Juan Etxebarria, zehaztasunez

Veronica Mendieta historialariak pintorearen bizitza eta obra azaldu ditu liburu batean. Horrez gain, Bilboko Arte Ederren Museoak haren zenbait obra jarri ditu ikusgai

Veronica Mendieta historialaria eta liburuaren egilea, Juan Etxebarriaren artelanetako bati begira. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Katalogo arrazoitu deritzen argitalpenek artista baten ibilbide artistiko eta biografikoa biltzen dute batez ere, xehe-xehe. «Ez dira sarri egiten, eskatzen duten denbora eta lanarengatik», Veronica Mendieta historialariaren arabera. Hain justu, Mendietak berak hogei urte eman ditu gisa horretako lan batean, Juan Etxebarria pintorearen (Bilbo, 1875 - Madril, 1931) bizitza, obra eta testuinguru historiko eta artistikoa aztertzen. Ikerketa andanaren emaitza Bilboko Arte Ederren Museoaren eskutik eman du argitara: Juan de Echevarría 1875-1931. Biografía y catálogo razonado. Modulando la vibración del color (Juan Etxebarria 1875-1931. Biografia eta katalogo arrazoitua. Kolorearen bibrazioa modulatzen).

Madrilgo Reina Sofia museoarekin batera, Etxebarriaren lanen bildumarik oparoena du Arte Ederren Museoak, eta piezetako batzuk ikusgai jarri dituzte orain U aretoan, aurkeztu berri duten liburuari testuingurua emateko helburuarekin. Historialariak «aparteko pintorea» deritzo Etxebarriari, baina, hala ere, haren obra «ezezagunegia da oraindik», bere iritziz.

Enpresari baten semea izanik, heziketa zabala jaso zuen Etxebarriak: Alemanian eta Frantzian egon zen ikasten bolada batez; musikan ere hezi zuten, eta ingeniaritza ikasketak egin zituen; hain zuzen, pintoreak arlo teknikotik jo zezan nahi zuen haren aitak, eta semeak men egin zion. 1902an ama hil zitzaion, eta oinazeak bokazioa berreskuratzeko bultzada eman zion. Mendieta: «Honako hau idatzi zuen erabaki hartaz: 'Nire bizitzako merituzko egun bakarra da. Nire bizitza faltsua hausteko adorea izan dut; nire nortasunak eta kontzientziak horretara bultzatzen ninduten'».

Urtebete geroago, 1903. urte bukaeran, Parisera joan zen bizitzera. Garai hartan, Frantziako hiriburuan garai «mugituak» bizitzen ari ziren, Mendietaren arabera, «maisu inpresionistak egiten ari ziren berrikuntzaren ondorioz». Etxebarriaren artea giro horretatik elikatu zen, orobat, eta Paul Cezanne, Vincent Van Gogh eta Paul Gauguin bezalako sortzaileen lanek, besteak beste, biribildu zuten Etxebarriaren estiloa, baita fauvismoak ere.

Erretratuak eta beste

Artistaren sorkuntzen artean, nabarmenak dira erretratuak, batetik, eta natura hilak deituriko konposizioak, bestetik. Biak ala biak dira baliagarriak pintoreak hornidurei ematen zien pisuari erreparatzeko, eta denetan da agerikoa, halaber, koloreen arteko jokoa eta batasuna, horrek kezkatzen baitzuen Etxebarria gehienbat, Mendietaren arabera: «Bere borrokarik handiena kolorea modulatzea izan zen, tonu batetik bestera igarotzea eta, Mattisek esan zuen bezala, 'koloreak osotasunean urtzea'». Ildo horretatik, «espresioa kolorearen bitartez bilatzen zuen», eta, ondorioz, tonuak ez zituen «irizpide zientifikoen arabera» erabakitzen, baizik eta «sentsibilitatean oinarrituta», historialariaren hitzetan.

Zeramikazko loreontziak, loreak, frutaontziak, liburuak eta estanpak agertu zituen Etxebarriak natura hiletan. Erretratuak taxutzeko, modelo ugari izan zituen eskura, eta, haien artean, Espainiako 98ko Belaunaldiko idazle andana. Bisaia serio edo ez hain solemneekin, kolore deigarridun hondoekin, irakurtzen edo soilik posatzen: hala erretratatu zituen Pio Baroja, Ramon Valle-Inclan, Azorin, Miguel Unamuno, Ramiro Maeztu eta Jose Maria Salaverria, besteak beste.

Harreman handia izan zuen haiekin; miretsi egin zituen, eta haiek ere miretsi zuten bera: Barojak, esaterako, «ezohiko zintzotasuna» aitortu zion. Harreman horiek eragina izan zuten ezinbestean Etxebarriaren obran: esaterako, Espainiako landa munduko pertsonak agertzen hasi zen pinturetan, haien bizitza zailak xehatzen, belaunaldi literarioko kideek beren liburuetan egin bezala. Hain zuzen, gisa horretakoak izan ziren Arte Ederren Museoak bereganatu zituen Etxebarriaren lehen artelanak.

1911n sortu zuten Euskal Artisten Fundazioa —Etxebarria izendatu zuten zuzendaritza batzordeko kide-, eta 1919an, Arte Ederren Museoan euskal artisten lanez osaturiko erakusketa bat antolatzea proposatu zuen elkarteak, museoaren bilduma propioa ugaritze aldera. Etxebarriak aurkeztu zituen lanetatik, Avilan (Espainia) ondutako bi hautatu zituen instituzioak: El paria castellano, «figura bakarti eta sarkorra», Mendietaren iritziz; eta Serrano de Ávila, «errege trazakoa eta borondate handikoa».

Hiru urte lehenago —1916an— antolatu zuten bere lehen bakarkako erakusketa, Euskal Artisten Fundazioko aretoan, zehazki. Orduko hartan ere landa eremua hizpide zuten artelanak erakutsi zituen: Granadako (Espainia) ijitoenak, esaterako. Euskal kostaldea ere irudikatu zuen: Ondarroako (Bizkaia) zubi zaharraren pare bat margolan aurkeztu zituen, txalupek inguratuta, eta itsasotik itzulitako arrantzale andana bat. 1923an, Parisen antolatu zuen erakusketa bat, eta «ustekabe artistikoa» izen zen hangoentzat, Mendietaren hitzetan. Lau urte geroago eskaini zioten azken erakusketa indibiduala, Buenos Airesen, eta 1931n hil zen, bihotzekoak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.