Albistea entzun

Susmopean daude Parisen saldu asmo dituzten Izturitzeko piezak

Izturitzeko harpeetakoak bide diren hamaika pieza salduko dituzte antxeran hilaren 28an, Parisen. Jatorriaz «duda azkarrak» dituztenez, Baionako Euskal Museoak ez ditu erosiko

Omoplato gaineko uro buru eta oreina grabatuak 20.000 eta 30.000 euro arteko balioa du.
Omoplato gaineko uro buru eta oreina grabatuak 20.000 eta 30.000 euro arteko balioa du. ©PHOTO STEPHANE BRIOLANT Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko irailak 21

Izturitze eta Otsozelaiko harpeetako indusketetan (Nafarroa Beherea) ustez atzemandako hamaika pieza Parisko Drouot hotelean antxeran salduko dituzte irailaren 28an. Saint Perier senar-emazte arkeologoak indusketak egiten ibili ziren 1928 eta 1959 urte artean Izturitzeko bi leizeetan. Hil aitzin, ordea, Saint Germain en Layeko (Frantzia) Arkeologia Nazionaleko Museoari eman zizkieten topatutakoak. Alta, badirudi pieza guziak ez daudela museoan, merkatura ere heldu direlako batzuk. François Bigot zenaren bilduma da orain Parisen antxeran salduko dena, eta haren barruan doaz salmentara ustez Saint Periers bikotearenak izandako aurkikuntzak. Albisteak bazterrak harrotu ditu.

 

Hasteko, Izturitze eta Otsozelaiko harpeen jabeak, Joelle Darricauk, bide ofizialetatik ukan du salmenta horren berri. Biziki kexu da: «Nik ez dut deus ikustekorik salmenta horrekin. Jendeak uste du indusketak egiten ditugula eta piezak saltzen. Ez. Darricau familiaren filosofiarekin ez du zerikusirik, ezta hurrik eman ere».

Indusketak ikusmiran

Bere harpeetan indusketa guziak «biziki serioski» eginik direla erran du, eta oso argiki baieztatu 1996tik aitzina egindako aurkikuntza guziak Hazparneko (Lapurdi) Ikerketa eta Kontserbazio Zentroan direla; Saint Perier bikotearen gehienak, ordea, Saint Germain en Layeko museo horretan daude, Izturitze eta Otsozelaian atzemandako gainerako pieza gehienekin batera: orotara 45.000. Horietatik 3.000 Saint Perier bikoteak emandakoak.

Horregatik, susmo azkarrak ditu baizik eta pieza horiek ez direla zinez Izturitzekoak: «Alde batetik, biziki susmagarria da badirela pieza batzuk promenatzen ari horrela. Bigarrenik, Saint Perier bikotearen txostenetan ez zuten sekula objektu horien aipurik egin. Beraz, baliteke pieza hauek indusketa klandestinoetakoak izatea».

Ez zaio zilegi egiten hain lege zorrotzaren pean urteetan burutzen ari diren lan «txukuna» horrelako «ekintza ergelek» zapuztea. Leizeetako aurkikuntza prehistorikoa haren aitatxiren garaikoa da. Badaki «biziki lan seriosa» egin dela geroztik, instituzio eta zientzialariekin eskuz esku lanean. Horregatik, antxeran saltzen jarri dituzten pieza horiek Izturitzekoak ote diren «oso-oso dudazkoa» egiten zaio.

Antxeran ezarri dituzten piezek ez dute nolanahiko garrantzirik, bazterrak hainbertze harrotu badira, duten balio zientifiko eta ekonomikoarengatik da. Haien jatorri prehistorikoa ez baita dudan ezartzen: duela 10.000 urte baino zaharragoak dira. Bada, adibidez, ustez Izturitze eta Otsozelaiko harpeetan atzemandako omoplato batean grabaturiko uro buru bat alde batean, eta orein bat bertze muturrean, zeinari 20.000 eta 30.000 euro arteko prezioa eman baitiote abiapuntu gisa. Arpoiak, azagai puntak, tresnak, zizelak, sorbatzak eta karraskagailuak ere badaude.

Alta, pieza horien jatorri geografikoa hain den susmagarria non Frantziako Kultura Ministerioak museoei galdegin baitie haien bildumen egiaztatzeko. Baionako Euskal Museoa da haietako bat: Saint Perier bikoteak 266 piezako bilduma eskaini baitzion 1947an. «Gure bildumako pieza batzuekin antzekotasunak dauzkate salmentan ezarri dituztenek. Dudak baziren. Baina Saint Perierek emandako bildumako 266 piezak badauzkagu; beraz, ez zaigu deus eskas. Inbentarioa egin dugu. Hala, saldu nahi dituztenak ez dira gure bildumako piezak», azaldu du Jacques Battesti Baionako Euskal Museoko kontserbazio arduradunak.

Zeukaten susmo bat argitu badute, horrek ez die argitzen pieza horiek zinez Izturitze eta Otsozelaiko harpeetakoak ote diren: «Arazoa da pieza horien informazio iturria oso dudazkoa dela; pieza prehistorikoak dira, bai, baina Izturitzekoak direnik biziki problematikoa da».

1940ko hamarkadako indusketak egiteko manerek eta oraingoek ez dutenez zerikusirik, Battestik aitortu du «oso konplikatua» dela piezen jatorria baieztatzea. Baina horretan adituak direnek ikertu dute piezak nola landuak eta apainduak izan diren. «Haien ustez, ez dira Izturitze eta Otsozelaikoak. Saint Perier senar-emazteek 30 urtez lan garrantzitsua egin zuten, bildumak xeheki aipatuz; alta, pieza hauek nehon ez dira agertzen. Gainera, biziki artatsuak ziren eta pieza bakoitza arkatzez markatzen zuten; alta, hauek ez dira markatuak. Pieza hauek ez dagozkie batere Izturitzen dauden beste piezei».

Daniel Lebeurrier Parisko Dei Auzitegiko Antzinaroko aditua da, indusketa egile ohia eta miaketa arkeologikoen aditua da salmenta honen arduraduna. Saiatuagatik, BERRIAk ez du lortu harekin mintzatzen, baina Sud Ouest medioari argiki baieztatu dio: «Piezen jatorria eta egiazkotasunaz ez dago duda izpirik».

Denena edo ezer ez

Pablo Martikorena arkeologoak ez du bere disgustua gorde: «Zoritxarrez aski usu ikusten dugu mota horretako salmentarik. Arkeologo gisa frustratuak gara, ikusten baitugu galtze zientifikoa eta baloratzekoa. Konplikatua da. Baina badira interes ekonomikoak, bildumagileen interesak...».

Aitortu du antxeran ezarritako hamaika pieza horien jatorria jakitea oso zaila dela, arkeologiaren indusketen hasmenta hartan oso normala zelako jendeen arteko trukeak egon zitezen. Horregatik, Baionako Historia Naturalaren Museoan, adibidez, badira beste lekuetako piezak. Oraingo miaketen aurkikuntzak biziki zainduak direla azpimarratu du.

Picassoren obraren adibidea ekarri du Martikorenak. «Elektrikari edo iturginak saltzen eman zuen Picassoren obra bat. Alta, familiak salatu zuen garajetik ebatsia ziola, baina berak zioen ezetz, Picassok berak oparitu ziola. Nola frogatu?».

Aldarrikatzen duena da pieza horiek denen eskura egon daitezen, eta dolu du ezin baitituzte ikertu: «Pena handia da objektu horiek ez direla gure esku ikertu ahal izateko, bai baitute balio zientifikorik. Publiko zabalarenak izan beharko lukete. Baliabide legala eskas dugu salmenta hauek eragozteko, ondarea denon ondasuna baita».

Galdera luzatu du Martikorenak: «Orain Hiri Elkargoak bildu behar ote ditu pieza horiek? Eta nola kontserbatu eta baloratu?». Battestik argi du: «Erabakia hartu dugu: jaso dugun informazioan oinarriturik erabaki dugu ez erostea. Saint Germain en Laye eta Prehistoriako Museo Nazionalak dira prehistorian zinez adituak, eta lehentasuna dute erosteko. Baina haiek ere ez dira prest pieza susmagarri horien erosteko».

Orain ikustekoa da salmentak aitzina egiten duen, gibelatzen duten edo ezeztatzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Oier Iruretagoiena artista <em>San Sebastian eta fantasma</em> erakusketarako ondutako pieza baten ondoan, Donostiako San Telmo museoan. ©JON URBE / FOKU

Sufrimenduaren estetizazioa

Itziar Ugarte Irizar

Oier Iruretagoienak 'San Sebastian eta fantasma' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bi parte ditu: martiri erromatarraren iruditik abiatutako lanak eta soinu instalazio bat

Cristina de Middelek Aleatoris Vulgaris seriean sortu dituen collageetako bat. ©BERRIA

Irudiekin kritika egiteko lengoaiak

Ane Eslava

Cristina de Middelek artearen tresnak baliatzen ditu argazkiekin bere ikuspegiak zabaltzeko. Erakusketa bat jarri du Nafarroako Unibertsitateko Museoan

Gure izeneko umea eta haren aita dira Alex Orbe marrazkilariak eta Unai Elorriaga idazleak argitaratutako <em>Jarraitu inurriari</em> liburuko protagonistak. ©HARRIET EDICIONES

Lurrundu egin den ama bat

Iñigo Astiz

Unai Elorriaga idazleak eta Alex Orbe marrazkilariak ama noiz itzuliko esperoan bizi diren aita-alaba batzuen nondik norakoak kontatu dituzte 'Jarraitu inurriari' komiki liburuan

 ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Tradizioa etxe zahar bat eraberritzearen moduko zerbait da»

Alex Uriarte Atxikallende

'KlasikAT'egitasmoaren barruan, Kalakanek Euskadiko Orkestrarekin diskoa grabatu du. Hego Euskal Herriko lau hiruburuetan eta Donibane Lohizunen aurkeztuko dute, urriaren 20tik azaroaren 5era bitartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna