Amaierarik gabeko testamentua

Alos Quartetek taldearen 20. urtemuga ospatzeko emandako kontzertuetan grabatutako zuzeneko diskoa argitaratu du: '20 urte. Zuzenean'

Alos Quarteteko kide Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Xabier Zeberio. ANDONI CANELLADA / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
2019. urtea oso modu berezian amaitu zuen Alos Quartet hari laukoteak. 1999an Niko Etxartek egindako eskaera bati erantzuteko ia kasualitatez sortutako musika taldeak hogei urte bete zituen iaz, eta, urtemuga ospatzeko, lau kontzertu berezi ematea erabaki zuen. Abenduaren 13an eman zuen aurrenekoa, Gasteizko Principal antzokian; handik hamar egunera, Donostiako Viktoria Eugenian aritu zen; eta aurtengo urtarrilaren 3an, beste kontzertu bat eman zuen Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian. Beste bat ere aurreikusia zuten udaberrirako, Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan, baina pandemiaren ondorioz, azkenean, urriaren 8an egin ahal izan zuten, Azkuna zentroan. Kontzertu bereziak izan ziren laurak, gonbidatu ugari bildu zituztenak, eta orain disko bakar batean bildu du taldeak emanaldi horien lagin zabal bat: 20 urte. Zuzenean.

Xabier Zeberiok, Francisco Herrerok, Lorena Nuñezek eta Ivan Carmonak osatzen duten laukoteak gonbidatu ugari izan zituen lau saioetan. Esaterako, Donostia eta Tolosako kontzertuetan, Izaro Andres izan zuten oholtzako lagun Uretan piezan; eta Bilbokoan, berriz, Oskorri taldeko Natxo de Felipe, Bixente Martinez eta Anton Latxa igo ziren agertokira, Oskorriren Mode eta Ezin erran nizun hitzez kantu herrikoia interpretatzeko. Zeberio Bilboko taldeko partaide izan zen, eta taldekide ohiak ondoan izatea «opari bat» izan zela aitortu du Alos Quarteteko biolin jotzaile eta kantu egileak. «Momentu berezia izan zen. Natxok, adibidez, bost urte zeramatzan agertoki batera igo gabe».

Kontzertu guztietan hainbat pieza errepikatu zituzten, baina gonbidatuen presentziak berak kantutegia saio batetik bestera moldatzera eraman zituen taldekideak. Hala, Gasteizen, adibidez, Hertzainak taldearen Aitormena jo zuten, Garik eta Josu Zabalak lagunduta. «Kantu hori erreferente bat izan da niretzat», aitortu du Zeberiok. Bere garaian,kantuaren bi bertsio grabatu zituen Hertzainak-ek: bat formatu elektrikoan eta bestea hari moldaketekin. «Baina zuzenean hari laukotearekin inoiz eman gabea zen Aitormena».

Jean Phocas teknikariak grabatu egin zituen kontzertu horiek guztiak, eta haietariko lehenengoa, Gasteizkoa, entzun ondoren ohartu ziren taldekideak han bazegoela zuzeneko disko bat osatzeko oinarria. Estudioko diskoek beren dohainak izan arren kontzertuetan «magia» berezi bat sortzen dela uste baitu Zeberiok, eta taldeak publikoarekin lortzen duen hartu-emanean duela oinarri magia horrek. Horregatik, zuzeneko diskoak «Alos Quartet zer den» adierazten duelakoan da taldeko biolinista. «Bereziki zuzeneko talde bat gara. Eta kontzertu hauetan oso momentu bereziak bizi izan ditugu. Gu ez gara modako talde bat, baina publikoarengandik berotasun handia jaso dugu, eta disko honek hori erakusten du: zer den Alos Quartet kontzertu batean. Testamentu bezalako bat da».

Alos Quartetek 2004an kaleratu zuen bere lehenengo diskoa, taldearen izen berekoa, eta, orduz geroztik, Harizko txistua —Bilboko Txistulari Bandarekin elkarlanean— (2007), 10 tanta (2009), Garden (2015) eta Lau (2019) argitaratu ditu laukoteak, betiere hainbat kolaboratzailek lagunduta. Lan horietan azaldutako kantu ugari ageri dira 20 urte. Zuzenean-en —A Ragtime, Ezpatadantza, We Are, Leitza, Fan and Go, Hosto dantza, Mari Kanaky...—, baina kontzertuetan gehiago ere jo zituzten. «26-27 kantu genituen grabatuak, baina aukeraketa bat egin behar izan genuen diskoan sartzeko. Bestela, disko bikoitzera gindoazen».

Ibilbide luzeko taldea da Alos Quartet, lanak lasaitasunez egitea gustatzen zaiona, eta, azkeneko urtea «eromena» izan dela kontuan hartuta, orain lasai hartu nahi dute. «Guk lau urtetik behin ateratzen dugu disko bat, eta estudioko azkena iazkoa da. Baina gorputzak eskatuko digu berriro ere kantu berriak prestatzeko».

Bitartean, Bilboko Azkuna zentroan eman zuten kontzertua emango du gaur ETB1ek, eta taldea bera Berrizen (Bizkaia) izango da hurrengo asteazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.