Urrialdia pasatzeko zain

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Andoni Imaz.
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Liburuetan paperaren amaiera iragarri izan dutenak ez ziren ari materialaren agortzeaz, baina horixe gertatu da azken boladan. Paperaren urritasunak eta garraiorako arazoek buruhauste ugari eragin dizkiete argitaletxe eta inprimatzaileei, urteko azken txanpan, Durangoko Azokaren atarian eta Gabonetako kanpainarako prestatzen ari direla; salmentetarako garai garrantzitsu batean, edonola ere. Europa osoko hedabideek jakinarazi zuten lurrikara bat gertatzen ari zela; Euskal Herriko liburugileek, gutxiago edo gehiago, nabaritu dute dardara, eta batzuek planak aldatu behar izan dituzte.

Txalaparta argitaletxeari halaxe gertatu zaio. Inprentekin zituzten epeak «nahikotxo» luzatu zaizkie, Jon Jimenez editorearen esanetan, eta, liburu batzuk ateratzeko, ohi duten denbora halako bi behar izan dute. «Urteko azken parteko plangintza zoramena izaten da beti; Durangoko Azokara heldu behar dugu, eta inprentak estutu egiten ditugu epeekin. Aurten, arazo handiak izan ditugu irailetik hasita».

Susa argitaletxekoek, hornikuntza arazoak zeudela irakurtzen hasi zirenean, Itxaropena inprimategira jo zuten galdetzera, badaezpada: «Aurten, tiradarik handieneko liburuak dira inprimatzera bidali ditugun azkenak, eta, horretarako paper gehiago behar denez, aurreratu egin ginen», azaldu du Leire Lopez editoreak. «Normalean, ez dugu galdetzen egongo diren ala ez, ez delako egoten arazorik. Gerta liteke beste liburu batekin dabiltzalako gehiago tardatzea, baina ez ezin inprimatuta geratzea». Azkenean, gorabehera handirik gabe atera dituzte liburuak.

Arazoa azalak egiteko kartoi mehearekin izan dute, ordea: «Beste kartoi mehe bat erabili behar izan dugu. Ez dago alde handirik, baina normalean erabiltzen duguna lortzea konplikatua zen, asko atzeratzen zelako». Ohiko bidea epez kanpora luzatuko zen.

Zer gertatu da, baina? Papera garestitzen hasi zen orain dela hilabete batzuk, eta urriaren hasieran izan zen igoerarik handiena: %25ekoa batez beste, Iñaki Illarramendi Leitzaran inprimategiko kudeatzailearen arabera. Azaletarako-eta erabiltzen den kartoiarena, are gehiago: «Asko Txinatik etortzen da, eta igoera batzuk %50-60koak izan dira». Hortaz, azal gogorreko liburuek izan dituzte arazorik handienak, fabrikatzeko prezioa %40 inguru igo delako.

Papera Europatik iristen da inprimategietara, Europaren iparraldetik gehienetan. Inork ez du krisiaren esplikazio argirik, baina bat datoz zati batzuetan: lehen Txinan ekoizten zuten argitaletxe handiak Europan ekoizten hasi dira, han epeak luzatu egin direlako eta garraio gastuak asko garestitu direlako. Oro har, liburuen kopurua ere handitu da, eta argiaren prezioaren garestitzeak ere izan du eragina. Materiala eskastu da (papera, kartoia, kola, plantxak...), eta prezioa igo.

Susak eta Txalapartak ez dute sumatu garestitzerik orain arteko fakturetan, baina hurrengoetan etorriko delakoan daude. «Inprentek abisatu zuten azarotik aurrera %30 igoko zela papera», azaldu du Jimenezek. «Ez da izango fakturaren %30 gehiago, papera inprentaren barruko gastu bat delako, baina igo, igoko da, esan digutenez».

Oraingoz, prezioena baino gehiago nabaritu dute eskaeren atzeratzea. Illarramendik azaldu du inprimategiek bi motatako eskaerekin lan egiten dutela: stockean dauden neurriekin, eta neurrira eskatutakoekin. «Stockekoa, gaur eskatu, eta bihar hemen dago. Horrela izan da beti». Gaur arte: «Baliteke eskatu, eta ez egotea. Ez baldin badago, bila hasi behar duzu, ea bakoitzak zer daukan. Normalean, kopuru txikitan lortu egiten da, %25eko igoerarekin».

Prezioaren gorabeherak

Problema handiagoak izaten dituzte produktu bereziekin, literatura bildumetarako eskatutako neurriekin. «Kopuru handiak eskatzen ditugu, nahi dugun neurrira; hori ja fabrikazioa da». Orain arte, paper normala bi edo hiru astera iristen zen; gaur egun, bi edo hiru hilabeteko epea ematen diete inprimategiei. «Eta batzuek ez dute hitz egiten prezioaz, haiei ere ez dietelako ziurtatzen zer preziotan egingo duten».

Illarramendik pandemiako beheraldiaren ondorengo egoeran kokatu du krisia: «Nahiz eta liburuek funtzionatu duten, papera ez da bakarrik liburua. Guk liburuak egiten ditugu gehienbat, baina beste gauza asko ere bai, eta produktu pila bat ez da egin: publizitatea, aldizkariak, katalogoak... Horrelakoetan, papera ez da ezinbestekoa. Pandemiako etena igaro, dena martxan jarri, eta bat-batean ez dago paperik. Denbora beharko da eskaria eta eskaintza berriz neurrira etortzeko».

Aldaketa handia izan den arren, Illarramendik ohar bat egin du: «Ni honetan hasi nintzenetik, orain dela hogei urtetik, paperaren prezioa ez da igo. Beti saiatu dira, baina merkatuak ez die utzi». Jimenezek ere ez du horrelako igoerarik ezagutu Txalapartan daramatzan hamar urteetan, baina zaharragoak diren editoreek esan izan diote lehen, duela hogei bat urte, normalagoa zela horrelakoak gertatzea. «Haien susmoa zen fabrikatzaileek eta paper enpresek atxikitzen zutela papera, prezioak igotzeko, eta egungo egoera ere egon liteke horri lotuta».

Jimenezek burujabetzarik ezarekin lotu du egoera: «Euskal Herrian papertegi pila bat desagertu da, eta horrek eragina dauka, kanpora joan behar zarelako erostera, eta badakigu horrek zer eragin duen: gero eta kontrol txikiagoa dugu egoeran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.