Lehen urteei ertzetatik begira

Donostiako Zinemaldiaren 1953tik 1970erako 30 argazki ikusgai daude Tabakaleran. Generoari, klaseari eta politikari lotutako «tentsioen» isla diren irudiak hautatu dituzte

Sail Ofizialean hiru emakumezko zuzendari baino ez ziren lehiatu jaialdiaren lehen urteetan: Julia Solntseva, Tatiana Lioznova eta Judit Elek. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Etxerik gabeko pertsona bat Maria Kristina hotelaren inguruan. Militar frankistak ekitaldi ofizialetan. Emakume zinemagile gutxi batzuk, gizonek inguratuta. Herri xehea alfonbra gorriaren bazterretan. Donostiako Zinemaldiak irudi ugari utzi ditu ia zazpi hamarkadako ibilbidean, eta horien artean badira ohiko iruditeriatik kanpo geratu direnak ere. Horiei erreparatu diete Lehen urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970) erakusketan. Jaialdiaren lehen urteetako 30 argazki bildu dituzte, aldi haietako «tentsioak» aztertzeko: politikari, generoari eta klaseari lotutakoak. Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan jarri dituzte guztiak ikusgai, apirilaren 25era bitarte.

Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak ondu dute erakusketa, eta Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) proiektuko lantaldeak egin ditu komisario lanak, Pablo La Parraren gidaritzapean. Hain zuzen, Z70 egitasmoaren lehen emaitza publikoa da. Iaz jarri zen martxan proiektua, jaialdiari lotutako ondarea ikertu, kontserbatu, katalogatu eta ezagutzera emateko xedearekin. Zinemaldiaren eta Kutxatekaren argazki funtsetan arakatu dute, eta garai hartako 11.000 irudiren artetik 30 hautatu dituzte, «irakurketa kritiko bat» plazaratzeko asmoz. La Parra: «Asmoa ez da jaialdiaz jada dakigun hori kontatzen segitzea, baizik eta ikerketari esker istorio berriak kontatzea, ertzetan geratu diren alderdiei argia ematea».

Argazkien aukeraketak, beraz, «piritu kritiko» horretatik edaten du, La Parraren hitzetan. «Jabetu ginen jaialdiaren lehen urteetako historia irudi sorta oso mugatu baten bitartez kontatu dela, guztioi burura datozkigun irudi ikonikoen bidez: zuzendari esanguratsuen erretratuak hiriko leku desberdinetan, izarrak alfonbra gorrian, pertsona entzutetsuz betetako festak...». Hala, begirada kritiko batetik, iruditeria horretan «arrakala txikiak» sortu nahi izan dituzte, «arreta jarri ahal izateko generoari, klaseari eta politikari lotutako tentsioetan, ziurrenik oharkabean pasatu direnak».

Generoari lotutako begirada kritikoa lantzea izan da ardatzetariko bat, eta garaiko errealitate sozial eta politikoari lotutakoa bestea; horren erakusle dira erakusketan bildutako irudiak.

Solntseva, Lioznova, Elek

Ikerlariak jabetu ziren emakumearen inguruko iruditeria argazki multzo «oso mugatu» baten bidez eraiki dela; alfonbra gorriko izar moduan ageri dela erretratatu gehienetan, «objektu bilakatzen duen begirada patriarkal batetik». Iruditeria horretatik kanpo utzitako irudietan arreta jarri, eta andrazko zuzendari, gidoilari zein beste lanbide batzuetakoak eraman dituzte aretora; adibidez, urte haietan Sail Ofizialeko lehian izan ziren andrazko zuzendari bakarrenak: Julia Solntseva (1965), Tatiana Lioznova (1966) eta Judit Elek (1969).

Emakumeak zinema izar eta objektu bihurtzeko mekanismoak zein ziren ere aztertu dute hainbat irudiren bidez. Horietan, kazetari eta argazkilarien aurrean ageri dira aktore andrazkoak: esaterako, Pepa Flores Marisol1960an 12 urte baino ez zituen.

Garaiko giro politiko eta sozialari lotuta, Zinemaldiaren bestelako irudi bat erakusten dute beste hainbat argazkik. Izan ere, herritarren parte hartzea egungo jaialdiak daukana izatetik urrun zegoen artean, eta pixkanaka garatutako «lorpen demokratiko» baten isla dira zenbait irudi. Egun ohikoak badira ere, garai hartako argazki gutxik erakusten dituzte alfonbra gorriaren ertzetako herritarrak, eta hainbat jarri dituzte ikusgai. Horietako bitan, denak dira emakumeak eta haien kargu dauden haurrak. Herri klasearen ikusminarekin kontrastean daude ekitaldi gehienetako elitismoa erakusten dutenak. Eta klase arrakalaren adibide da erakusketa aurkezteko hautatu duten irudia ere, Arturo Delgado argazkilariarena: gizon trajedun bat ageri da Maria Kristina hotelaren alboko banku batean eserita, jaialdiko egunkaria irakurtzen, eta, ondoan, etxerik gabeko lagun bat.

Frankismoak festibala propaganda tresna gisa erabili zuela erakusten dute beste hainbat argazkik: adibidez, diktadorearen emazte Carmen Polo izar plantak egiten agertzen denak, eta agintari frankistak erretratatzen dituenak 1968ko jaialdiaren aurkezpenean. Azken horren alboan, oso bestelako errealitate bat bistaratzen duen irudi bat jarri dute, urte berekoa: Ama Lur filmaren emanaldiko ikusleak txaloka ageri dira, zutik, Astoria zineman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.