Artearen lekuak. Ekainberri

Historiaurre garaikide bat

Munduko ondarea da Ekaingo kobazuloa, eta haren erreplika bisitatzeko aukera dago Zestoan: Ekainberri. Duela 13.000-14.000 urteko labar pinturen kopiak daude bertan.

Ekainberriko labar pintura bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Zestoa
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Urteak eta urteak atzera egin, eta beste errealitate batean sartu. Ikasi, historian bidaiatu eta bizi, sentitu. Historia eta istorioz beteriko txokoan murgildu. Uda da, eta epel dago giroa; barruan freskoago, baina kontraste handirik gabe. Kobara iritsi aurretik hasten da, ordea, bisita; ordu laurden pasatxoko paseoa, Zestoatik abiatuta (Gipuzkoa), Sastarrain bailaran barrena. Herrira iristerako, kartelek ematen dute lehen informazio kolpea: Ekain, munduko ondarea.

Nonahi daude afixak, errepidearen alde batean eta bestean, kale horretan eta albokoan. Oinez joan behar da haraino. Belarra moztu berri, eguzki printzen epelean; lasai dago ingurua, goxo. Erreka zarata eta bide laua ez guztiz. Harrizko zubi bat igaro, eta seinaleei segitu: Ekainbidea. Familia bat dago Lili Jauregiaren parean; kuriositatez begiratzen diote eraikinari. Aurrera segitu, Olalde baserria pasatu, eta konturatzerako hor dago: parean prehistoriara jauzia, labar pinturen etxea. Zainduta dago ingurunea; halakoa da kobak naturarekin duen harremana ere. Lasaitasuna, atsedena arnasten da. Ekainberri da, 2008an ireki zuten Ekaingo kobazuloaren erreplika.

Eta bertan talde bat dago zain. Jertsea jantzi dute, badaezpada, barruan nolako tenperatura egingo. Ez da beharrezkoa; ez janztea, ez eranztea. Eraikinaren barrura doaz, eta bankuetan eseri dira, gidariaren azalpenen zain. Argazki bat ateratzeko —selfie bat— aprobetxatu du tartea bikote batek. Jarraian gorde dute mugikorra; behin koba barrura sartuta ezin da argazkirik atera. Azalpen labur batzuekin testuinguruan jarri, eta haitzuloan sartu dira. Iluntasunak «beldurra» ematen dionik ere bada. Historiak harrapatu du berehala, eta ahaztu zaizkio ikarak. Historiaurreko arteaz gozatzen ari dela dirudi.

Aurrea doaz. Zirkularra da bidea, eta isiltasunean egin dute lehen buelta, lurrean dauden argiei segika. Bidaiariak adi, paretetako irudiei so. Maskara jantzia dute batzuek; erabiliko ez duen argazki kamera lepoan zintzilik du beste batek. Historia dago arroketan idatzita. 14.000 urte egin dute atzera, eta hasi da bakoitzaren imajinazioa dantzan, denboran jauzika. Sentsitiboa da lehen itzulia: entzun, begiratu, sentitu, pentsatu. Pauso arinean doaz. Labar pinturak ikustean, are gehiago mantsotzen dute ibilia. Komentarioak ahopean: «Begira hori». Zaldiak, bisonteak eta hartzak; baina, gehienbat, zaldiak. Eta, halako batean, bideo baten erreprodukzioa. Irudiak jarri dituzte lurrean, garai hartako bizimodua irudikatuz. Bisitariak, adi.

Zaldiak totem

Bestelakoa izan da bigarren itzulia; gidaren azalpenek gidatutakoa. Hasteko, argi azaldu du: «Ikusiko duguna Ekaingo haitzuloaren erreplika da, baina ez kobazulo osoarena, bere ezaugarri berezienarena baizik, barruan daukan labarretako artearena». Kobazuloko margoen %85 inguru dago erreproduzituta. 500-600 metrotara dago jatorrizko haitzuloa, itxita.

Laserra du lagun gidariak. Argiak dira paretetako irudi batzuk, baina interpretatu beharrekoak besteak; horregatik, eskertzen da argi gorriarekin forma ematea. Hasieran kostatu zaie hainbati margoak ulertzea: «Non dago bisontea? A bai, hor». Garbi ikusi dituzte aurrerago daudenak. Duela 13.000-14.000 urte inguruko gizakiek egindako margolanak dira horiek, Goi Paleolito bukaeran marraztutakoak —Madeleine deitzen zaio aldi horri—.

Arkeologoek Zaldi buru harkaitza deituriko arroka da lehen kolpean ikusten dena; zaldi baten antza du, eta baliteke haitzuloaren izanarekin lotura izatea. Arrokaren alboetan, bisonte bat eta zaldi buru bat daude marraztuta. Kobaren ezkerraldean, beste zaldi buru bat ikus daiteke, «berezia». Batetik, duen tamainagatik; bestetik, hura margotzeko moduagatik: manganeso mineralarekin egina dago —Ekainen bi irudi bakarrik daude hala eginak; egur ikatza erabiliz eginikoak dira besteak—. Estalagmitak eta estalaktitak ere ikusten dira.

Galeriak datoz jarraian, eta bi panel: handia eta txikia. Zaldiak dira protagonista, haiek dutelako toki gehien «santutegian». Geziz zaurituta ageri dira bi, eta horra galdera: ehizatutako animaliak marrazten zituzten? Ezezkoa da erantzuna; ez Ekainen kasuan behintzat. Baztertuta dago teoria hori; han ehiza ez baitzen zaldietan oinarritzen: «Sakratuak dira zaldiak; totemismo moduko bat da». Beste panelean, mirestekoa den «kalitate teknikoz» egindako zaldien margoak daude, xehetasun guztiekin.

Urrats batzuk, eta beste geldialdi bat egin dute. Bi hartz daude oraingoan margotuta: ama eta kumea dirudite. Hobeto ikusten dira makurtuta, eta gorputza beheratu dute askok. Gidariak azaldu duenez, manganesoarekin marraztuta daude horiek ere. Eta bada beste bitxikeria bat: kobazuloan dauden ia zaldi guztiak hartz horiei begira marraztuta daude.

Apur bat aurrerago, berriz, hartzen hobi bat dago: «Ekaingo jatorrizko haitzuloan hauen antzeko ehun zulo inguru daude». Halaber, badaude hartzek kobazuloa okupatu zutela adierazten duten bestelako hainbat zantzu; hormetan eginiko atzaparkadak, esaterako. Neguko lozorroa edo hibernazioa egitera sartzen omen ziren. Itzulia bukatu aurretik, beste panel bat; zaldiak berriro protagonista. Irudiak eskematikoagoak dira oraingoan, eta ez daude halako xehetasunez marraztuak. Beste irudi berezi bat arrokan: grabatutako gezi bat, eta, azpian, behorraren margoa. Ikatzez marraztutakoak dira aurretik ikusitako geziak, baina grabatuta dago azken hori.

Osatu dute itzulia. Pare bat galdera egin dituzte bisitariek, azken zalantzak uxatzeko asmoz: «Jatorrizko koba bizirik dago?». Baietz erantzun die. Ez dago duda gehiago, eta, erreplika atzean utzita, aire zabalera irten dira; ilunpetik argitara. Gidariari eskerrak eman, eta bueltako bidea hartu dute, ikusitakoa komentatzen, lasai, patxadaz. Historiaurretik irten, eta orainean dira berriro.

HISTORIAURREKO ARTEA
Urtea. Duela 13.000-14.000 urte inguru.
Lekua. Ekainberri, Ekaingo kobazuloaren erreplika, Zestoan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.