Paisaia ilun baten soinu banda

Pasadena sortu dute Libe Garcia de Kortazarrek eta Jon Basagurenek, eta izen bera duen diskoa atera. Giro iluna iradokitzen duten zortzi kantu bildu dituzte, argi printzek zulatuak

Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariak. GALDER IZAGIRRE.
Ainhoa Sarasola.
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Sima hotz batera/ bota zenituen/ bihotzean traba/ egiten zizuten/ guztien gorpuak». Gitarraren eta teklatuen lehen noten ondotik, ahots pausatuz kantatzen dituzte hitzok Libe Garcia de Kortazarrek eta Jon Basagurenek. Sima kantuak irekitzen du Pasadena diskoa, eta abestiak iragartzen duen giro ilun horrek bustitzen ditu, gehiago edo gutxiago, jarraian datozen zazpi piezak ere. «Baina gaur/ piztu da/ argi bat/ zuloan», segitzen du kantuak; dena ez baita ilun, argi izpirik ere iragazten baita tarteka akordeen eta esaldien artetik. Pasadena da bi musikarien proiektu berria, eta izen bereko albuma argitara emanez aurkeztu dute; «paisaia baten soinu banda» ere izan daitekeen albuma da, haien hitzetan.

Izaki Gardenak eta Libe taldeetan elkarren kide dira bi musikariak; Basaguren du buru lehenak, eta Garcia de Kortazar besteak. Urteak daramatzate elkarri kantuak osatzen laguntzen, baina hasieratik biena izango zen proiektu bat sortzeko gogoa sentitu zuten, eta Pasadena izendatu dute. Basaguren: «Izena pentsatzen hasi ginenean, gustatu zitzaigun, batetik, guretzat oso era naturalean sortu den zerbait delako, eta, azkenean, hori da pasa dena. Bestetik, bada leku izen bat ere, eta kantuek hartu zuten giroarekin ikusten genuen izan zitekeela paisaia baten soinu banda, eta, beraz, gustatu zitzaigun leku izen bat izatea ere».

Elkarrekin aurrez eginiko bideak ekarri zuen, hala, Pasadena era naturalean sortzea. «Betidanik izan dugun ideia bat zen», azaldu du Garcia de Kortazarrek. «Joan den udan-edo, etxean probatzen hasi ginen ea zer edo zer ateratzen zen». Beren beste taldeak uneotan geldirik egoteak lagundu zien behar zuten tartea hartzen. «Eta esan genuen: 'Orain da unea'».

Elkarrekin sortzera ohituta badaude ere, lan egiteko era desberdina izan da oraingoan. Garcia de Kortazar: «Nire proiektuan, adibidez, nik sortzen ditut nire abestiak, gutxi gorabehera, eta, gero, taldekideekin moldaketak egiten edo ideiok bukatzen ditugu». Eta antzera Izaki Gardenak-en; Basagurenek kantuak sortu, eta berak haiei pianoa eta ahotsa gehitu ohi dizkiela azaldu du. «Baina Pasadena-n hasieratik biok eta bion artean sortu ditugu kantuak». Batek melodia bat ekarri, besteak aldaketa bat proposatu... hala joan dira osatzen disko berriko abestiak. «Hemen, hasiera-hasieratik biok parte hartu dugu kantuetan; are, puntu batetik aurrera jada ez genekien norena zen lehen ideia ere», gehitu du Basagurenek.

Kantu bat sortzeko pausoetan, baina, ohikoa duten eran aritu direla azaldu dute: normalean, gitarra edo piano melodia bat izaten dute abiapuntua; gero, ahots bat gehitzen diote batak edo besteak; eta, azkenik, hitzak. Kasu honetan, «oso-oso bukaeran» iritsi ziren hitzak. Basaguren: «Kantuak etxean nahikotxo maketatu genituen, eta hitzak bukaera-bukaeran heldu ziren. Bagenituen hitzik gabeko melodia batzuk, eta, dena itxita genuenean, abestia zer izango zen ja ikusten genuenean, orduan jo genuen hitzen bila».

Luiziak, bihotzak, labanak, sumendiak, orbainak, beleak, aztarnak, errautsak, lainoak eta biziberritzeak ageri dira kantuetan. Baita beste irudi asko ekartzen dituzten hitz gehiago ere. Disko osoa kontzeptu baten bueltan sortzea buruan izan bazuten ere, azkenean «nahiko solte» entzun litezke kantuak, haien ustez. Basaguren: «Baina egia da kantuek adierazi ditzaketela pertsona baten bizitzako fase eta sentimendu ezberdinak, norbaiten bizitza konta dezaketela». Eta iluna nagusi denean, tarteka, hor da argi izpia. «Hori gertatzen da bizitzan ere», Garcia de Kortazarren iritziz. «Une batean zulo batean zaude, eta, gero, egun batean, gauzak oso desberdin ikusten dituzu bat-batean». Harentzat, bizi zuten garaia eta orduan sentitzen zutena ateratzeko modu bat izan da diskoa.

Gainera, Basagurenek iritzi dio zenbait esaldik zinema beltza iradoki dezaketela: «Badago bidaia ere kantuetan, baina gehiago da zinema beltza edo road movie itxurako zerbait igual». Post-apokaliptiko hitza ere aipatu du letrez mintzatzeko. «Badirudi zerbait oso grabea gertatu dela hiri, mundu edo Pasadena den hartan, eta pertsonaia hor dabilela, bueltaka. Post-apokaliptikoa izan daiteke norberari gertatutako zerbait ere, oso garrantzitsua edo traumatikoa den zerbait gertatu zaizunean, barnean geratzen zaizun paisaia hori izan daiteke Pasadena».

Kantuak osatuta zituztela, aurrez taldekide izandako Danilo Foronda (baxua eta gitarra) eta Dani Arrizabalagarengana (bateria) jo zuten haiek janzteko. Elkarri grabazioak bidaliz lan egin dute oraingoan, ez lokalean, amaierara arte ez behintzat. «Kantuak aurrez asko fintzen ibili ginenez, nahiko argi genuen zer izan behar zuten». Horrela ere ongi aritu direla uste dute, eta moldaketetan gustuko izaten duten «iluntasun puntua» lortu dutela. Grabatzera, berriz, Raul Perezen Sevillako (Espainia) La Mina estudiora jo zuten joan den irailean; han ondu zuten Izaki Gardenak-en Dena oskol (2018) diskoa ere.

Zuzenekoetarako gogoz

Durangoko Azokan bihartik aurrera jarriko dute diskoa eskuragarri, Gasteiz inguruko beste zenbait talderekin sortu zuten Erraia diskoetxearen mahaian. Azokaren ondotik iritsiko da dendetara, CD formatuan. Eta biniloak, berriz, urtarrilaren amaiera aldera iritsiko direla aurreikusten dute; Internetez dabiltza eskaerak bideratzen.

Eta otsailean kantuak zuzenean aurkezten hastea da asmoa. «Kristoren talde batekin», iragarri du Garcia de Kortazarrek, irriz. Izan ere, Forondaz eta Arrizabalagaz gain, oholtzan kide gehiago batuko zaizkiela aurreratu dute. Entseatzen hasiak dira, eta gustura dabiltza. «Entseguetatik irribarre batekin ateratzen gara, eta musikaz berriro pila bat gozatzen ari gara». Gerora talde gisa jarraituko duten, denborak esango du. Basaguren: «Pixka bat ari gara gorputzak eskatzen diguna egiten, ze horrela sortu zen hau ere. Orain, nik behintzat, sekulako gogoa daukat zuzenean jotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.