Barne mundua irakurtzeko

Meditazioaren inguruan euskaraz idatzitako lehen eskuliburua argitaratu du Baraka argitaletxeak. Fernando Rodriguez psikologoa izan da lanaren sortzailea.

Erdian, Fernando Rodriguez liburuaren egilea; ezkerrean, Joseba Urteaga; eta, eskuinean, Josemi Hernandez, bi itzultzaileak, joan den asteko aurkezpenean. BARAKA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Geldi. Erne. Objektubatean kontzentratu, eta 15-20 minutuz norberaren buruan gertatzen diren gauzez ohartu. Horretan oinarritzen den diziplinari deitzen zaio mindfulness. Denbora hori igarotakoan, eta burua hara eta hona noraezean ibili ondoren, gorputzaren sentipenetara berriz itzultzea litzateke irudizkoena. Bada, mindfulness-a zer den azaldu eta praktika hori gizartera hurbildu ahal izateko, Mindfulness. Arreta kontzientea liburua idatzi du Fernando Rodriguez Bornaetxea psikologoak. Baraka argitaletxearekin kaleratu du gida izan nahi duen lan hori: «Mindfullnes-arekin hemen eta orain kokatzen zara; burua nora doan, zer egiten duen edo gogoak zer ohitura eta erregulartasun dituen ikusten da», azaldu du.

Unibertsitatean psikologiako irakasle zen garaian, sufrimendua edota egonezina gainditzeko metodo «sinple eta demokratiko» bat aurkitu zuen Rodriguezek: meditazioa. Hori horrela, orduko lana utzi, eta meditazioa irakasten hasteko erabakia hartu zuen. Urte haietan, mindfulness teknika gero eta presentzia handiagoa hartzen ari zen gizartean.

Meditazioaren inguruan euskaraz argitaratzen den lehen liburua da, gainera, Mindfulness. Arreta kontzientea. Halaber, Baraka psikologia integralaren institutuan lantzen duten meditazio metodoaren muina islatu nahi zuten bertan. Rodriguezek liburuaren jatorrizko testua gaztelaniaz idatzi zuen lehenbizi, eta Joseba Urteaga eta Josemi Hernandez itzultzaileek itzuli dute euskarara. «Hasierako asmoa zerbait laburra egitea zen, liburuxka bat argitaratzea, hain zuzen», azaldu du Rodriguezek. Hala egin dute.

Liburuan, hasteko eta behin, Budaren diskurtsoa aurki daiteke. «Budaren metodoa testuinguru historiko batean kokatzen saiatu gara, eta, horretarako, jatorrizko testua bali hizkuntzatik gaztelaniara itzultzeko eskatu genuen», azaldu du Rodriguezek. Hori horrela eskatu zuten, Budaren mezua azken 2.000 urteetan modu askotan agertu izan delako: «Lehenik, ahozko tradizioa egon zen, eta gero azaldu zen idazkera; horregatik, gorabehera handiko testu zaharra dela esan daiteke, leku eta ikuspegi desberdinetatik interpretatua izan dena».

Denboran zehar

Baraka psikologia integralaren institutuan praktikatzen duten meditazioaren diskurtsoa garatzen da liburuan; are gehiago, Rodriguezek psikologia zientifikoa eta neurozientzia erabiliz, «ikuspuntu moderno batetik» egindako iruzkina ere ageri da bertan.

Tradizioaren eta egungo mindfulness-aren arteko zubia egin nahi izan dute liburuan, hots, ikuspuntu zientifikoa Budaren mezuarekin lotzen saiatu dira. Hala azaldu du, bederen, Rodriguezek: «Gaur egun, erabiltzen diren hitzak desberdinak dira, eta beharrezkoa da arlo semantikoa ere ondo azaltzea». Ez hori bakarrik, Budaren testua ahozko tradiziotik datorrenez, onartu du gauza asko errepikatu egiten direla, eta oso arraroa dela: «Oso sinbolikoa eta ulergaitza izan daiteke kasu batzuetan». Hori horrela, gaur egungo ikuspuntutik egin nahi izan dute liburuan egiten duten irakurketa. Tradizioa gaur egunera ekarri.

Halaber, Rodriguezek azpimarratu du liburua irakurtzeko ez dela gaiaren inguruko teknikan jantzita egon behar. Ez budismoan, ezta psikologian edo neurozientzian ere: «Irakurri ahala, irakurleak bere hausnarketak egingo ditu bere barne munduan murgilduz, eta momentuko esperientzia nola eraikitzen den ulertzen saiatuz». Gogoetara bideratuko duen irakurketa lasaia eskatzen duela ere azpimarratu du psikologoak.

Norberaren gogoaren miaketan datza Barakakoen meditazio metodoak: «Heldutasun psikologikora ailegatzea da gure helburu nagusia». Rodriguezek azaldu du metodo psikologiko eta psikoterapeutikoa «oso existentziala eta irekia» dela. Dioenez, gorputzaren kontzientzia hobetuz oreka psikologikoa ere lortzen da: «Oso garrantzitsua da gure gorputza sentitu eta harekin esperimentatzen jakitea». Alde horretatik, arlo afektiboak ere berebiziko garrantzia duela azpimarratu du. Rodriguezen arabera, meditazioa praktikatzen duenak sosegu eta argitasun handiagoa nabarituko du, eta erreakzio afektibo gutxiago izango ditu: «Meditazioari esker, barneko bizitza eta jokabideak kudeatzen ikasten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.