Dabilen harriari goroldiorik ez

The Rolling Stones taldeak urriaren 20an argitaratuko du 'Hackney Diamonds' disko berria. 'Angry' aurrerapen kantua aurkeztu du Londresen eginiko agerraldian

Mick Jagger, Keith Richards eta Ron Wood, atzo, Londresen eginiko aurkezpenaren aurretik. TOLGA AKMEN / EFE.
mikel lizarralde
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken asteetan mundu osora zabaldu den kanpaina ia kriptiko baten bitartez joan da The Rolling Stones taldea disko berri bat grabatu duela aurreratzen. Abuztuan, Hackney Gazette egunkarian argitaratutako iragarki batek eman zituen lehen pistak. Hackney Diamonds izeneko konpainia baten aurkezpenarekin batera, musika taldearen hainbat kantutako hitzekin osatutako testu bat ageri zen, eta baita The Rolling Stonesen sinbolo bilakatu den mingaina ere. Gerora etorri dira sinbolo horren beraren agerpenak mundu osoko leku enblematikoetan, eta, atzo, azkenik, taldeko hiru kideek, Mick Jaggerrek, Keith Richardsek eta Ron Woodek eman zituzten lan berri horren gaineko argibideak, Londresen eginiko agerraldian. Urriaren 20an publikatuko dute Hackney Diamonds, Charlie Watts bateria jotzaile eta taldeko jatorrizko kidea hil ondoren grabatu duten lehena. «Dena ezberdina da bera joan zenez gerotik. Beti izango da laugarren kidea. Asko sumatzen dugu haren falta», adierazi zuen Richardsek berak aurkezpenean.

2005. urteaz geroztik material berriarekin osatu duten lehenengo diskoa izango da Hackney Diamonds —urte hartakoa da A Bigger Bang—, nahiz eta orduz geroztik pare bat lan argitaratu dituzten: Shine a Light, Martin Scorsesek filmatutako kontzertu bat jasotzen duena (2008), eta Blue & Lonesome (2016), blues kantuen bertsioez osatutakoa.

Hackney Diamonds-en aurrerapena ere aurkezten zuten, taldearen gitarra riff klasiko bat duen pieza: Angry. Hain zuzen ere, taldekideek onartu zuten kantu horren inguruan joan direla osatzen gainerakoak ere. «Lehen kontzeptua amorrua izan zen, eta gero joan zen iristen gainerako guztia: maitasun kantuak, countrya... Disko oso eklektikoa dela esan dezakegu». Dreamy Skies, Sweet Sounds of Heaven, Live by the Sword, Depending on you eta Get Close dira diskoan azalduko diren kantuetako beste batzuk.

McCartneyren kolaborazioa

Jaggerrek (ahotsa), Richardsek (gitarra) eta Woodek (gitarra) Steve Jordan izan dute laguntzaile baterian, nahiz eta Wattsek grabatu zituen pasarte gutxi batzuk ere erabili dituzten diskoan.

Gainera, Bill Wyman The Rolling Stonesen jatorrizko baxu jolea izan zenak —1993an utzi zuen taldea— grabazioan parte hartu du, eta baita Paul McCartneyk ere, horrek ere baxua joz kantu batean.

Urrian iritsiko da Hackney Diamonds, eta jarraian etorriko da diskoa mundu osoan aurkezteko bira ere; harriari goroldiorik lotu ez dakion, ibiltzea komeni zaiolako. Eta The Rolling Stonesek ondo daki hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.