Euskal selekzioaren aldeko ibilaldia

Ofizialtasuna martxan jarriz

Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko dute gaurtik aurrera Nafarroan barna egingo duten mendi martxan: zortzi egunetan, Deikaztelutik Agoitzera joango dira

2016ko selekzioen aldeko mendi martxaren hasiera, Leitzan. JON URBE / FOKU.
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Deikaztelutik Lizarrara, Lizarratik Garesera, Garestik Larragara, Larragatik Tafallara... horrela, Agoitzera iritsi arte. Izan ere, Nafarroan barrena ibiliko da euskal selekzioen aldeko hemezortzigarren mendi martxa. Gaur abiatuko dira Deikaztelutik, eta datorren larunbatean amaituko dute Agoitzen. Zortzi egunean zortzi etapa egingo dituzte parte hartzaileek. Hainbat leku bisitatu eta ezagutuko dituzte mendi martxan; hala ere, gogoan izango dute uneoro egitasmoaren helburu nagusia: «Selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarriak batzen gaitu gu, eta hori da gure ekimenaren ardatza», Txumai Iturria, euskal selekzioen aldeko mendi martxaren antolatzaileak adierazi duen moduan.

Iturriak esan du mendi martxa oinarrizkoa dela selekzioen ofizialtasunaren gaiari oihartzuna emateko: «Bisitatzen ditugun herrietan kontzientzia pizten saiatzen gara». Mendi martxa, bestalde, aukera paregabea da jende eta ikuspuntu berriak ezagutzeko. Iturriak dioenez, parte hartzaileen artean «giro ederra» sortzen da: «Bisitatzen ditugun herrietako jendearekin ere harreman estuak egiten ditugu: hori da benetako aberastasuna».

Bere bidean aurrera

Hemezortzi urte pasatu dira lehenengo mendi martxa antolatu zutenetik, eta, Iturriaren ustez,egitasmoaren oinarriak ez dira aldatu: «Euskal herritarrok eskubidea dugu gure selekzio propioak izateko, eta horiek ofizialtasunean lehian ikusteko». Urte horien guztien ondoren, helburu nagusiak hor dirau, eta hainbat ekintza burutu dituzte euren helmugara iristeko. Orain lau urte, esaterako, mendi martxa Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarren aurretik igaro zen, klase politikoari erakusteko ofizialtasunaren gaiari heltzeko ordua zela. Izan ere, Iturriaren iritziz, «selekzioen ofizialtasuna lortzea, lege kontua baino gehiago, borondate kontua da».

ESAIT ere duela hogei urte inguru sortu zuten, selekzioen aldeko mendi martxa baino urte batzuk lehenago. ESAITek sustraitu zuen mendi martxaren ekimena, eta, nolabait, norabidea ere eman zion. Iturriaren iritziz, mendi martxak ESAITen hutsunea sumatzen du: «Lehen, ESAITen barruan, mendi martxak babes handia zuen: orain ekimena isolatuagoa da». ESAIT desagertu arren, mendi martxak bere bidean aurrera egin du, eta Iturriak adierazi duenez, etorkizunerako ere lana izango dute: «Norabide egokian goazela iruditzen zaigu: gure ekimena xumea bada ere, bere ekarpena egiten du».

Gertatutakoak ezagutzeko

Mendi martxako ibilbideak ere bere garrantzia du, nahiz eta gai zentrala selekzioen ofizialtasuna izan. Ekinbidearen koordinatzaileek, hori kontuan izanik, hainbat ekintza antolatzen dituzte urtero. Horregatik, parte hartzaileek aukera izango dute bisitatzen dituzten herrietan jazotako gertakariak ezagutzeko eta bestelako gaiez jarduteko: Montejurran, esaterako, Karlismoaren inguruko hitzaldi bat jasoko dute. Larragan, bestalde, memoriaren parkea bisitatuko dute. Artaxoan, historialari batek hango gotorlekuaren inguruan hitz egingo die. San Martin Unxetik Kasedara, hizkuntzalari bat euskararen inguruan arituko zaie. Irunberriko arroilan, azkenik, ETAren eta Guardia Zibilaren arteko tiroketa baten berri izango dute.

Euskal selekzioa martxan lelopean kilometro asko egingo dituzte datozen zortzi egunetan. Izan ere, Iturriak argi dauka helburuak ez direla geldirik lortzen, eta hemezortzi mendi martxetan emandako pausoak baliagarriak izan direla: «Urte guztietan egindako lanak hor dirau, eta noizbait erantzuna jasoko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.