Hildakoen besta berpizten

Euskarari eta naturari lotutako eta kontsumotik aldendutako Gau Beltza herriz herri zabaldu nahi du Euskaltzaleen Topaguneak. Ikastaro bat abiatuko du asteazkenean.

Urriaren 31n ospatzen da Gau Beltza Euskal Herriko zenbait herritan, eta etxeko jantzi zaharrekin ateratzen dira eskean. EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA.
Iker Tubia.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Orain esaten dute Halloween. Hori? Hori ikusi dut nik gure herrian, udazkenean». Hala mintzo da Karmele Esnal oriotarra Gau Beltza dokumentalean, harriturik. Izan ere, berririk ez da kalabazak hustu, barnean kandelak sartu, eta, jendea izutzeko, bide bazterrean uzteko ohituran. Oraindik ere, Euskal Herriko zahar askok gogoan dute txikitan nola aritzen ziren jostatzen urriaren 31ko gauean. Itzali ziren kandela horiek, eta globalizazioarekin etorri ziren beste kandela batzuen keak mendebaldetik. Hala ere, oraindik ez da berandu galdutako ohitura horri heldu, berrasmatu, egungo egoera eta balioetara egokitu, eta zabaltzeko. Hala uste du Euskaltzaleen Topaguneak.

«Gure helburua da ospakizun zahar bat berrasmatzea balio konkretu batzuk erdigunean jarriz: berdintasuna, natura, komunitatea, heriotza, euskara, berdintasuna...». Azalpena Aitziber Onaindiarena da. Topaguneko komunikazioan ari da, eta asteazkenetik aurrera emanen duten ikastaroaz mintzatu da. UEUrekin eta Kutxa Ekogunearekin batera antolatu dute Gau Beltza ospakizuna lantzeko ikastaroa. Internet bidez izanen da, urriaren 10eko saioa salbu, hori Ekogunean eginen baitute. Gainera, dokumentala aurkeztuko dute.

Azken urteetan Euskal Herrian ere zabaldutako Halloween besta merkaturatua arrotz zaio askori, baina antzeko ospakizunak egiten ziren bertan lehenago: Gau Beltza. Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoek idatzitako Itzalitako kalabazen berpiztea liburuan azaltzen da hori. «Duela hamarkada batzuk, ohikoa zen udazkeneko iluntzeetan gaztetxoek baratzeetatik kalabazak edo arbiak ostu, eta, zuloak eginez, aurpegi forma eman eta kandelak jartzea bere barrenean, jendea beldurtzeko», azaldu du Ozaitak.

Topaguneak uste du «zentzua» duela urriaren 31n ospakizuna egitea: «Baina naturaren zikloari lotuta». Dagoeneko ospatzen da zenbait herritan: tartean, Barakaldon, Lekeition, Areatzan, Ondarroan (Bizkaia), Mutrikun, Andoainen, Oiartzunen, Pasai Donibanen eta Aretxabaletan (Gipuzkoa). Beraz, herri horietako esperientziei buruz mintzatuko dira ikastaroan. «Jai bateratu bat ospatzeko proposamena egin genuen. Bateratua balioetan, baina herri bakoitzak bere izaera du; beraz, bere ezaugarriak emango dizkio jaiari», esan du Onaindiak.

Balioak. Hori nabarmendu du Topaguneak. Izan ere, baliorik gabe, edo bestelako ezaugarriekin, hedabide handien bidez hainbeste zabaldu den Halloween besta litzatekeelako. «Pentsa liteke Halloween euskalduna dela, baina jaiaren bueltan dauden balioengatik, diferenteak dira». Izan ere, badira kandelen itzalen bidez paretetan aurpegi beldurgarriak proiektatzen dituzten kalabazak, etxez etxeko eskeak edota mozorroak. Baina, globalizaziotik pasatu nahi dute tokian tokikora. Plastikozko kalabazak eta erositako mozorroak beharrean, nahiago dituzte baratzetik hartutako produktuak eta etxean aurkitutako trapu zaharrak.

Itsaso Olaizola Kutxa Ekoguneko proiektu kudeatzailea eta hizkuntza ekologia arduraduna izanen da ikastaroko irakasleetako bat. Berak azaldu duenez, Gau Beltzak hiru ezaugarri nagusi beharko lituzke: naturarekin harremana, kontsumismotik aldentzea eta ospakizun paganoa izatea. Balio horiek finkatzea ez da huskeria; Ozaitak azaldu du zergatik: «Festak beti dira garrantzitsuak, gizarteaz hitz egiten dutelako, eta gizartean eragin dezaketelako; izan ere, balio, ideia, botere harreman, emozio eta ekintzak zabaltzen dituzte».

Haurrak erdigunean

Arimen Gaua ere deitzen zaio ospakizunari, eta, ez alferrik. «Gure arbasoekin dugun harremana ulertzeko modu bat da, sinesten delako etxera etortzen direla bisitan sutan gurekin berotzera. Heriotza erritu bat ere bada», esan du Olaizolak. Hori ere garrantzitsua dela uste du, Mendebaldeko gizarteak heriotza desnaturalizatu duelakoan. «Gainera, elizak heriotza monopolizatu du. Beste modu batean bizi eta hiltzeko moduak asmatzeko ditugu».

Haurrak aritzen ziren udazkenean jendea izutzen, eta horrela izan beharko luke aurrerantzean ere Ozaitaren aburuz: «Garrantzitsua da haurrei protagonismoa ematea; ez izatea helduek haurrentzat antolaturiko zerbait, baizik eta elkarrekin». Orain, garai batean egiten zen ospakizuna berrasmatzea da kontua. «Lehengo elementu interesgarri batzuk hartu, eta gaur egunera egokitzen dira, berrinterpretatu, eta hori da arrakasta izateko gakoa. Tradizio berriak sortzeak ere badu xarma», esan du Ozaitak.

Eta orain da hori egiteko unea Olaizolaren arabera: «Euskara, berdintasuna... Ospakizuna asmatzeko sekulako aukera dugu, gure festa polit bat antolatzeko». Aurten ospakizunerako tarterik ez da izanen, seguruenik; beraz, hausnartzeko baliatu daitekeela uste du Ekoguneko kideak. Baina etorriko dira bestarako garaiak ere, eta, ordurako, komeni proiektua zehazturik izatea. Dagoeneko antolatzen den herrietan arrakasta handia du Gau Beltzak, beraz, udazkeneko ohitura zaharra berpizten hasia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.