Irudizko sareek lotutako obrak

Arteari eta zinemari buruzko bi erakusketa zabaldu berri dituzte Donostiako Tabakaleran: 'Zin Ex. Gorputza eta arkitektura' eta 'Chris Kraus. Pelikulak lehen eta gero'

Askotariko armiarma espezieen sareak dira Tomas Saraceno artistaren piezaren oinarria. Tabakaleran ikusgai dauden obretako bat da. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Elkarren osagarri diren bi erakusketa zabaldu ditu Donostiako Tabakalerak. Lehen solairuan daude, areto banatan, bata bestearen ondoan, eta artearen eta zinemaren arteko loturak aztertzen dituzte biek ala biek. Baina badituzte osagai gehiago ere. Zin Ex. Gorputza eta arkitektura izenekoak 30 bat artistaren film, instalazio, argazki, eskultura eta marrazkiak biltzen ditu, bestelako materialekin batera, eta gorputzaren, espazioaren, naturaren, teknologiaren, generoaren eta arrazaren arteko harremanetan arakatzen du. Chris Klaus. Pelikulak lehen eta gero izenekoak, berriz, zinemagile eta idazle estatubatuarraren filmografia osoa ikusteko aukera ematen du. Biak 2022ko urtarrilera bitarte egongo dira ikusgai.

Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak gogora ekarri du iaztik udazkeneko erakusketak zinemaren eta artearen arteko harremanak aztertzeari eskaintzen dizkiotela. Hala, iaz abiatutako ildoaren bigarren fruitua da Zin Ex. Gorputza eta arkitektura. «Gorputzaren eta espazioaren arteko harremanetan zentratzen da, ikuspegi kritiko eta feminista batetik». Donostiako Zinemaldiarekin, Elias Kerejeta zinema eskolarekin eta Goethe Institut erakundearekin landu dute, eta Florian Wurstek egin du komisario lana. Chris Krausen obrari buruzkoan, berriz, Marti Manen izan da komisarioa, eta INDEX Swedish Contemporary Art Foundationen laguntzaz prestatu dute— Stockholmen ikusgai izan zen aurrez—. Iaz ziren Tabakaleran erakustekoak, baina, pandemiagatik, ezin izan zuten. Horrek, ordea, «bi bildumen arteko lotura oso interesgarriak» sortzea eragin du orain, Monteroren iritziz. Eta gaineratu du bi erakusketetan parte hartzen duten artistek jarrera «argiak» erakusten dituztela egun gizartean «funtsezkoak diren zenbait gai eta eztabaidatan; adibidez, feminismoa, gorputza, zaintza eta ingurumena».

Wurstek azaldu duenez, «gorputz indibidualen, kolektiboen, espazioaren, teknologiaren eta naturaren arteko loturak» ditu ardatz Zin Ex. Gorputza eta arkitektura-k; «pandemiarekin, distantzia sozialarekin eta itxialdiarekin bizi izandako esperientziari» erantzuten dio, eta etorkizunean nola bizi nahiko lukeen pentsarazi nahi dio ikusleari. Halaber, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako «zinema hedatuan eta arte feministan» ere sakontzen du bildumak, eta diseinu arkitektoniko esperimentalaren erreferentziak jasotzen ditu.

Aretora sartzean, instalazio batek egiten du harrera; Discoteca Flaming Star taldearen proposamenaren ardatza gorputzaren eta teknologiaren arteko harremana da, eta bideo lanak eta collageak uztartzen ditu. Eskuinera eginda, Ana Mendietaren hiru bideo daude: land art-aren bidetik, gorputza eta natura lotzen dituzte. Katja Davarren hiru margolan zuri-beltz eta bideo lan bat, Rory Pilgrimen instalazio bat, Haus-Rucker-Co taldearen obren lagin bat, Sohrab Hura argazkilariaren film labur bat, eta Dora Maurerren zuri-beltzeko bideo bat datoz jarraian, besteak beste. Eta, amaieran, Sergio Pregoren instalazio bat jarri dute: besteak beste, Miguel de Prada Poole arkitektoaren hainbat irudi erakusten ditu, pantaila puzgarri batean proiektaturik.

Pantailekin sortutako arkitektura berezi batek egituratzen du aretoaren ezkerreko hegala; «lanen arteko loturak eta bakoitzaren espazioa» antolatzen ditu, Wursten hitzetan. Askotariko obrak jarri dituzte horien artean edo horietan bertan, tartean Pepe Espaliuk 1992an Donostian egin zuen Carrying ekintza artistikoa jasotzen duen Ricardo Iriarteren argazki sorta; Stephanie Comilangen bideo bat, Hong Kongeko neskame filipinarrak protagonista dituena; Tomas Saracenoren pieza bat, zeinak askotariko armiarma espezieek beirazko kutxa batean eginiko sareak dituen oinarri, eta Michelle-Marie Letelierren instalazio bat, izokinen inguruko bere ikerketaren emaitza.

Zinematik literaturara

Pantailak dira nagusi beste aretoan ere; hormetan eta mahai baten gainean kokatutako monitoreetan, Chris Kraus (New York, AEB, 1955) idazle, editore eta arte kritikariaren filmografia osoa ikus daiteke. 1982 eta 1995 bitartean, bederatzi film osatu zituen; «esperimentatzeko haren desira» erakusten dute, Marti Manen komisarioaren hitzetan, baina «porrot» egin zuten, banatzeko eta aurkezteko ezintasunengatik. «Horren aurrean, literaturara jauzi egin zuen, eta filmak testu bihurtu ziren».

Manenen ustez, «Chris Krausen liburu guztiak ikusi egin daitezke; haren narratiba zinematik oso gertu dago. Izatez, haren liburu guztiek haren filmen inguruan dihardute». Hainbat liburu jarri dituzte aretoan, pelikulen alboan. Hala, Manenen esanetan, «izan zitekeen, izan zen eta gogoratzea interesgarria den zinema bat» ikus daiteke aretoan, «baita zuri-beltzean, paperean, irakurri ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.