Albistea entzun

Bizi itxaropena Goierrin jarria

Kellensesa GKE eta Goierriko Eskola elkarlanean eraikitzen ari dira bizikleta bat Senegalgo mutil gazte batentzat. Proiektua egiteko, finantzaketa eske jarriak dira.

Egun toki batetik bestera mugitzeko erabiltzen duen bizikleta zaharkitua gelditu zaio Aziz Ndaye senegaldar gazteari.
Egun toki batetik bestera mugitzeko erabiltzen duen bizikleta zaharkitua gelditu zaio Aziz Ndaye senegaldar gazteari. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Zihara Jainaga Larrinaga -

2020ko abenduak 12

Kasualitateak elkartu zituen Aziz Ndaye eta Jose Martin. Nahi gabe gurutzatu ziren haien bideak, eta, horri esker, batek bestearen bizitza erraztu ahal izan du. Ndaye 18 urteko mutiko senegaldar bat da, eta elbarritasun bat du; Martin, Berastegin (Gipuzkoa) bizi den gizon bat, Kellensesa GKE gobernuz kanpoko erakundeko boluntarioa. Hain zuzen ere, Kellensensa GKEko kideak Senegalgo Kelle herrian aritzen dira boluntariotza lanetan; osasun eta hezkuntza zentroetan eskaintzen dute laguntza, batik bat. Joan den abenduan, Senegalera joan ziren bidaia horietako batean, eskola bateko korridoreetan zebilela Martinek Ndayekin topo egin zuen. «Petril batean eserita zegoen». Martin segituan jabetu zen Ndayeren egoeraz: «ez zen ibiltzeko gai; eskuak erabiliz mugitzen da». Horrela, bada, Martinek argi izan zuen gobernuz kanpoko erakundeak zerbait egin behar zuela. Euskal Herrira itzuli zirenean, Ordiziako Goierri Eskolari (Gipuzkoa) proposatu zieten elkarlanean Ndayerentzat bizikleta bat eraikitzea. Erronka onartu, eta lanari ekin zioten. Horretan ari dira, baina finantzaketa behar dute proiektua egin ahal izateko.

 

Bakarrik ibili nahia

Hanketako arazo batekin jaio zen Ndaye. Ez da bakarrik ibiltzeko gai, eta, ondorioz, mugikortasun arazoak ditu bere egunerokoan. Eskolara joateko, adibidez, komeriak pasatu behar ditu, eta ahal duen moduan antolatzen da. Herrixka batean bizi da, eta hamar kilometroko bidea du ikasgelaraino. «Askotan, lo ere bertan egiten du, edo ez da joaten», azaldu du Martinek. Orain daukan bizikleta oso zaharkitua dagoenez, beti behar du bultza egingo dion norbait.

Horrez gain, bere adineko gainerako neska-mutilek futbolean jokatzen dutenean, adibidez, ezin izaten da ikustera joan, Martinen arabera. «Norbaiten menpe bizi da, eta, 18 urterekin, nolabaiteko independentzia nahi du, bere adineko denek bezala». Horregatik, Martinek dio bizikleta berriarekin Ndaye autonomoa izango dela. «Bakarrik eta nahi duen lekura joango da». Hain zuzen ere, gazte senegaldarrarentzat bultzada garrantzitsua izango da egingo dioten bizikleta berria; Senegalen, bizimoduaren parte handi bat kalean egiten baitute.

Martinek dioenez, institutuko ikaslerik onena da Ndaye, eta egingo dioten bizikletarekin unibertsitatera ere joan ahal izango da. «Mugikortasuna lortzen badu, hartzen duen edozein helburu lor dezake. Bizikletarik gabe, etxean geratu besterik ez du», dio Martinek. Boluntarioak azaldu du joan den abenduan, elkarrekin egon zirenean, hitzeman ziola mugikortasunari dagokionez gutxienez besteen baldintza berberetan egongo zela.

Guztien inplikazioa

Goierri Eskolako hiru talde ari dira parte hartzen bizikleta eraikitzeko proiektuan: guztira, hamabi ikasle eta hiru tutore. Batzuk diseinuaz arduratu dira; beste batzuk, fabrikatzeaz, eta gainontzekoak, finantziazio kontuez. Izaskun Mateos Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako ikasketak egiten ari da, eta, azaldu duenez, ikasleentzat erronka berezi bat da hau: «Lan guztiak hartzen ditugu seriotasunez, baina honek badu berezitasun bat». Egiten dituzten gainontzeko proiektuekin alderatuta, hau «errealagoa» dela dio Mateosek, eta aitortu du errealitatean oinarritutako proiektuek askoz gehiago irakasten dietela.

«Ikasketa mailan erronka potoloa da, eta, horrez gain, finantzaketa lortzen ari garen lehenengo aldia da». Mateosek azaldu duenez, administrazioko ikasleek proiektu honen bidez ikasi ahal izan dute halako finantziazio bat nola egin daitekeen eta nola inbertitzen den. «Ikusi dugu finantzaketarik gabe inbertitzea oso zaila dela», azaldu du. Halaber, konturatu dira diru pixka bat lortzeko oso gutxinaka joan beharra dagoela.

Bai Goierri Eskolako ikasleak bai Kellesensa erakundeko kideak Ndayerekin harremanetan daude une oro. «Oso eskertua dago, eta, aldi berean, esaten digu irrikitan dagoela, aulkia iristeko zain, eta urduri», dio Mateosek. Horregatik, berretsi du haientzat proiektua pertsonalki eta emozionalki polita dela. «Ilusio handiko proiektua da; are gehiago, hemen duguna baloratzeko balio digu».

Dirua, ezinbesteko

Martxo aldera eraman nahi diote Ndayeri bizikleta Senegalera. Baina, horretarako, ezinbestekoa dute finantzaketa lortzea. Kalkulatu dutenez, 1.500-2.000 euro inguru behar dituzte proiektua egin ahal izateko. Helburua lortzeko, Goierri Eskolako ikasle eta irakasleak, adibidez, tela afrikarrez egindako poltsak eta nezeserrak josten ari dira, saldu eta dirua lortzeko. Kellesensakoek, berriz, indabak landatzen dituzte.

Gipuzkoako Goierri eskualdeko herritarren artean nahiko babes lortu dute, baina, orain, haien asmoa da proiektua Euskal Herri osoan zabaltzea, eta, horretarako, beste hainbat finantzaketa bide jarri dituzte abian. Batetik, Bizum bidez egin daitezke ekarpenak: (0034) 607-40 81 22 zenbakian, edo, bestela, Kellesensaren web orriaren (www.kellesensa.org) bidez ere badago aukera ekarpenak egiteko. «Edozein ekarpen txiki, asko da», azpimarratu du Mateosek. Horrez gain, babesle izateko enpresa bila ari dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Orein arrek orein emeak erakartzen dituzte orroekin eta adarrekin; adibidez, Gasteizko Salburua parkean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Orein arrak, norgehiagoka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Oreinen marrualdiaz gozatzeko bisitak egiten dituzte Gasteizko Salburua parkean udazkena iristearekin batera. Animalia horien ugaltzea da aldi honetako helburu nagusia.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Grabatua beti erronka berriak planteatzen dituen diziplina bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Unibertsitatean izan zuen grabatuaren teknikaren berri, eta, harrezkero, hura jorratu izan du gehien. 2010ean Bilbon La Taller gunea sortu zuenetik, dibulgatzailea da batez ere, sortzailea bainoago. «Orain, hori da nire proiektu artistikoa».
Kritika soziala egiten duen komedia bat. ©SERIESLAND

Umorezkoak, euskaraz ere bai

Urtzi Urkizu

Seriesland nazioarteko jaialdia bihar hasiko da, Bilbon. Lau websail euskaraz ikusi ahalko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna