Artearen lekuak. Nafarroako Museoa

Bidaia bat Nafarroaren iragan erromatarrera

Nafarroako Museoko mosaikoen artean, Ramaleteko jauregiko bi daude, IV. mendekoak; handiak eta ongi kontserbatuak.

Bisitari bat Nafarroako Museoan, Ramaleteko bosgarren aretoko mosaikoari begira. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ekaineko arratsalde bat, Iruñean. Beroa itogarria da. Normaltasunera igarotzeko bidean da hiria, eta kultur eskaintza ere berreskuratzen ari da. Horrek aukeratu beharra dakar, eta gaur inor gutxik aukeratu du Nafarroako Museoa bisitatzera joatea. Kanpoan pertsona bakarra dago, segurtasun langile bat, zigarro bat erretzen, museoko atari handiaren kontra jarrita, geldirik. «Arratsalde on». Atea gurutzatzearekin batera antzeman daiteke apenas dagoela mugimendurik museoan. Ez dago batere gaizki, halere, horrek artelanez lasai gozatzeko parada ematen baitu. Bisitariaren helburua bi pieza dira: Ramaleteko jauregiko bi mosaiko, bosgarren aretokoa eta zortzigarrenekoa —Dulcitusen mosaiko gisa ezaguna—. Villa erromatar hori egungo Tuteran (Nafarroa) aurkitu zuten, Tarraconenseko probintzia zen tokian.

Eguneroko erritmora itzultzen ari da Nafarroako Museoa, baina langileak egoerara egokitzen ari dira oraindik ere: begiak sarrerarantz zuzentzen dituzte norbait han azaldu bezain laster, eta heltzen den bakoitzari modu atseginean azaltzen diote zer jarraibideri segitu: «Ez dago gauzak armairuetan gordetzerik, eta lurrean geziekin markatutako ibilbideari jarraitu behar zaio». Kontuak aterata, bisitari baino areto zaintzaile gehiago dago.

Lehenengo geldialdia Ramaleteko jauregiko bosgarren aretoko mosaikoa da. Sarreratik gertu dago, eta erraz heltzen da hara, baina langile batek pieza dagoen tokiraino lagundu dio bisitariari, eta bakarrik utzi du gero: «Goza ezazu». Hasi da bidaia.

Koldo Txamorroren Santo Christo Iberico erakusketa hartzen duen aretoko pareta baten beste aldean dago mosaiko erromatarra, liturgien zuri-beltzeko argazki misteriotsuen eta argi gorriz osatutako gurutzeen ondoan. Arte garaikidetik erromatarrera, pareta bat zeharkatuta. Haren tamainarengatik dute hor pieza, zentzuzkoena bere garaikoekin batera egotea bailitzateke; baina, hala, iragana eta orainaldia gurutzatzen dira espazio berean, eta hori da, hain zuzen ere, museoaren helburuetako bat.

Artelanak lehen kolpean harrapatu du ikuslearen begirada. Piezara hurbildu beharra dago hura ikusteko: paretaren kontra jarrita dago, bertikalki eta argiztatuta. Espazioaren bakardadean, mosaikoaren xehetasunei arretaz begiratu ahal zaie. Forma karratua du. Ertzean, loreekin osatutako marrazki bat dauka; jarraian, mosaikoaren zatirik handiena hartuz, bi txirikordak osatutako segida bat; eta erdian, koadro bat. Koadroan bi aingeruk eusten duten loreontzi bat da protagonista. Koloretako tesela txikiekin xeheki osatuta dago guztia. IV. mendean sortu zuten mosaikoa, baina ia narriadurarik gabe heldu da gaur egun arte: hori da, preseski, Ramaleteko mosaikoen bereizgarri nagusietako bat. Kasik bere horretan erakusten dutela duela hamazazpi mendeko artea.

Bigarren geldialdia: zortzigarren aretoko mosaikoa, Dulcitiusen mosaikoesaten zaiona. Ramaletekoen artean entzutetsuena da hori, baina, lehen kolpean, ez du hartzailearen arreta erakarri bisitatu duen lehenak bezain biziki, dagoeneko bai baitaki zer motatako lanarekin egingo duen topo. Oraingoan ere langileen azalpenei esker jakin du non aurkitu pieza: «Sotoan dago, historiaurreari eskainitako gelaren erdi-erdian». Hala da: eskailera maila guztiak jaitsi aurretik jada ikusten da. Zirkularra da, eta zoruan jarrita dago, ia espazio osoa hartzen duela. Paleolitotik Brontze Arora arteko piezek, Abauntz haitzuloko aztarnategiko materialek eta Burdin Arokoek lagun egiten diote, hiru beira arasetan.

Berriz ere, espazioa hutsik dago, eta beste areto batean proiektatutako bideo baten soinuak baino ez du apurtzen isiltasuna. Aretoa zirkularra da, eta horrek mosaikoaren jatorrizko kokapena irudikatzea errazten du: areto oktogonal bat, etxaldeko bereziena; ustez, jabearen logela. Piezaren inguruan ibilita hobeki bereizten dira haren elementu guztiak, ez baitira gutxi. Mosaikoak 7,35 metroko ardatza du, eta erdiko medailoia da haren zatirik garrantzitsuena: hor agertzen da Dulcitius jauna, zaldi gainean, ehizan. Hain zuzen ere, eraikinaren jabea izan zitekeela uste dute ikerlariek.

Preziatuenetakoak

Bi artelan horien eta Ramaleteko gainontzeko pieza guztien aurkikuntza ezustean gertatu zen: Tuterako Carasusan familiako kideak euren lursailean indusketa lan batzuk egiten ari zirela, teilak eta zeramika zatiak aurkitu zituzten. 1946ko udazkenean, Vianako Printzea erakundeak indusketak abiatu zituen. Oso azkar, lanak hasi eta ordu erdira, mosaiko bat aurkitu zuten. Nafarroako Museoko biez gain, beste mosaiko bat ere bazen, eta egun Espainiako Arkeologia Museoan dago. Multzo arkeologikoa hemezortzi gelak osatzen dute, eta horietatik ia erdiak ikertu dituzte. Termak ere bazituen, Hispaniako garai berantiar-zaharretik hobekien kontserbatu direnetakoak. Baina indusketa lanak eten egin zituzten, eta, beraz, planimetria ez dago erabat osatuta.

Nafarroako Museoan garai ezberdinetako hainbat mosaiko daude. «Horien artean, Ramaletekoek, arte ikuspegitik, balio berezia dute, haien tamainarengatik eta kontserbazioarengatik, eta Dulcitiusenak erdiko medailoiarengatik ere bai», azaldu du Marta Arriola museoko bilduma arduradunak. Sarreran dagoen areto zaintzaile batek erantsi du jende asko joaten dela mosaikoak bisitatzera, eta hainbat, espresuki, Ramaletekoak ikustera, aldez aurretik haien historia ezagututa. «Eta ezagutzen ez dutenak harritu egiten dira ikusten dituztenean». Ez baita gutxiagorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.