Eskalaren intimitateak agerian

Nagore Amenabarrok 'Platina' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bitxigintza eta eskultura erlazionatuz sortu ditu piezak. Otsailaren 7ra arte dago ikusgai

Nagore Amenabarro artista erakusketarako egindako altzairuzko pieza baten alboan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
aitor biain
Donostia
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Bitxigintza eta eskultura: bi ardatz horiek oinarri hartuta aritu da lanean Nagore Amenabarro; bi esparru horien arteko loturetan arakatu baitu artistak pieza berriak sortzeko. Kasu batzuetan gehiago lerratu da alde batera, eta beste batzuetan bestera, baina bi esparruak erlazionatu izanaren ondorio dira azken urtean sortu dituen obra gehienak. Platina izeneko erakusketan bildu ditu denak, eta Donostiako San Telmo museoko laborategia aretoan jarri ditu ikusgai orain. Otsailaren 7ra arte izango dira bertan.

Artea abian programaren barruan landu ditu piezak Amenabarrok: San Telmo museoak eta Kutxa Fundazioak elkarlanean sortutako egitasmoa da, eta oraindik ibilbide profesionala garatzen ari diren sortzaileei laguntzea du helburu. Bakarkako lehen erakusketa monografikoak egitea erraztu nahi diete. Gipuzkoan jaiotako edo lurraldearekin lotura duten artistek hartu dezakete parte.

Amenabarro da programako lehen artista hautatua. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Parisko Ecole National Superieure des Beaux-Artsen, eta, gerora, hainbat egonaldi artistikotan parte hartu du Austrian, Turkian eta Hego Korean, besteak beste. Bere lanak bertako nahiz nazioarteko erakusketetan erakutsi ditu, bakarka nahiz taldean, eta lehen aldia du museo handi batean.

Pinturaren esparrutik egin du artistak gaur arteko bidea, hein handi batean, baina badira pare bat urte eskulturara eta objektura hurbildu zela. Erakusketa bera bada diziplina guztien batura moduko bat: eskulturek, objektuek nahiz irudi margotuek osatzen baitute bilduma. Areto zabal batean elkarrekin daude lan guztiak. Obra gehienak erakusketarako egindakoak dira, baina badira lehenago egindakoak ere.

Bitxigintza eta eskultura erlazionatzetik sortutakoak dira pieza gehienak, halere. Bi arloen artean dagoen «harreman uste baino agerikoagoak» erakarri du artista bereziki. «Ez dago muga zehatzik bien artean». Bada, bi esparruen artean «marruskadura» sortzen duen ardatz horren gainean sortu du erakusketa.

Intimotik publikotasunera

Sormen prozesuan arreta berezia jarri dio objektuen eskalari, eta, bereziki, piezen arteko nahiz piezen eta ikuslearen arteko harremanari. Modu horretan, esparru batetik bestera egindako jauziek aukera eman diote «intimoaren ideiatik publikotasunera aldatzeko»; bi norabideetan, gainera. «Eskalaren kontua asko gustatzen zait ez delako bakarrik tamaina kontua. Eskalak asko baldintzatzen du ikuslearen harremana objektuekiko».

Pieza batzuk gehiago lerratzen dira bitxigintzara, eta, beste batzuek, aldiz, eskulturen antz handiago dute. Baina denak dira bitxi eta denak eskultura, aldi berean. «Historikoki botere sinboliko nabarmena izan duen harribitxia bezalako objektu batetik abiatzeak nire begirada beste esparru batera desbideratzea ekarri du». Prozesuak, izan ere, gehiago izan du jolasetik asmo edo helburu jakin batetik baino: «Hasieran eman dezake oso planifikatua izan dela guztia, zerbait hartu eta 'hau egingo dut' esan izan banu bezala. Baina prozesuak gehiago izan du zoritik eta probatik».

Aretora sartu eta ezkerretara ikus daitezke pieza txiki guztiak, erakusmahai batean jarrita zein sabaitik zintzilikatuta, ilara horizontal paralelo bat osatuz. Ikuslearen arreta bereganatuko duten lehen lanak, halere, altzairuzko bi pieza erraldoi dira: zintzilik dago bata, lurrean bestea. Eta igeltsuzko hiru zilindro dituzte alboan.

Materialen eta tresnen erabilerari egiten dio erreferentzia erakusketaren izenak ere: Platina. «Izena gustatzen zait hitza bera geratzen delako nolabait materialen tartean: platinoa ekartzen dit gogora, eta zilarra, baina baita pletina ere. Tarte horretan geratzen da izena, irekia da, eta ez du esanahi zehatzik; iradokitzailea da».

Aretoaren atze hormara hurbildu ahala, berriz, irudi margotu sorta bat ikus daiteke. Prisma izena jarri dio artistak irudi serie horri, kolorearen deskonposizioari erreferentzia eginez. Izan ere, katalogoetatik nahiz aldizkarietatik hartutako orrialdeak dira denak, gainetik koloretako esprai batekin maskaratuak. Berrinprimaketa lan bat da oinarrian, irudia bi geruzaren emaitza gisa agertzen baita: batetik, euskarriak berak duen irudia dago, eta, bestetik, gainetik margotzearen ondorioz sortzen den emaitza. «Tentsio horri helduko dioten harreman kontzienteen eta inkontzienteen bilbe bat sortu nahi dut, eta, nolabait, objektu baten izaeraren osagaitzat hartzen ditugun esanahiak birpentsatu».

Erakusketarekin batera, artistaren pieza guztiak biltzen dituen katalogo bat ere argitaratu du museoak, Harkaitz Canoren testu batekin. Amenabarrok, bestetik, bi bisita gidatu eskainiko ditu abenduaren 15ean, 18:00etan bata eta 18:45ean bestea; doakoak izango dira, baina erreserba egin beharko da aurrez museoaren webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.