Albiste erauntsiari kantatzea

Aktualitateak maiz markatu izan du bertsolarien jarduna plazan, baina, Sustrai Colina bertsolariak eta Maite Berriozabalek diotenez, hari nola kantatu asmatzea da giltza.

Neska talde bat Kabulen, herrialdea talibanen kontrolpean geratu berritan, kalean aterkipean paseatzen. STRINGER / EFE.
Inigo Astiz
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Hainbat hilabetez guztiz eteteraino baldintzatu dute bertsolaritzaren plaza koronabirusari buruzko egunez eguneko albisteek, baina, mutur horretara heldu gabe, aktualitate informatiboak maiz markatu du bertsolarien jarduna. Talibanek Afganistanen kontrola hartu dute. Emakume bati eraso diote. Martxan da 13/13 makro-auziaren epaiketa. Txantrea auzoan autoa aparkatu ahal izateko TAO sistema ezarri du Iruñeko Udalak. Elektrizitatearen prezioa igo egin da. Eta, noski, pandemia, bere etenik gabeko hildako, debeku eta txertatzeei buruzko tantakako jarioarekin. Publikoa ohituta dago unean uneko albisteei buruzko bertsoak entzutera, baina Sustrai Colina bertsolariak eta Maite Berriozabal gai jartzaileak diotenez, garrantzitsuena ez da izaten zeri kantatu, nola baizik.

«Gurea da ezer gutxi kontrolatzen duzun alor bat», Colinak azalpena, «eta heldulekuak bilatzen dituzu horregatik; eta igual aktualitatea da helduleku agerikoenetako bat, baina ez dut uste emankorrena denik. Ez dut uste gaur egungo bertsolaritza egunkariko titularrak 10/8an ematean datzanik. Niri behintzat ez dit funtzionatzen». Sorkuntzarako tartea topatzeko aukera ematen dion neurrian zaio interesgarri berari.

Colinak dioenez, urteekin aldatuz joan da bertso saioetan aktualitate gaiek duten pisua eta zentraltasuna. «Garai batean askoz ere garrantzi handiagoa ematen zitzaien egunkariko gaiei, eta gai horiek bere horretan jartzen zizkiguten bertsotarako. Ni hasi nintzenean, gogoan dut, bakarka tokatzen bazitzaizun, seguru zen munduko injustiziarik handienetako bati buruz kantatu beharko zenuela, eta, gainera, bere gordinean».

Iritzi berekoa da Berriozabal ere. «Nik neuk ere sentitu izan dut inoiz gai batzuk jarri beharra, eta gauza publikoagoak jarri beharra ere bai. Nik sentitzen nuen beti gai pertinenteak jarri behar nituela. Nire gaiak onak izan zitezen kantarazi behar nuen momentu horretan boterean zegoenak edo nire inguru sozialak pertinentetzat zituen gaiei buruz».

Garapena ikusi du Berrioazabalek. «Gaur egun, gaiak jartzerakoan iruditzen zait gehiago jo dugula ikuspegi pertsonala gehiago plazaratzera, emozioak ere gehiago ekartzera, eta ez izatea bakarrik 'gertatu da', 'egin dizute', 'erori da'. Aldaketa egon da hor».

Aktualitateari izkin egin beharra ere sentitu du pandemia sasoian. Berriozabal: «Egunero oso kontziente izan naiz aktualitateari ihes egin nahian pasatu dudala ia urte eta erdi. Orain artean, saioetan %30 edo %50 hartzen zidan aktualitate informatiboak, baina bat-batean hainbesteko indarra hartu du gai bakar horrek, inpresioa nuela, saioan geneukan aldarteagatik eta, aktualitatea ez zela hain garrantzitsua. Surrealista izan da. Eta hor ohartu naiz zer pisu izan duten aktualitateko gaiek».

Nor da Katrina?

2005. urtea, Katrina urakanak AEBetako hegoaldean lur hartu, eta New Orleans hiriko dikeak lehertu ditu. Milioi bat biztanle lekualdatu behar izan dituzte agintariek, eta ehunka konta daitezke hildakoak, telebistek orduak eskaintzen dizkiote albisteari, eta gai jartzaileak ere informazio eta irudi olde hori guztia du buruan bueltaka, mikrofonora gerturatu eta Manuel Sein Xanpun bertsolariari gaia jarri dionetan, hitz bakarrean: «Katrina». Kantatu ditu Xanpunek hiru bertsoak, hunkitu du publikoa tarteka, txaloak jaso, eta lanak amaitutakoan, atzean dituen bertsokideengana itzulita egin die galdera: «Nor da Katrina?».

«Zer pentsatu handia eman zidan horrek». Colinak gogoratzen duenez, 15 edo 16 urte inguru zituen orduan, eta bera zen Xanpunen galdera entzun zuten bertsolari haietako bat. «Hori ikusita, pentsatzen duzu igual aktualitatea inportantea dela, baina ez hainbeste; bertsoa beste zerbait da, emozioa beste nonbait dago. Noski, aktualitateak lagundu dezake bertsoa edo jolasa edo emozioa hauspotzen, baina ez hainbeste agian».

Helduleku propioak

Zilipurdi linguistiko batekin laburbildu du Colinak une honetan aktualitate gaiak suertatzen zaizkionean egin ohi duen ariketa mentala. «Kokatu notiziak zeure kasilletan, zu notiziak ematen dituzten kasilletan kokatu beharrean». Zer esan nahi du horrek? Bada, bertsolariak intereseko dituen eta etxean landuak dituen kezkekin bat egiten dutenean bilakatzen direla gai batzuk interesgarrien. «Nik baldin badauzkat interesatzen zaizkidan gai batzuk buruan, izan daitezkeenak, adibidez, porrotaren kudeaketa, osasun mentala eta lau edo bost halako, ba, horien bidez begiratu diezaieket albisteei». Eta adibidea ere jarri du ondoren. «Pablo Iglesiasen hauteskundeetako emaitza hutsak, bere horretan, ez zaizkit interesatzen». Balio dezakete, ordea, adibidez, porrotari buruz egindako gogoetak kantatzeko aitzakiatzat.

Colinak dioenez, gainera, aktualitatea ere aldatu egiten da lekuz leku. «Herriz herri ibiltzen gara gu, eta hor aktualitate nazionalarekin gurutzatzen da aktualitate lokal bat, eta aktualitate lokal horrek saioetan askotan pisu handiagoa dauka aktualitate nazionalak baino». Entzuleek maite dituzte gertuko gaiak, eta harrera beroagoa egingo diete maiz. «Denborarekin, horregatik, ikasten duzu gaiei zeuretik heltzen, ezin duzulako kontrolatu Euskal Herri osoan zer notizia dabiltzan. Baina esaten badidate Txantrean zona urdina jartzen ari direla eta auzokideak haserre daudela, badauzkat nik helduleku propioak gaiari heltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.