Artearen lekuak. Durangoko Arte eta Historia museoa

Geroratutako harrera bat

Infinituraino luzatzen dira batere janaririk ez duten mahaiak Durangoko Arte eta Historia Museoko hirugarren solairuan, Mari Puri Herreroren 'Jangela' koadroan.

Sukaldariz jantzita dirudien pertsonaren keinuak gobernatzen du Mari Puri Herrero artistaren Jangela margolanaren erdialdea. TXELU ANGOITIA.
Inigo Astiz
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Heriotzaren porrotaren berri ematen du oker burokratiko xume batek, hiru metro zabal eta ia bi metro altu izango den kartoi gaineko Erromeria margolan koloretsuaren bazterreko afixatxoan. «Jose Luis Zumeta, Usurbil 1939». Durangoko Arte eta Historia Museoko goiko aretoko lasaitasunean (Bizkaia), oraindik ere bizirik jarraitzen du margolariak, tarte batez behintzat, harik eta plaka berria heltzen den arte. Oraingoz uztaila da, eta nagiak kentzen dirudi munduak Etxezarreta jauregiko hirugarren solairuan. Hor daude artelan garaikideak. Kirrinka apal batzuk egiten ditu zurezko lurrak bisitariaren urrats bakoitzarekin, eta teilatuan dabilen uso baten hego astinaldia ere bereizi ahal izaterainokoa da isiltasuna. Bitartean, Mari Puri Herreroren koadroan (Bilbo, 1942), sekula heltzen ez den otordu baten zain jarraitzen du jendetzak, apenas lekukorik gabe. «Jangela, 1978-1980».

Aretoko lau hormetako baten erdi-erdian, infinituraino hedatzen den jantoki bat irudikatzen du koadroak. Mahaiak eta mahaiak, bata bestearen atzean, denak jendez beteta; taldeka batzuk, solasaldi kezkatuan, bakardadean murgilduta besteak, isilik, baina guztiak otzan eserita jatekorik inondik ageri ez duten mahai zurietan: esperoan, ez dago argi zertarako, baina esperoan, agian, espero hutsean.

Herrerok sasoi hartan lantzen zuen pintura onirikoaren adibide argia da margolana, eta lanaren neurriek are nabarmenago bilakatzen dute etsipen giroa Durangoko museoan. Izan ere, ikuslearen tamainaren paretsukoak dira lehen planoko figurak. «Errealismo magikoa» deitu izan diote adituek artistaren estiloari. Artegagarri, era berean erakargarri.

«Sar zaitezke, baina itxoin»

Sukaldariak eskuarekin egiten duen keinuak gobernatzen du koadroaren erdialdea. Lehen plano erabatekoan, zubi moduko bat eraikitzen du haren eskortzoak koadroaren barrutik hasi eta ikuslearen errealitateraino. «Sar zaitezke», dio, «baina itxaron». Eta hala geratzen da ikuslea ere harrapatuta, geroratutako harrera horretan, koadroan irudikatutako gainontzeko jatun guztien antzera. Koadroaren eskuinaldetik bisitariari zuzen begiratzen dion emakumearen begiek indartzen dute sentsazioa. Eta koadroaren paradoxa elikatzen dirudi koronabirusaren sasoiak, gainera. Museoan bertan, adibidez, ate automatiko batek egiten dio lehen abegia bisitariari, eta berehala ixten dio bidea zinta batek, aurrez aurre duen eskaileran. «Sartu zaitezke, baina itxaron: jantzi maskara, igo igogailuan, jaitsi eskaileretatik, eta jarraitu lurrean marraztutako geziek markatutako norabideari».

Pandemiaren hedapena geldotzeko ezarri zen itxialdiak iraun bitartean, bildumaren parte diren artelanei buruzko bideo bana argitaratu zuen sare sozialen bidez Durangoko Arte eta Historia Museoak astero. Hirugarren pieza eskaini zioten Herreroren jangelari. Bilduman artelan gehien duen sortzailea da bilbotarra, eta, ikusgai dagoen pinturaz gainera, haren ia 40 grabatu, marrazki bilduma bat eta beste hainbat artista liburu ere badituzte biltegian.

Bilboko Aste Nagusiaren ikurraren sortzailea ere bada Herrero. Konpartsek hala eskatuta, berak sortu zuen Marijaiaren figura, 1978an, eta haren lanik ezagunena bilakatu da geroztik. Baina ibilbide luze eta kontrastatua du haren aurretik eta ondoren ere. Bilbon jaio, Madrilen ikasi, eta 21 urte betetzerako egin zuen lehen bakarkako erakusketa; geroztik, etenik gabea izan da haren sormen lana. Herbehereetan bi urte eman zituen, Parisen egon zen 1969tik 1971ra, eta, egun, Araba eta Madril ditu bizitoki. Ibilbide horren parte baten erakusgarri da Jangela margolana ere.

Hiru bertsio ditu margolanak, izan ere. 1970eko hamarkadakoa da lehena —Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumaren parte dena—, 1980koa da bigarrena —Durangokoa—, eta 2014an bukatu zuen hirugarrena, Donostiako Arteko galerian egindako erakusketarako. Guztietan dago jendea sekula iristen ez den janari horren zain, eta guztiak daude mahaiz beteta, baina agerikoak dira bertsiotik bertsiorako aldeak ere.

Durangokoa da zuzenena eta koloretsuena. Baita lehen planoko sukaldariaren esku keinuari halako protagonismoa ematen dion bakarra ere. Gose bera al da 70eko hamarkadakoa, 1980koa eta 2014koa? Gauza beraren zain daude jatunak guztietan? Berdin itxaroten dute hirurek?

Munduak bustita

2003an, Herrerok berak azaldu zion bere lan metodoa Irune Berro kazetariari, BERRIA egunkarian. «Munduan gertatzen ari den gauza orori buruzko iritziak jasotzen dituzte nire lanek, baina ez nik espresuki hala nahi izan dudalako; ez dut inongo salaketarik egin nahi, ez naiz inor nire koadroak begiratzen dituztenei neure iritzia emateko. Artelanek ez dute mundua konponduko; koadroez ari gara, ez panfletoez, nahiz eta nire koadroetatik igarotzen diren gizaki misteriotsu horietarik asko albistegietan ikusi ditudan irudietatik hartutakoak izan».

Koadroan bezala, geldi dirudi denak Durangoko Arte eta Historia Museoko hirugarren solairuan ere. Uztail arratsaldeko eguzkiakarabesko batzuk marrazten ditu lurrean, haizeak mugitutako hostoen itzalekin, eta futbol baloi bati ostikoka doazen mutiko batzuen hotsa dator kaletik. Izoztuta irudi luke denak, bestela. Automatikoki pizten dira eskaileretako argiak bisitariarentzat, Fernando Mardones artistaren Desbideratzeak erakusketa ikus daiteke bigarren solairuan, eta eserleku batzuk bertan, koadroak ikusi ahal izateko, guztiak «Ez eseri» dioten seinaleekin. Lehen solairuko erakusketako bideo batean, herriaren historiari buruzko azalpenak ematen dizkio gizon batek hutsik dagoen gelari, eta lorategirako irteera zabaltzen du, azkenik, ate batek. Zuhaitzen inguruan kiribiltzen dirudi haizeak kanpoan. Maskarak jantzita dabil jendea paseoan. Eta kutsatze kasu gehiagoren albisteak dakartza irratiak. Hau guztia jada koadrotik kanpo. Ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.