Albistea entzun

Bizia eta heriotza, jarioan

Gentz del Vallek 'Basati' erakusketa osatu du, Nafarroako Museoaren 'Arte oro garaikidea da' programaren barruan. Zazpi piezak osatzen dute, eta ura biziaren sinbolo gisa ageri da
Gentz del Valleren <em>Basati</em> erakusketako <em>Muda</em> artelana. Espazioan gehien nabarmentzen den pieza da, eta suge bat irudikatzen du.
Gentz del Valleren Basati erakusketako Muda artelana. Espazioan gehien nabarmentzen den pieza da, eta suge bat irudikatzen du. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko maiatzak 22 - Iruñea

Ura, ispilua edota hariaren gisako material arruntek sakratuaren, bizitzaren eta heriotzaren inguruko hausnarketarako espazio bilakatu dute Nafarroako Museoko kapera, Gentz del Valleren Basati erakusketan. Haren zazpi obraren eta Elena Asinsen beste baten bitartez solasean jarri nahi izan ditu eraikina, haren izaera espirituala eta arte garaikidea, iraganari begiratuta orainari buruz hausnartzeko leiho bat zabalduz. Emaitza 2022ko martxora arte egongo da ikusgai.

Nafarroako Museoak kaperako espaziorako instalazio bat sortzea proposatu zion Del Valleri, Arte oro garaikidea da programaren barruan. Dora Salazarrek, Carlos Irijalbak eta Celia Eslavak parte hartu dute egitasmoan haren aurretik. Gonbidapena jasota, artistak ikuspegi performatiboko instalazio bat sortzeko erronka ezarri zion bere buruari, bisitariak ikusgai dauden obrekin interakzioan egon zitezen une oro. Izan ere, bere artelanak beste artelan baten barruan jarri dituela uste du egileak, irudi sinbolikoz betetako toki batean.

Obren bitartez hainbat gai zabaletan murgildu da: natura, artea, bizitza, heriotza, emakumearen lekua... Eta bideak zabaldu ditu horien inguru. Sakontasun horrek, ordea, kontrastea egiten du obren eta materialen soiltasunarekin. Erakusketaren egitura zehatza eta aurretik aztertua da; ikusleak abiadura jakin batean mugitu beharko du, eta kontuz ibili, bat-bateko mugimendu azkarrik egin gabe. Hori da Del Vallek proposatu duena.

Artelan multzoaren ardatz kontzeptuala da «sakratutzat» jotzen den guztiak «biziaren eta heriotzaren arteko harremanaren misterioa» dakarrela berekin, museoak zehaztu duenez. Hain zuzen, interbentzioaren espazioan pisu nabarmena duten bi elementu dira horiek: biziaren isla koroaren sarreran dago, eta heriotzarena, berriz, gurutzaduran. Tartean, Fluxus lanak bi espazioak bereizten ditu, eta ikusleak zein urak pieza gehienen protagonistak zeharkatu beharreko muga gisa jokatzen du. Poliester gainean teknika mistoan egindako bost piezak osatzen dute, eta kolore gorria da nagusi.

Baina, horren aurretik, espazioan dagoen lehen elementua bataiarria da, kaperakoa, berezkoa. Handik abiatzen da interbentzio osoa. «Ura, elizan, bataiarritik agertzen da, eta guk horren oinordetza jaso dugu, horrekin bat egin ala ez», adierazi zuen artistak aurkezpenean. «Eta nik kristautasunaren aurreko iraganaren itzala proiektatu nahi dut, zeinean ura biziaren sinboloa ere baitzen: mugimenduan zegoen, eta heriotza ere barnean hartzen zuen».

Bataiotegitik aterako balitz bezala, zoruan, Iturburua obra ikus daiteke. Kristalekin osatutako hainbat borobil dira, biziari eta heriotzari eskainitako bi espazioak zeharkatzen dituztenak, Muda dagoen tokira iristeko egin beharreko bidea marraztuz. Hain zuzen ere, Muda da obrarik handiena; suge bat irudikatzen du, oihalez eta hariz egindakoa; altueran jarrita dago, eta ura simulatzen duten hariak ditu zintzilik. Egilearen hitzetan, sugea ere ura da: «Azalberritzen da, eta biziberritzea sinbolizatzen du».

Parean, eremu berean dago Antígona pieza, Elena Asinsek utzitakoa. Bideo bat da, ordubete baino gehiago irauten du, eta hainbat hizki eta esaldi erakusten ditu zuri-beltzean, soinu estereoarekin batera. Museoak azaldu duenez, Antigonaren tragedia grekoa birsortzen du, «haren mezu bortitzekin; kultura greziarraren berezko elementuak dira, guk oinordetzan hartu ditugunak». Bideoa jarrita dagoen tokiaren parean, beste lau ikus-entzunezko piezak osatutako Perpetuum mobile (Physis) obrak uraren «betiereko» mugimendua islatzen du; «beti berdina eta beti desberdina».

Espazio horren erdi-erdian, sugeak inguraturik bezala, Epipaleolitoko emakume baten aztarnak daude, hilarri batean. Aizpeako kobazuloan hobiratu zuten, Ariben (Nafarroa), duela 6.000 urte inguru, eta Nafarroan aurkitutako gizakirik zaharrenetako bat da. Museoaren bilduma iraunkorrean dago, eta Del Vallek bere lanean txertatu du. Kapera eraiki zuen gizonaren hilarriaren gainean dago kokatuta. Eremu horren bi alboetan daude Neska baten burukoa, brontzezko, oihalezko, harizko eta plastikozko pieza; bai eta Zeruko lorategiak ere: iluntasuna bizitza sortzeko elementu gisa aurkezten du, eta teknika mistoarekin egina dago.

Kaperatik harago

Erakusketaren zati bat museoko beste areto batean dago, bigarren solairuan. Han ikus daiteke Alma Mater, artistak 2017an Ni, denetan okerrena erakusketarako berariaz sortutako lana, orain Nafarroako Museoak eskuratu duena; Fluxus obraren antza du, nolabait. Erakusketaren arduradunen arabera, artelan horren egiturarik ezak eta haren hauskortasunak erakusten dute mendeetan «bistakotzat» hartu diren kontzeptu eta esanahi batzuek ez dutela zertan «betierekoak» izan; hala nola «artearen kontakizun maskulinoa, aurrerapenaren nozioa edota natura gauza bihurtzeko joera».

Egungo testuingurua dela eta, Nafarroako Museoko kaperako aretoan gehienez hamabi pertsona sartu ahalko dira aldi berean. Bisita gidatuak eskainiko dituzte igandeetan, eta artistarekin berarekin hasiko dira horretan, hilaren 30ean. Aurki, halaber, argitalpen bat publikatuko dute, egilearen testu batekin, biografia labur batekin, aurkeztutako lanen azalpenarekin eta erakusketaren argazkiekin, eta museoan bertan eskuratu ahal izango da. Azkenik, udako haurrentzako tailerrak erakusketa honetan oinarrituko dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola-Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Detektibearen itzal luzea

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.