Bertsolaritza

Maskara, mozal bihurtua ia

Aurreko urteetako bertso saioen laurdenak antolatu ahal izan dira udan. Besteak beste, herriko jaiak bertan behera utzi izanak eta ezjakintasunak eragin dute jaitsiera.

Bertsozaleak elkarrengandik urrunduta, ekaineko bertso saio batean, Amasa-Villabonan. GORKA RUBIO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Desastre samar joan da». Ahoan bilorik gabe hitz egindu Lankuko koordinatzaile Marta Agirrezabalak uda garaiaz. Aurreko hilabeteetan gertatutakoari erreparatuta, aurreikus zitekeen bertso saioen aurtengo kopurua ez zela aurreko urteetako bera izango, baina, hala ere, Agirrezabalak onartu du azken momentura arte «itxaropena» izan duela. Ezin izan dute, ordea, «kolpea» saihestu: «Aurreko urteetako bertso saioen %25 baino ez dira egin uztailean eta abuztuan».

Herrietako jaiak bertan behera uztea izan da jaitsieraren eragileetako bat, bertsolaritza haiei «oso lotua» baitago, Agirrezabalak dioenez: «Gure jarduera eremuak udan izaten du puntu gorenetako bat». Aurten, ordea, jarduera nabarmenki murriztu da, bertso otorduak eta bertso libreko saioak «ia osorik» erori baitira, eta horiek ez dute, kasu gehienetan, ordezko ekitaldirik eduki. Izan ere, udalerri batzuetan kultur programazio alternatiboak garatu diren arren, joera hori ez da Euskal Herri osoan orokortu.

Ondorioz, aldartean ez ezik, poltsikoan ere nabaritu dute bertsolariek abestu ezin izan dituzten doinuen zama. Gutxi bizi dira bertsolaritzatik soilik, baina askok dute beste ofizio baten osagarri moduan. Alaia Martin bertsolariari, zehazki, ordainsariaren erdia datorkio bertsolaritzatik: «Alde horretatik, bertsolarien egoera orokorrean zein prekarioa den jabetzeko moduko garaia izaten ari da». Gainera, aurtengo udan kantatzeko «gogo handia» zuen, laster bi hilabeteko amatasun baimena hartuko baitu, eta azarora bitartean egongo da oholtzara igo gabe. Uda garaia «oparoenetakoa» dela dio, udazkenarekin batera, eta «beste kode batzuetan» kantatzen ohi da: «Arinkerietarako eta jolaserako aukera ematen dute saioek, baita jendearekin aurreko tragoak eta osteko hizketaldiak partekatzekoa ere».

Itxialdiaren ostean, udako aurreikuspena «zaila» begitantzen zitzaion Martini, kontuan hartuta, batez ere, martxotik ekainera 400 saio inguru galdu direla. Aldiz, «pozik» hartu du saio batzuk behintzat egin ahal izatea, «eskastu» diren arren. Antolatu ahal izan direnetan, ordea, zaleek «plaza okupatzeko zuten nahia» erakutsi dute, Unai Iturriaga bertsolariaren ustez. Bere garairik «indartsuena» udazkena den arren, eta ez uda, bost bertso saiotan aritu da uztailean eta abuztuan, aurreko urteetako «herena». «Zorioneko» sentitzen da saioetako lau abuztuan bertan egin dituelako, baita plazarako buelta uste zuen baino «errazagoa» izan delako ere: «Hasierako argazki beldurgarri horren ordez, plaza atsegin bat aurkitu dut, gure lana betetzeko baldintza ia gehienak zituena».

Oroz gain, harrera ona

Udan antolatu diren bertso saioen irudi orokor bat ikusiz gero, lehen begi kolpean nabarmen geratzen da plazaren itxura aldaketa.Aulkien arteko distantziak eta, ondorioz, zaleen bakardadeak ematen du arreta handiena. Ikusleei argazki baten bidez begiratu beharrean, oholtzatik bertatik so aritzean, sentsazioa antzekoa izan da. Bertsozaleak elkarren ondoan zeudenean sortzen zen hartu-emana desagertu egin da aurten, Martinek dioenez: «Elkarren arteko tarteek erritual horren balio eta funtzioa galarazi dute».

Baina, distantziaz gain, maskarak utzi du agerien egoeraren ezohikoa. Hala ere, neurriek ez dituzte nonbait bertsozaleak uxatu. Areago, haietara egokitzen saiatu dira nola edo hala. Izan ere, maskarak eragin dezakeen «hoztasuna» beste modu batera orekatzen saiatu direla azaldu du Martinek, eta bertsolariekin izandako «enpatia» eskertu die ikusleei: «Begiradarekin irribarrea edota konplizitatea adierazten saiatu dira, eta, bestela, txaloa ozenago jo dute». Bertsozalea beti «jardunaren parte» dela aldarrikatu du, eta, oraingo honetan, komunikazioan duten «ardura» beren gain hartu dutela azpimarratu du. Iturriagak ere nabarmendu du bertsozaleak «esker onekoak» izan direla, eta aurkitu die alde positiborik neurriei: «Argi edukita egoera normaltasunetik urrun egon dela, ez dakit maskarak jendea barre lasaiago egin zezan eragin ote duen. Agian premiagatik izan da».

«Ezjakintasuna» nonahi

Uda garaia aztertzean erabilitako zehaztasun berarekin mintzatu da Agirrezabala bertso saioen segurtasunaz: «Ikusi dugu ez dela zaila osasun irizpide eta babes neurri guztiak betetzen dituen bertso saio bat antolatzea». Alabaina, antolatzaile askok jada hitzartuak zituzten saio asko bertan behera utzi dituzte, «egungo egoera» arrazoituta. «Hori hain da zabala... arduraz jokatzeko eskatu diegu antolatzaileei, eta, eragozpen larririk egon ezean, saioarekin aurrera jarraitzeko». Beste batzuek hitzemandakoarekin jarraitu dute, edo ekitaldia bertan behera utzi eta berehala data alternatibo bat proposatu diete. «Batzuen aldetik ahalegin handia egin da».

Ahaleginak ahalegin, ordea, udan zegoen «ezjakintasunak» jarraitzen du. Kultur programatzaileak eta elkarteak ekitaldiak antolatzera «ausartu» direla dio Martinek, baina onartu du, halere, ohiko saio batzuk bertan behera geldituko direla. Bestalde, Agirrezabala bertso plazak «lotzen» ari da, eta antolatzaileekin «pedagogia lana» egiten dihardu, kultura « beharrezkoa» baitu. Udazkena ate joka dabil, eta bertako emanaldiek dute lehentasuna oraingoz, baina ikusteko dago, halaber, epe luzean zer-nolako ondorioak izango dituen 2020ak. Iturriaga ezkorra da horri dagokionez: «Batzuetan nahikoa da behin huts egitea dena pikutara joateko. Eraikitzea asko kostatzen da; eraistea, ez». Martinek, aldiz, uste du kulturgileen elkarlanarekin berreskuratu ahalko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.