inguruko «estereotipoak hausten» laguntzen duten ekitaldiak antolatu dituzte; udazkeneko egitasmoan, urtero, Afrikaren alderdi jakin bat landu dute. Testuinguru nahasian heldu zaie urteurrena, baina proiektuari eustea erabaki dute, Afrikaren alde lanean jarraitzea «behar-beharrezkoa» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.