Jabiertxo Andiarena. Musika Bulegoaren ordezkaria

«Musikaren sektoreak instituzioetatik gertu egon behar du»

Euskal Herriko musika industria «batu eta bultzatzeko» asmoz jaio da Musika Bulegoa. Musikari, antzoki jabe, konpositore eta enpresen elkarteen batuketaren emaitza da.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Musika arloko lau elkarteren ekimenez jaio berri da Musika Bulegoa, bai Euskal Herrian sortutako musika «babesteko» asmoz, bai eta sektorean dabiltzan hainbat eragile batzeko xedez. Pribatuak dira hauspotu duten lau eragileak:30 bat musika areto pribatu batzen dituenMusika Live Euskal Herriko Aretoen Elkartea, 40 enpresa hartzen dituen MIE Musika Industriaren Elkartea, 180 musikari batzen dituen Musikari eta 100 bat konpositore jasotzen dituen Musikagileak. Momentuz, lau elkarte horien bilgunea izango da; aurrerantzean, baina, agente gehiago erakarri nahi ditu. Diotenez, musikarietatik hasita teknikarietaraino doan zirkuitu osoko partaideak hartu nahi dituzte. «Transbertsala da, musika sektore guztiei zabalik dago:amateur jendeari, herriko elkarteei, sortzaileei... Musika Bulegoaren zentroa musika da». Bertako idazkaritza teknikoko arduraduna da Jabiertxo Andiarena (1964, Iruñea), eta proiektuaren lehen zertzeladen nondik norakoak azaldu ditu.

Musika sektoreko eragileen arteko «lankidetza gunea» izan nahi du Musika Bulegoak, baina zertan datza lankidetza hori, zehazki azalduta?

Aspaldi, Euskadiko Soinuak sortu zen [Eusko Jaurlaritzak euskal musika bultzatzeko sorturiko programa], bai eta mahai sektorialak ere. Orduan, egun MB sortu duten elkarteak batu ziren, eta musikaren sektorearen inguruan eztabaidatzeko eta hausnartzeko beharra ikusi zuten.

Zein da egitasmoaren helburua?

Euskal musika lehen lerroan jartzea, kalitatezko marka bat sortzea. Musikaren kate osoa berpiztea.

Baina, zehatzago hitz eginda, zer egingo duzue praktikan?

Aurten, bulegoa egituratzen ari gara, eta barruko lana egiten gabiltza, batez ere. Udaberriko kanpaina egiten lagundu dugu, kontzertu didaktiko batzuk, eztabaidak, hitzaldiak eta abar sustatuz. Ez da kontzertuak antolatzea bulegoaren eginkizuna. Lan ildo asko dauzkagu: koordinazioa eta zerbitzuak, sektore eztabaidak, formazioa, sentsibilizazioa, difusioa eta kanpoko presentzia.. Adibidez, Etxepare Institutuarekin batera, euskal musikaren kanpo zabalpena landuko dugu.

Euskal Herrian egindako musika babestuko du, ala euskaraz egindakoa?

Eszena orokorrean lan egiten dugu: gazteleraz, euskaraz, ingelesez... bai eta musika instrumentalarekin ere. Musika bere osotasunean hartzen dugu.

Zein beharretatik abiatzen da? Zein gabeziatik?

Ikusi genuen ez zegoela martxan halako ekimenik, eta beharrezkoa zela.

Erradiografia bat egitea komeni. Nola ikusten duzue Euskal Herriko musika eszena? Sasoiko al dago?

Asko jaitsi da. Badauzkagu musika proposamen oso aberatsak, baina zaila da horiek lantzea eta zabaltzea. Zaila da komunikabideetan azaltzea, jendea kontzertuetara joatea; salmenta jaitsi egin da... Kanalak oso ahulak dira.

Eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza du Musika Bulegoak oinarri, ezta? Hori al da hartu beharreko bidea?

Ea ba, berez, Bulegoa eragile pribatua da, printzipioz; baina izaera publikoa du, transbertsala izan nahi du, irekia... Bide horretatik, uste dugu gauza batzuk eragile publikoekin ados ditzakegula.

Zuek erakunde publikoekin batera egin nahi duzue lan. Aurkezpenean, esaterako, aipatu zenuten Eusko Jaurlaritzarekin batera adostu nahi zenituztela industriari dagozkion politikak.

Haiekin kolaboratzeko eta haien babesa izateko prest gaude. Beharrezkoa da elkarlana. Argi dago hobe izango dela denontzat politika kulturalak eragile pribatu eta publikoen artean adostea: instituzioentzat eta politikoentzat errazagoa izango da, eta sektorearentzat ere bai. Euskal musikaren sektoreak instituzioetatik oso gertu egon behar du.

Seguruenik, artista askok ez dute ikuspegi hori konpartituko,erakunde publikoekin batera aritzeak sorkuntzari hesiak jar diezazkiokeelakoan.

Normala da denek ez konpartitzea gure ikuspegia. Sortzaileen mundua oso librea da, eta hori ere oso legitimoa da. Batzuk hurbilduko dira, eta beste batzuk, ez. Behintzat, momentuz, oso ongi sartu da ekimena, eta jende pila batek deitu digu.

Euskal Herriko musika jarduerarekin «lotutako guztiak apurka- apurka batzea» da xedea. Indar metaketa, alegia. Nola lortuko duzue?

Elkartea lau elkartetatik sortu da, lau elkarte horiek zuten esperientzia oinarri. Baina beste enpresa edo partikularrek ere parte har dezakete.

Musikariak, teknikariak, ekoizleak, antolatzaileak... makina bat jende elkartu nahi duzue. Zein pisu izango du bakoitzak bulegoan bertan?

Desberdina da kide bakoitzaren aktibitatea, tamaina, tipologia, errepresentibitatea, eta, beraz, mahai desberdinak izango ditu Bulegoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.