Albistea entzun

Kohesiorako zenbait gidalerro

Euskal eragile kulturalak bateratzeko moduez hausnartu dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 'Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola' jardunaldietan. BIDEOA albistearen barruan.
Jardunaldian parte hartu zuten antolatzaile eta hizlariak, egitasmoa hasi baino lehen, atzo, Azpeitiko Sanagustin kultur gunean.
Jardunaldian parte hartu zuten antolatzaile eta hizlariak, egitasmoa hasi baino lehen, atzo, Azpeitiko Sanagustin kultur gunean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko maiatzak 29

Euskal nazioa atomizaturik dago; bildu egin behar da, eta kulturgintzak bakarrik esan dezake nola». Joxe Azurmendiren hitzak dira, 1992. urtekoak. Bi hamarkadaren ondoren, hori da oraindik ere euskal kulturaren giltzarrietako bat: nola bildu banandurik egon litezkeen eragileak. Hain justu, hizpide izan zuten gaia atzo, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean egindako Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola nazio jardunaldian; eta, zehazki, pentsalariaren hitz horiek ekarri zituen gogora Lorea Agirre Jakin fundazioko zuzendariak. Orotara, zazpi hizlarik hartu zuten parte Sanagustin kulturguneak 10 urte herri batzordeak eta Jakin fundazioak antolatutako egitasmoan, eta, egoera soziolinguistiko eta diziplina askotarikotik abiatuta, artikulazioaren beharrean eta erronketan sakondu zuten.

Modernitatearekin batera jazotako paradigma aldaketaz mintzatu zen Harkaitz Zubiri soziologo eta EHUko irakaslea. Aurretik, kulturak «helburu soziala zuen, gizartearen zementua» baitzen. «Egia, ederra eta ona ordezkatzea zen kulturaren lana». Garai modernoetan esferak bereizi egin ziren, ordea, eta diziplina baten gain geratu zen horietako bakoitza: Zubirik zehaztu zuenez, arteari ederraren ardura baino ez zitzaion esleitu. «Geroztik, bi faktore indartu ziren: merkatua eta artistaren ospe gogoa». Zubiriren hitzei erreparatuta, kulturak behialako funtzio soziala galdu zuen hein batean, erabiltzaile indibidual eta isolatuaren ideiaren mesedetan.

Mendeen joanean, oro har, gizakiak «askatasuna» bereganatuz joan direla adierazi zuen Zubirik, baina alde «positibo» horren ifrentzuaz ere ohartarazi zuen: «Bizitzaren zentzua eta lilura gal daitezke». Haren iritziz, kultura litzateke arrisku horri aurre egiteko tresna, baina soilik modu kohesionatu batean gauzatzekotan: «Espazioak sortu behar dira jendeak harremanak eraiki ditzan. Gakoa da bakarrik egin ezin duguna besteen laguntzarekin egin ahal izatea».

Maialen Akizu bertsolariak, berriz, metaforara jo zuen azaltzeko zeintzuk izan behar diren kultur artikulazioaren zutabeak. Femurra, haragia eta protesia izeneko hitzaldian, elementu horietatik abiatu zen kohesioa azaltzeko. «Femurra da instituzio jakin bat, egitura; haragia militantziak eta balioek osatzen dute; eta protesia batzuetan kanpoan dagoela uste dugun hori da: kultur politikak, paisaia kulturala». Metaforarekin jarraituz, adierazi zuen ez zuela zati bakoitza bere horretan irudikatzen, baizik eta belauna ikusten zuela. «Belaunean eragiteak ematen die zentzua; belauna da ibiltzeko erabiltzen dena».

Tokian tokiko lekukotzak

Zubirik eta Akizuk testuinguru orokorra eman ondoren, praktika konkretuak aletu zituzten hainbat eragilek. Enekoitz Esnaolak Azpeitiko Uztarria koordinakundearen sorkuntza eta ibilbidea azaldu zituen, gunea «mugarritzat» hartuz. 1998an abiatu zuten Uztarria; ordura arte, euskara eta kultur eragileak bazeudela esan zuen Esnaolak, baina «artxipelago» bat eratzen zutela. Irlak harremanetan jartzeko xedearekin sortu zuten Uztarria, instituzioekin hitzarmenak egin, baina haien mende egon gabe aurrera egiteko irizpidearekin: «Subjektu politiko bat bihurtzeko eta norabide bat lortzeko», adierazi zuen Esnaolak. Halaber, nabarmendu zuen Euskal Herriko hiriburuetatik kanpoko tokiek ere osatu eta «aberasten» dutela kultur ekosistema, eta, hortaz, bertako kultur dinamika eta azpiegiturak ere sustatu behar direla.

Hiriburutik kanpo ekindako proiektua izan zen Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokia ere. Hamasei urteren ondoren, ateak itxi behar izan zituen pandemia garaian. Orain, Plateruena eta gero, zer? egitasmoan daude murgilduta, erabakitzeko nola egingo duten Plateruenaren osteko kultur proiektua, Ihintza Orbegozok jakinarazi zuenez. Argi du ekimen berria beharrezkoa dela, eta, dagoeneko hainbat bilera egin eta gero, argi du orobat «euskalgintzan zentratuko» dutela, ostalaritza «bigarren planoan» kokatuta.

Bestalde, Baiona, Angelu eta Miarritzeko (Lapurdi) egoeraz jardun zen Eneko Gorri Miarritzeko udaleko euskara teknikaria. Besteak beste, Mintzalasai jaialdiaren antolakuntzan ikusitakoa kontatu zuen: datuek adierazi zieten bertako parez pareko harremanek eragin handiagoa izan zutela euskaltegietako eta ikastoletako matrikula kopuruaren igoeran botere publikoetatik eginiko kanpainek baino.

Tokikotik orokorrera. Euskal Herriko Bertsolaritza Elkarteak lurralde guztietan esku hartzen du, eta horrek ere sortzen dizkie erronkak eta zalantzak, zuzendaritza taldeko Miren Artetxek adierazi zuenez. Elkarteak sei talde batzen ditu, eta horrek kudeaketa lanak «konplikatzen» ditu. «Nola eta nork hartzen ditu erabakiak? Kontsentsu bidez hartzen dira, eta berandutu egiten dira». Artikulatua dagoena eraginkorrago artikulatzea, horra hor jomuga: «Guk zuzenean ezer kudeatu baino, tokian tokikoei lagun diezaiekegu. Nola artikulatu bertso mugimendua fagozitatu eta gehiegi eragin gabe?».

Eragile eta toki andana biltzen dituzten kohesio estrategiez gain, hedapen txikiagoan gauzatutako artikulazioak ere garrantzitsuak dira, Ihitz Iriart musikari eta dantzariak ezagutarazitako adibideari erreparatuta. Alozekoa (Zuberoa) da Iriart, baina duela hiru urtetik Iruñean bizi da. Bere jatorrian, maskaradek eta pastoralek «herritarren atxikimendu handia» izaten dutela nabarmendu zuen, eta molde hori aplikatzen saiatu dira Iruñeko Inauterietan, bertako euskaldunak batze aldera. «Komunitatea dibertituz sortzeak ongizatea eragiten du. Euskara sentimendu positiboekin lotzen du».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Metallica taldeak atzo iluntzean Bilbon emandako kontzertuaren irudia. ©Miguel Toña, EFE

Metalararen dardara bizia Bilbon

Berria

Zalantza egunen ondotik, Metallicak kontzertua eman du bart San Mamesen, 45.000 lagun aurrean. Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, eta The Hellacopters ere aritu dira.

Bisitari bat Donostiako Ekain galerian, Amable Ariasen zenbait lanekin irekitako erakusketan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Nekez zeharkatzen diren ateak

Itziar Ugarte Irizar

Ahotik ahora dabil esaldia galeristen artean: «Garai zailak dira». Ez da berria sektorearen apaltzea, arte salmentaren urritzea, baina azken bi urteetako giro nahasiak eta arteak gizartean izan duen lekualdatzeak formula berriak lantzera behartu ditu sektoreko askotariko profesionalak.

Ikusten?

Ikusten?

Arantxa Iturbe

Gaur hasten da BERRIAren aurtengo udako narrazio artikulu sorta. Arantxa Iturbe da lehen egilea.

James Hetfield abeslaria eta Kirk Hammett gitarrista, ekainaren 16an, Danimarkan. ©TORBEN CHRISTENSEN / EFE

Zalantza egunen ondotik, San Mamesen izango da gaur Metallica

Itziar Ugarte Irizar

Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, The Hellacopters eta Weezer ere ariko dira. 45.000 zalerentzako tokia dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...