Artearen ikonoak material arruntekin

Vik Muniz artista brasildarrak irudi klasikoak eta pertsonalak berrinterpretatzen ditu balio artistikorik gabeko gaiekin. Haren 125 artelan ikusgai jarri dituzte Nafarroako Unibertsitateko Museoan

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Mona Lisa kakahuete gurin eta marmeladarekin, Che Guevara babarrun beltzekin, Marlene Dietrich diamanteekin, edo bere burua jostailuekin. Vic Muniz artista brasildarra (Sao Paulo, 1961) berezko loturarik ez duten irudi eta objektuekin jolasten da argazkiaren kontzeptua gainditzen duten lanetan, errealitatearen eta irudikapenaren inguruko proposamen berriak sortzeko. Gizartearen eta artearen historiako lan ikonikoak berrinterpretatzen ditu, baita argazki pertsonalak ere, balio artistikorik ez duten materialekin. Nafarroako Unibertsitateko Museoak erakusketa batean bildu du artistak 1989. eta 2015. urteen artean egindako lanen aukeraketa bat: 115 pieza. Amerikako Estatu Batuetako Foundation for the Exhibition of Photography eta High Museum of Art museoekin batera antolatu dute, eta Gabriela Wilson mezenasaren laguntza izan dute. Erakusketa martxoaren 21era arte egongo da zabalik.

Vik Munizek ez zuen arterako bokaziorik; ez zuen artista izatearekin amesten. Sao Pauloko kanpoaldeko favela batean hazi zen, eta ofizio ugaritan aritu: sukaldari, kamiseta ilustratzaile, gasolina zerbitzuguneko langile... Baina beti marraztu zuen, txikitatik. Amonak idazketa sistema berezi bat irakatsi zion, zeinak hitzak marrazkiekin lotzen baitzituen, eta, horrek irakurmenean zailtasunak eragin zizkion arren, irudiarekiko lotura indartsu bat sortu zion, eta marrazkia bihurtu zuen haren adierazpide nagusi. Hala, hizkera pertsonal bat garatu zuen, irudiak eta objektuak nahastuz, ikuslea irakurketa modu berriak garatzera bultzatzeko.

Erakusketako lanetan ikus daitekeenez, Muniz irudikatzeko moduak ikertzen eta horiekin esperimentatzen aritu da bere ibilbidean. Artelanen artean nabarmenenak obra ikonikoen interpretazioak dira: Francisco de Goyaren Saturno devorando a su hijo —argazkian, Dorothea Langeren Madre migrante, Diego Velazquezen El triunfo de Baco, Edouard Maneten Un bar aux Folies Bergere... Pablo Picassoren Gernika ere birsortu du Munizek, baina obraren egungo jabeak ez du utzi pieza ikusgai jartzen. Artistak jatorrizko obrarekin izandako «elkarrizketa» moduan ulertzen du bere lana, ez kopia huts gisa; «omenaldia» egiten dio jatorrizko lanari.

Artelan klasikoen irudikapenez gain, argazki pertsonalagoetan oinarritutako beste serie batzuk ere ikus daitezke museoan. Irudi zati txikiekin osatutako leku paisaiak agertzen dira horietan, hala nola Jerusalem, Sao Paulo eta Paris, eta baita autorretratu ugari ere. Halaber, 2005 eta 2010 artean Rio de Janeiroko zabortegi handieneko langileekin egindako bi serie ere badira, erakusketako antolatzaileen esanetan Munizen «konpromiso soziala» erakusten dutenak, behargin horiekin batera sortu zituelako piezak, bai eta lortutako dirua banatu ere.

Munizek artearentzat ezohikoak diren materialak erabiltzen ditu, hala nola janaria —txokolatea, pasta, lekaleak, marmelada, azukrea...—, zaborra, aldizkari zatiak, diamanteak, paperak, kolore pigmentuak eta jostailuak. Beharbada materialekiko gertutasuna da, hain zuzen ere, ikusleen jakin-mina pizten duena. Munizek erakusketaren txostenean dioenez, ez ditu bilatzen material konbentzionalak edo ezohikoak. «Ez dut uste banaketa hori existitzen denik. Material bat ideia bat transmititzeko gai bada; nire esentzia artistikoa da».

Artelanak sortzeko prozesuaren abiapuntuan, izaera eskultoriko eta tridimentsionaleko irudi txikiak eratzen ditu material horiekin, eta ondoren argazki bat egiten die, nahi duen tamainatan jartzeko. Behin argazkia duela, pieza eskultorikoa suntsitzen du beti, argazkia azken obratzat hartzen baitu; hori da benetan interesatzen zaion bakarra. Munizen arabera, argazkia irudia eraikitzeko prozesuan sortzen da. «Irudia, pieza, galkorra da, denborarekin lotuta dago. Argazkia da artelan bakar eta denboragabea».

Arretaz begiratu dezaten

Munizen lanek ikuslea harritzeko asmoa dute beti, askotan ironiaren edo umorearen bidez, haren arreta eta inplikazioa lortzeko. Erakusketan, artistak «pista txiki batzuk» utzi ditu, bisitariek denbora har dezaten lanak patxadaz aztertzeko. «Izan ere, gaur egun gai gara argazkiak barneratu eta oso azkar ulertzeko; oso onak gara horretan; gero eta motelagoak gara, ordea, argazkiak begiratzeko erak bereizteko orduan. Museo batean gaudenean, denbora hartu beharko genuke, argazkia nola egin zen ikertzen saiatu, eta horrekin gozatu».

Obrak ikuslearen begiradarekin aktibatzen dira, eta, behatzailea zein den, askotariko bizipenak ekarriko dizkiote gogora. «Ikuslearen kultur kodeak sartuko dira jokoan hor, eta kode horiek eragina izango dute bai ikonoarengan, bai piezak egiteko erabiltzen diren teknika edo materialengan».

Valentin Vallhonrat museoko zuzendari artistikoak aurkezpenean esan zuenez, erakusketak artearen historia ezagutzeko gakoak ematen ditu, baina baita «giza psikearen funtzionamendua edo pertzepzioaren fenomenoak» ulertzeko ere. «Erakusketa aberatsa, ugaria eta ederra da edozeinentzat». Osasun krisia dela eta, Muniz ezin izan da Iruñera joan, baina martxoan museoa bisitako du, Tender Puentes egoitzan parte hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.