Zailtasunak gaindituta, zapatuan estreinatuko dute 'Tonbola' obra

Alarma egoeraren ondorioz, Hika teatroko kideek etxetik bukatu behar izan dute azken lana. Errenterian emango dute lehen aldiz, bihar, eta, doan izan arren, sarrera beharko da

Tonbola ikuskizuneko eszena bat, jendaurrean egin ahal izan duten entsegu bakarrean. DANI BLANCO.
amaia igartua aristondo
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Izenak iradokitzen duen bezala, zoriaren eskuetan egon da Hika teatroaren Tonbola ikuskizunaren estreinaldia, baina, azkenean, larunbatean izango da lehenbiziko emanaldia, Errenteriako Miguel Irastorza plazan (Gipuzkoa). Agurtzane Intxaurragaren azken obrak Europako egoera du hizpide, baina egiten duen erretratua ez da preseski eskuzabala kontinente zaharrarekin. Antzerki «soziopolitikoa» da, zuzendariaren hitzetan, eta «salaketa» du helburua, oroz gain. Euskarazko bertsioa 19:30ean aurkeztuko dute; doakoa izango da, baina sarrera beharko da. Errenteriako webgunean daude eskuragarri.

Pop kulturako adibide ezagun eta atseginak errefuxiatuen egoera latzarekin uztartu ditu Intxaurragak. Aurrez aurre jarri ditu Eurovision eta Egeo itsasoa, kontrastean; Europaren argiak eta ilunak, dibertsioa eta errua. Lehiaketa ezagunaren moduan, dantza, kantua eta bestelako diziplina artistikoak uztartzen dituikuskizunak, baina, hark ez bezala, agerian uzten du iparralde globalaren ifrentzua.

«Bi errealitate bizi ditugu, eta batzuetan ez dira nahasten», dio Intxaurragak. Nolabait, Eurovisionek «Europaren memoria historikoa» ere osatzen du, zuzendariaren iritziz, eta migratzaileen egoeraren metafora ere bada, era berean: «Europaren dekadentziaren adierazgarri da. Berlingo harresia jausi zenean, mugak ezabatzeko ametsa hasi zen, baina ahaztu egin zaigu esatea hau festa pribatua dela, eta, ondorioz, edonork ez duela sartzeko aukerarik». Helarazten den Europaren irudia auzitan jartzen du Tonbola-k, eta, horretarako, ikuspegi anitzetara jo du Intxaurragak. «Umiltasun osoz», hainbat kolektiborekin harremanetan jarri dira edukiak ontzeko, eta bi etorkinek hartuko dute parte emanaldi bakoitzean, ez artista moduan, ezpada migrante moduan. «Ikuskizunak ahotsa emango die, eta mugak hautsiko ditu».

Europara heldu berria den familia baten inguruan harilkatzen da istorioa. Tonbola baten jabeak dira, eta, bizileku berria zapaldu bezain laster, txartelak zozketatzen hasiko dira ingurukoen artean. Intxaurragarentzat, gaztetako oroitzapenen parte dira herrira iristen ziren familia horiek eta berekin zekartzaten ahuntzak. Eta hala txertatu nahi izan ditu obran, animalia eta guzti, nahiz eta egoera orokorrago bat kontatzeko aitzakia baino ez izan. Ahuntzak ere badu garrantzia ikuskizunean, errefuxiatuak gorpuzten dituelako figura horrek: «Konturatu nintzen bazegoela alderatzerik: kapazak dira edozein toki ziztrinetan bizirik irauteko; leku helezinenetara iristen dira...».

Tonbola ikuskizun «sozial eta politikoa» dela azaldu du zuzendariak, baina, aldi berean, umorezko antzerkia da, kaleko formatuari dagokion legez. Nola nahas daiteke Europara heltzeko senperrenak egin behar dituztenen egoera barre algarekin? «Gaia oso larria da, baina kaleak festa eskatzen du. Umore korrosiboa egin nahi nuen, eta kabaretak hori onartzen du». Nahaste horren emaitza «asko eskatzen» duen ikuskizun bat da: «Aktoreek diziplina asko kontrolatu behar dituzte, eta ahotsa manipulatu behar dute zuzenean; oso teatro fisikoa da». Eszenografia, «sinplea baina eraginkorra», aldatuz doa, egoera dramatiko ezberdinetara moldatzeko eta atmosfera egokiak sortzeko. Oscar de Pazek sortu du, eta «nortasun handikoa» dela uste du Intxaurragak.

Dena hankaz gora

Zuzendariak aurretik ere erabilitako sorkuntza prozesu batera jo du azken ikuskizuna mamitzeko: inprobisazio faseak izan eta, ondoren, egindako horrekiko distantziarekin, nola geratzen den baloratu. Denbora hartu du zuzendariak prozesu hori garatzeko: Tonbola duela urtebete hasi zuen, eta hilabeteetan zehar sormen ariketa horiek egiten joan da. Martxoan, alarma egoera ezarri baino astebete lehenago, zati solte horiek bateratu eta ikuskizunari forma eman zioten: «Biluzik zegoen oraindik, baina bihotza zeukan».

Oinarria finkatuta, konfinamenduaren abaroan borobildu behar izan dute ikuskizuna: «Krisi handia izan da, eta ikaragarrizko lana. Musika, eszenografia, jantziteria... dena bideo deien bidez egin behar izan dugu». Tonbola-ren estreinaldia datorren urterako atzeratzea ere gomendatu zien inork, baina, zuzendariak dioenez, teatroak udan lan egin behar du «lurra ez jotzeko». Arazo ekonomikoak ez ezik, sentimentalak ere akuilu izan dira udan estreinatzeko: «Zazpi hileko haurdunaldia zen, umeaz erditzeko beharra nuen».

Maiatzaren 11n elkartu ziren Hika teatroko kideak entseatzeko, aukera izan bezain laster. Konfinamenduaren aurretik zeuden guztiak bildu ahal izan zituen Intxaurragak, hori lortzea zail begitantzen zitzaion arren, sektorearen «prekaritateak» aldibereko hainbat lan hartzera bultzatzen dituelako aktoreak. Jendaurrean egin ahal izan duten entsegu bakarrean «biluzik» sentitu zirela aitortzen du Intxaurragak. Koronabirusak ageriko lorratza utzi du. Konfinamenduan zehar obraren «arkitektura espaziala» moldatu zuen aktoreen artean distantzia handiagoa egon zedin, eta publikoa ukitzea debekatuta dago. Kuadrillak sakabanatuta zeuden, eta guztiek maskara zeramaten. «Oso gogorra da ezin jakitea publikoa nola sentitzen den, aspertuta dagoen... Gainera, jendea gertu dagoenean emozioak kutsakorragoak dira».

Oztopoak oztopo, larunbatekoaz gain hamalau emanaldi dituzte antolatuta urrira bitarte, haietako bat Galizian, uztailaren 11n. Bizitza tonbola denez, aurten inoiz baino gehiago, gainera, ezin daiteke jakin programa bere osotasunean bete ahal izango duten. Hala ere, arriskatzeko prest daude: «Emanaldi bakoitza abentura bat izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.