Albistea entzun

Euskara

Baionan kantuz airez aire

Baionan Kantuz-ek 25 urteak ospatuko ditu egun, 11:00etan, Xingar Feriaren karpan. Ikastolako gurasoek sortu zuten taldea, euskal kantu herrikoiari boza berriz emateko.
Baionan Kantuz-en hogeigarren urtemugaren karietara antolatu zuten besta, duela bortz urte.
Baionan Kantuz-en hogeigarren urtemugaren karietara antolatu zuten besta, duela bortz urte. MARC VAN LOEY Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko apirilak 23

Euskal kantagintza belaunaldiz belaunaldi iraunarazi «la, la, la sinpletik at», eta, Baionako ikastolari diru iturri bat eskaini: horiek dira eta izan dira Baionan Kantuz-en bi helburu nagusiak.

Badira 25 urte hilabeteko laugarren larunbatean euskaraz kantatzeko juntatzen direla Baionako karriketan. Egun ospatuko dute urtebetetzea, 11:00etan, Roland Barthes gunean.

Orduko hartan ere, Baionako karrikek ez zuten biziki aditzen euskararik, ez eleka, ez abesten ere. Ikastolako guraso taldea bozen berotzen hasi zen arte, talo eta mutxikoen artean. Mutxikoak modan jarri baitziren garai hartan, Angelun (Lapurdi) konparazione, ikastola sortzeko xedearekin abiatu zituzten.

Gillom Irigoienek ongi gogoan du abiatze hura: «Mutxikoak biziki modan ziren orduan, denetan garatzen ari. Egia erran, ez gara batere dantzariak. Haatik, 1996ko Olentzero bestan, buraso andana bat hasi ginen kantuz. Garai hartan, sortzen hasiak ziren euskal kantu herrikoien ikasteko talde batzuk». Irigoienek berak, Seaskaren 25 urte kari, kantua izkiriatu zuen, eta horren musikatzeko lagun «taldexka» bat bildu zen. Baionako bestetan ere, «informalki» jota pare bat botatzen hasi ziren, Dantzazpiren -mutxikoak ikasteko hitzordua- ondotik.

Testuinguru eferbeszente hartan, Marie Christine Aragon taldekideak proposatu zuen, mutxikoen ber moldean, hitzordua finkatzea hilabetean behin kantuz aritzeko, Baiona erdian, merkatutik hurran. «Inguruan ziren ikastolako guraso kantari, soinulari, gitarra joileak bildu genituen... halako tuna bat bezala bazen», gehitu du Irigoienek.

Hartan, kantatzeko toki bila hasi ziren, Baiona erdigunean nahi baitzuten. Hastapenean, Beñat Lakarra plazak estreinatu zuen kantari talde kimuaren hitzordua. Bertan botatzen zituzten dozena erdi bat kantu, merkatuan segitu aitzin, hortik zinez hurbil. Eguberri kari abiatu zena uztailera arte luzatu zen, betiere hilabetean behin juntatuz.

Hala, urte hartako Baionako bestek egituratu zuten zinez Baionan Kantuz egitasmoa: «Dantzazpin, Baionako euskal munduaren hitzordu nagusietako batean, jota batzuk bota genituen. Ondotik, Nat Cazarek gitarra baitzuen, hasi zen Epherra kantatzen. Ibaialde elkarteak argitaratzen zuen Kanta Leon kantu liburuxka sakelatik atera genuen, eta hola hasi ginen. Jendeak hor deskubritu gintuen».

Ordura arte berrogei guraso bildu izan ziren, eta bestetatik harat gehiago hurbiltzen hasi ziren hilabeteroko hitzordu hartara. Merkatuko galeriarat joaten hasi ziren: «Horrek sekulako efektua egin zuen. Hola zen sortu. Mikrorik gabe, zen bezala, dozena erdi bat gitarra joilerekin. Ikusgarritasun bat eta espazioa eman zizkion euskal kantu herrikoiari», laburtu du Irigoienek.

Hasian hasi, isildu gabe, pertseberantziaz, bizpahiru urteren buruko, ahotsaz gain, «merkatuko irudia» ere bilakatu ziren. Medioetan Baiona aipatzen zutelarik, merkatua agertzen zen, eta merkatuan, Baionan Kantuz. Pyrenees aldizkarian, konparazione. Are, frantses telebistako emankizun baterako, hilabeteko laugarren larunbata ez bazen ere, kantari talde bat joanarazi zuten grabatzeko. «Ohartarazi zuten: 'A bai, hemen beti hola da'», erran du irriz Irigoienek. Hainbertzerainoko arrakasta bildua zuen Baionan Kantuz-ek, non segurtasun arazoak ere agertu baitziren: partida egun batzuez merkatua «zanpez betea» zela, ezin zirela sartu, jende soberakinak eragotzirik. «Urte ikaragarri oparoak izan ziren; Baionaren irudia bilakatu zen Baionan Kantuz». Tximeleta efektuaren lehen hegal ukaldi haiek eragin nazionala izan zuten: «Iruñean talde bat edo bi sortu baitira geroztik; Donostian, Gasteizen, Bilbon ere kantatzeko hitzorduak hedatu ziren, kantu herrikoiaren plazaratzeko».

Urrats bat harago, Baionan Kantuz-ek diskoak grabatzeari ekin zion: Xabi Pery musikaria dela medio; baitzuen estudioa Miarritzen (Lapurdi). Horiek hola, lau disko atera zituzten, eta, duela hamar urte, bosgarrena: «Ikastolako gurasoak ginen denak, eta pentsatu genuen sosa sarrarazteko zergatik ez grabatu. Itsuski herrikoia da lehen diskoa; ikaragarriko arrakasta bildu zuen, hor baitira oinarrizko euskal kantuak. Denek gogoan dituztenak».

Hala, diru irabazpidea izateaz gain, Baionan Kantuz-ek diskoak ateratzearekin taula gainera igaitea baino, bertze xederik bazuen: euskal kantu herrikoien «behar bezalako» hitzak eta akordeak ematea, eta haien hedapena: «Kantu herrikoiari ahots bat emateko». Izan ere, hamar urte lehenago haien erabilera hasi baitzen ttipitzen, «ostatuetan musika sartuz geroztik galdu baitzuen kantuak bere espazioa. Horrelako moldeak berriz ekarri zuen espazioa kantuari, gainera hiriari izugarri ongi egokitua, karrikan segidan martxatzen den gauza da», oroitu da Irigoien.

Mende laurdeneko ibilbidean, taldeak ekarri du edozein besta edo animaziotan une batez elkarrekin kantuz aritzeko espazioa, Herri Urratsen adibidez. Horren kausitzeko, urtero sakelako kantu liburuxka atera ohi du, non ez den pandemia garaiko etenaldian.

Nola ez, aurten ez du huts eginen: egun berean aurkeztuko baitu, Xingar Feriaren karpan, 10:45ean, 11:00etan tanko kantuz hasteko. Liburuxkari, aldi oroz, kantuak gehitzen dizkiote. Honetan, Gernikako arbola, iaz bete baitziren bi mende Iparragirre sortu zela. «Gontzal Mendibilek mugimendu bat bultzatu zuen Gernikako arbola gure ereserkia bilaka dadin: horregatik sartu dugu», xehatu du taldekideak. Ken Zazpiren Ilargia; Urtxintxak oihanean eta Guk taldearen Arbola gainean ere erantsi dizkiote errepertorioari.

Orkestra «fenomenala» lagun, Baionan Kantuz taldeak nabigatuko du euskal kantu herrikoien barkua, ez dakienak segi dezan. Haiekin batera, Barakaldotik, Iruñetik eta Bigorratik juntatuko zaizkio kantu talde lagunak egun. «Eman zuen boza Baionan Kantuz-i!», gomita egin du Irigoienek.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Erroiz olio enpresako kideak, Oinatz Bengoetxea pilotari ohia erdian dutela, atzo. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urre berdearen zukua dastagai

Unai Etxenausia

Lantziegoko Erroiz olio enpresak oliba olio birjina estra berria aurkeztu du. Aurten, Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu dute Sustraiak zuku izarra dastatzera.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea. ©BERRIA

Natura poltsikoan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Behatu litezke mendiak, onddoak, hegaztiak, landareak, zeruak... eta bahetu litezke ondoren behaketak. Adituek diote erabilgarriak, errazak eta herritarrak zientziara hurbiltzeko lagungarriak direla, baina tentuz erabiltzekoak ere bai, ez dutelako beti bete-betean asmatzen.

Jose Ignacio Jauregi —eskuinetik hasita bigarrena—, lankideekin, Michelin izar berdea esku artean dutela. ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Ongi elikatutako txerriek zapore hobea dute»

Amaia Jimenez Larrea

Lekunberriko Maskarada jatetxeak Michelin izar berde bat lortu du orain gutxi. Jatetxearen jasangarritasuna saritu dute, 'euskal txerri' izeneko arraza nola tratatzen duten aintzat hartuta.
 ©TAMARA ARRANZ

Ez ote da beranduegi autoeskolarako?

Mikel Yarza Artola

Borja Cobeagak 'No me gusta conducir' telesaila estreinatu du, gidabaimena 40 urterekin atera nahi duen gizon baten inguruko komedia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...