Bertsolaritza

Gazteentzat, aukera eta akuilu

Gazteentzat, jendaurrean bat-batean aritzeko lehen plaza izaten da Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Aurten, atzeratu egin dute, eta haren falta sumatu dute askok.

Iazko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, Saran (Lapurdi). BERTSOZALE ELKARTREA.
Ane Eslava.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Lehen aldiz oholtzara igo eta besteen begiradapean kantatu. Urduritasuna kudeatu. Askotariko roletan aritu. Pasio bera duten lagunak egin. Lagunen babesa jaso, eta lagunak babestu. Finean, plazan aritu: benetako plazan. Bertsolari gazteentzat, garrantzitsua da Eskolarteko Bertsolari Txapelketa: lehenengo saioak egiteko aukera da, eta bertsotan jarraitzeko akuilua. Aurten, baina, ezin izan dute dagokion garaian egin: udaberrian hasi zen, baina bertan behera utzi zuten, Iparraldekoa izan ezik; hori bai, egin dute. Eskolartekorik gabe, kantatzeko aukera gutxi gelditu zaie bertsolari gazteei, eta sumatu dute falta. Pozik daude, halere, Bertsozale Elkarteak jakinarazi baitu egin egingo dutela, beste data batzuetan bada ere: udazkenean.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak 2014an finkatu zituzten eskolartekoak egun dituen oinarriak. Bertsotan hasitako neska-mutilei trebatzeko eta jendaurrean aritzeko aukera ematea eta gazteak oholtzarekin eta entzulearen aulkiarekin zaletzea du xede. Txapelketa du adar nagusia: 15 eta 18 urte bitartekoek hartzen dute parte, herrialdeka, eta, gero, finalean, Euskal Herri osokoak biltzen dira. Horrez gain, 15 urtetik beherakoentzat ere jarduera ugari antolatzen dituzte, lehiatik kanpo.

Bertsolari gazteentzat, bertso eskolan ikasten aritutako guztia praktikan jartzeko unea izaten da eskolartekoa: entzuleen aurrean jarduteko lehen aukera. Ekhiñe Zapianiek (Bera, Nafarroa, 2002) adierazi duenez, «adin tarte jakin batean, apenas dagoen plazarik, aukerak mugatuak dira, baina, eskolartekoa hor egonda, beti dago aukera hori». Hiru aldiz parte hartu du txapelketan, eta bitan izan da finalean. Aurten, azken aldiz parte hartzekoa zen, eta bertan behera gelditu izanak pena eman zion: «Arantza gelditu zitzaidan».

Antzeko egoera da Aner Peritzena (Zarautz, Gipuzkoa, 2002). Aurreko bi aldietan parte hartu zuen, baita finalera iritsi ere, eta aurtengoak izan behar zuen azkenekoa. Gipuzkoako eskolartekoaren hirugarren saioan kantatu behar zuen, eta aurreko egunean esan zioten bertan behera utziko zutela. Aitortu du erabakiak ezustean harrapatu zuela: «Ez nuen espero, agian ez nintzelako kontziente egoeraren larritasunaz».

Aurten egin duten eskolarteko bakarra Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Bertsolari Gazteen Txapelketa izan da, eta Haira Aizpuruak (Sara, Lapurdi, 2006) irabazi du. Lehen aldia zuen, eta oso pozik dago txapela jantzi izanagatik. Eskolartekoaren finala bere herrian izan da azken hiru urteetan, eta, entzule moduan joan ondoren, parte hartzeko gogoa piztu zitzaion. 14 urte ditu, baina baimena eman zioten izena emateko, eta ziurtatu du esperientzia «biziki ederra» izan dela. Berriro parte hartzeko asmorik duen galdetuta, argi erantzun du: «Bai, bai, bai!».

Eskolartekoaren aurretik, bertso eskoletatik bultzatzen dituzten jardueretan soilik kantatu ohi dute neska-mutilek, eta txapelketa hori urrats handia izaten da, «ezberdina eta aberasgarria». Hala uste du Peritzek: «Polita da, dena zure esku dagoelako: lehenagokoetan, prestatutako bertsoak dituzu, eta eskolartekoa da lehen aukera benetan jendaurrean kantatzeko, ikusteko eta erakusteko». Azpimarratu du baliagarria dela motibazioa pizteko ere: «Lanean jartzeko aitzakia da».

Askotariko roletan kantatzeko aukera ematen diete parte hartzaileei, haien mailara egokitutako ariketetan. Preseski, aberastasun hori aipatu du Zapiainek: «Ariketak ez dira anitz, baina askotarikoak dira: kostatzen zaienentzat, errazagoak dira, eta gehiago ibiltzen direnentzat, ofizioak eta halakoak daude. Horrek aukera ematen du jende ezberdinarekin egoteko, eta ikasteko».

Txapelketa bat da; lehia dago antolaketaren oinarrian, baina hori baino askoz gehiago da. Parte hartzaileek beraiek ziurtatu dute lehia «bigarren mailakoa» dela. Peritzen iritziz, zaila da bertsolari bat besteengandik argiki nabarmentzea, eta helburua ere ez da hori, baina uste du txapelketa gisa antolatzeak beste «seriotasun» bat ematen diola, eta «erakargarriagoa» egiten duela.

Harremanen babesa

Bertsoa, plaza, oholtza, lehia, lana... Faktore askok egiten dute erakargarri eskolartekoa, baina, beste guztien gainetik, sortzen diren harremanak nabarmendu dituzte hirurek. Aizpuruak esan du beste adin batzuetako bertsolariekin egotea eta ikastea dela «gehien maite» duena, eta, Zapiainen iritziz, harremanak egitea «erraza» da testuinguru horretan. Peritzen hitzetan, «Aurretik dituzunak lantzen dituzu, eta berriak egin». Sortzen diren laguntasun sareak babes garrantzitsua izaten dira haientzat oholtzara ateratzerakoan, lasai eta eroso egoteko. Aizpuruak azaldu duenez, «Jendaurrean kantatzeak estresa sortzen du hasieran, baina elkar animatzen dugu; giro ona dago».

Eskolartekoaren testuinguruan, hainbat plazatan aritzeko aukera izaten dute bertsolari gazteek, eta, horietatik tiraka, nabarmentzen direnak beste toki batzuetarako deitu ohi dituzte. Txapelketaren faltan eta osasun krisiak sortutako egoerarekin, ordea, aukera gutxi gelditzen zaizkie plazara irteteko. Peritzek dioenez, «nabaritu dugu eskolartekoaren falta, batetik, eta horren ondorioak, bestetik».

Hala ere, trabak gaindituta, eskolarteko txapelketa egingo dute. Bertsozale Elkarteak iragarri duenez, udazkenean izango da, eta laster jakinaraziko dituzte datak. Zapiainek uste du «arraroa» egingo zaiola eskolak hasi berritan egitea, baina pozik dago, halere, «arantza» kendu eta bere azken eskolartekoan kantatu ahal izango duelako. Baita Peritz ere: «Oso berezia izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.