Kirmen Uribek irabazi du Laboral Kutxa-Eusko Ikaskuntza saria

Euskal literaturaren «berritzaile nagusietako bat» eta euskararen eta euskal kulturaren «enbaxadore argia» izateagatik eman diote saria

Kirmen Uribe idazlea, 2021eko abenduan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Kirmen Uribe idazleak irabazi du aurtengo Laboral Kutxa-Eusko Ikaskuntza saria. «Nazioartean arrakasta handia izan duen bere sormen lan bikainari esker, Kirmen Uribek curriculum nabarmenena irabazi du», adierazi du epaimahaiak. Haren arabera, XXI. mendean euskal literaturaren «berritzaile nagusietako bat» izateagatik eman diote saria, eta nazioartean euskararen eta euskal kulturaren «enbaxadore argia» izateagatik. «Gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna», adierazi dute. «Eta, umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko».

Uriberen lanaren «izaera humanista eta irekia» nabarmendu dute, eta haren «ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua» goraipatu. Idazlearen lanaren nazioarteko proiekzioa nabarmendu dute. «Haren lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Haren ospea Txina eta Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak urteko onenen artean daude herrialde horietan».

Kritikaren aitortzapean

Ondarroako idazlea (Bizkaia) arrantzale sendi batean jaio zen. Poesia lantzen hasi, eta, besteak beste, inguruko musika taldeentzako hitzak sortu zituen gaztetan. Landu zituen gaien artean antimilitarismoa zegoen, intsumisoa izan baitzen. Bitartean heldu eskutik (2001) poesia bildumarekin egin zen ezagun; Kritika Saria eskuratu zuen, eta hainbat hizkuntzatara itzuli zuten. Horien artetik, ingelesezkoak ireki zizkion AEBetako literatura munduko ateak. Apaltasunari eginiko gorazarrea dago horretan, besteak beste, kritikariek nabarmendu dutenez.

Bilbao-New York- Bilbao (2008) lehenengo eleberrian, berriz, autofikzioa landu zuen. Idazlea protagonista bihurtuta, familiaren historia, benetako bizipenak eta fikzioa nahastu zituen, baina nostalgiatik urrun.

Tokian tokikoa eta globalaren arteko dikotomia faltsua dela erakutsi du bere lanarekin: Ondarroa jaioterria eta New York txanpon bereko bi aurpegi izan daitezkeela, alegia.

Horrez gain, goraipatu izan diote komunikatzeko bide berriak jorratu dituela, irakurlearen, literaturaren eta munduaren arteko zubiak eraikitzeko. Horren adibidea da, esaterako, Uribek BERRIAn duen asteroko podcasta: New Yorkeko Munduak. Hainbatetan esan du bere erreferentziak Jon Mirande, Joseba Sarrionandia, Iñigo Aranbarri, Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano direla, besteak beste. «Hainbat dira asko gustatzen zaizkidan idazleak. Ez naiz ezer aurreko idazlerik gabe: kritika literarioa idazle gehiagok merezi dute».

Lehen ere sari ugari irabazitakoa da. 2007an, finalista izan zen AEBetako PEN sarian, poesia itzuliaren atalean, Bitartean heldu eskutik lanarengatik. Horrez gain, Kritikaren Saria eskuratu zuen 2002an, 2009an eta 2016an, eta Espainiako Literatura Sari Nazionala 2009an. 111 Akademiaren saria ere jaso zuen 2016an. Bide horretan plazaratu dituen lanen artean daude, besteak beste, Mussche (2012), Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eta Izurdeen aurreko bizitza (2021) eleberriak; eta 17 segundo (2019) poema bilduma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.