Artearen lekuak. Artium museoa eta Itziar Okariz

Mugimendu eta mundu izan

Itziar Okarizen 'Variations sur la même t'aime' obrak mugimenduz josita dagoen ekintza baten irudi izoztua eskaintzen du, Artiumen. Esanahi berezia du garaiotan.

Artium museoko Zeru bat, hamaika bide erakusketan ikus daitezke Okarizen bi argazkiak. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Unibertso baten tankera du Gasteizko Artium museoko A0 aretoak. Begien bistara, dena geldi dagoela iduri du, baina lekuak berezkoa du mugimendua: etengabe ari da hazten eta zabaltzen. Eskulturak, margolanak eta argazkiak aske daude espazio zabalean, eta, horien artean, hamaika bide daude, elementuek han-hemenka zulatzen duten maindire edo horma zurien artean. Abuztuko larunbat goiz sargori bat da, eta bisitariak tantaka sartzen dira Euskal Herrian azken 25 urteotan garatu diren praktika artistiko eta kulturalei buruzko gogoeta egin nahi duen erakusketara.

Elementuen ordenak eta kokalekuak izan daitezke mugimenduaren erakusgarri: artelan bakoitza mundu bat da, baina, elkarren artean lotura ezberdinak eginez gero, mugimendu ezberdinen narratiba sor dezake bisitariak: hori da erakusketaren muina, hain zuzen ere. Batetik, Arte diziplinak elkartu daitezke, eta artistak, bestetik. Kronologikoki egin daiteke bidea, eta gertaera historikoak garaian garaiko artistekin lotu; edo, besterik gabe, jarraibide jakinik gabe bisitatu daiteke erakusketa, modu desordenatu batean elkartuz artelanak, artistak, eta garai historikoak. Bideak bezain beste mugimendu baitaude Artiumeko erakusketan, eta hegazkinek zeruan nola, hala marraztuko du bisitari bakoitzak bide propioa aretoko zoruan.

Isiltasuna erabatekoa da, eta soilik proiektore zahar baten zaratak hausten du isiltasun hori, diapositibak aldatzen dituen aldiro. Parez pare dagoen Itziar Okarizen obra modu probokatzaile batean paratzen da paretan, mugimendu orori aurre egin nahiko balio bezala: berez bizirik eta mugimenduz josita dagoen ekintza baten irudi izoztu bat eskaintzen baitu obrak: «Variations sur la même t'aime, 1992».

Okarizen mundua

Indar handikoa da obra lehen ikustaldian. Bi piezak osatzen dute lana, bi argazkik; oso antzekoak dira biak: emakume bat ikus daiteke hozkailu baten barnera begira, pijama itxurako arropa soinean, eta buruan munduko mapa irudikatuta duela: ilea motz-motz moztuta, burua lurra balitz bezala aurkezten da: ilea kontinenteen eran eta azala ozeanoen itxuran.

Arte ekintza baten istant bat jasotzen du obrak; performance baten dokumentazioa dira argazkiak. Modu horretan egin baitu bidea Okarizek 1990eko hamarkadaz geroztik. Artistak gorputzaren eta espazioaren arteko lotura izan du aztergai bere hastapenetatik. Zeinuak lekualdatu ditu esanahi berriak sortzeko: aurrez ezarritako espazio, erabilera eta arau sozialak apurtu ditu bere ekintzetan, gorputzaren eta lengoaiaren alterazioen bitartez, eta zalantzan jarri ditu genero identitateak, identitate sexualak eta kulturalak.

Hala aitortu zion kazeta honi 2018an eskainitako elkarrizketa batean: «Ikusten ari zarena, entzuten ari zarena, irakurtzen ari zarena, zer ari zaizu kontatzen? Zer ari zaizu kontatzen lehen inpresioak alde batera utzita? Hori ikustea interesatzen zait, asko. Gauza asko daudelako ikusten, entzuten, irakurtzen ari zarenaz dihardutenak, baina zuzenean hor egon gabe. Esanahien ehun horiek liluratzen naute».

Variations sur la même t'aime bere aurreneko artelanetako bat izan zen, baina balio du haren jarduna ezaugarritzeko. Izan ere, obrak osagai guztiak biltzen ditu: gorputza, lengoaia, identitatea eta esanahia. Arte ekintza haren hainbat bertsio egin zituen artistak, eta zuri-beltzean eta koloretan atera zituen argazkiak. Argazki horietako bi daude ikusgai Artiumen.

Okarizek burua lurraren pare jartzen du obran: burua eskultura gisara aurkeztuz eta formaren antzekotasuna bilatuz. Ariketa sinple eta, aldi berean, konplexu horrek buruan kabitzen den mundua erakusten du, norberak bere mundu propioa izan dezakeela ikustarazteko. Mundu hori modu imajinarioan eta identitarioan izan daiteke norbere baitan, baina baita modu fisikoan ere; finean, ilea moztea besterik ez baita behar horretarako.

Baina obrak esanahi berezi bat hartzen du klima aldaketa eta globalizazioa mundua erasaten ari diren garaiotan. Eta galderak bata bestearen atzetik datoz: zenbat denbora iraungo du energiak alferrik xahutzen badugu? Iraungitze datarik ba ote du munduak, hozkailuko jakiek duten eran? Eta zenbat denbora iraungo du munduak erabat desitxuratu arte? Zenbat buruko ileetan, eta zenbat lurrean?

Egunerokotasun konplexuaren isla da artelana, gizakiaren benetako beharren eta asebetetze mailaren inkoherentziak biluzten dituena. Baina baita genero ikuspegia erdigunean jartzen duena ere. Estetika nihilista, gogorra eta errebeldea izan daiteke horren erakusgarri: maskulinitatearekin lotu izan den itxura baliatzen baitu Okarizek lanari kontzientzia feminista bat gehitzeko. Haren artelan guztietan atzeman daiteke ildo feminista hori. Baina itxurak bakarrik ez, hozkailuko jakiek ere badute zeresanik horretan: elikaduraren gaiak nabarmen eragin baitu genero identitateetan: «Zer jan nahi dut eta zer jan beharko nuke?». Zalantza horretan kateatuta bezala agertzen da artista koadroan.

Obrak izoztuta, geldi, jarraituko du aurrerantzean ere. Lurrak, ostera, etengabe mugitzen, aldatzen eta desitxuratzen segitzen du bitartean, noiz arte iraungo duen jakin gabe.

'VARIATIONS SUR LA MÊME T´AIME'
Egilea. Itziar Okariz.
Urtea. 1992.
Lekua. Artium museoa (Gasteiz).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.