Artearen lekuak. Arte Bideak galeria

Industrializazioak ireki bidea

Ziburuko Arte Bideak galeria xumeak artista garaikide «zinez handiak» erakusten ditu. Euskal Herriak pairatzen duen «muga kulturala» gainditu nahi du.

Galerian Joxan Izaren erakusketa ikusgai da. Pierre Bidegain galerista ageri da atearen islan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Ziburu
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ziburuko (Lapurdi) udako giro hastialari ihesbidea eskaintzen dio Arte Bideak galeriak. Hiriko bi karrikañoren juntan, itsasotik ehun metrora, uharte izpirituala. Espanturik gabeko galeriak artista garaikide entzutetsuei egiten die batzarri.

Jose Luis Zumeta zenaren lan gehienen tamainako bi obra sartuko lirateke gehienez ere. Horregatik, artistak galeriarako espresuki sortu zituen usaiaz kanpoko izari ttipiko lanak: «Hamabost egunean egin zituen. Hunkigarria izan zen, orduan baitzen zendu», oroitu da Pierre Bidegain Arte Bideak galeriako jabeetako batek. Dudak gainditurik, erakusketa muntatu zuten familiak hartara akuilaturik.

Uneotan, Joxan Iza artistaren Ametsen egiturak erakusketa da ikusgai: lanek badute ordenaren eta desordenaren arteko joko bat, irudi geometrikoekin jolastuz. Ongi so eginez gero, muga gabeko detailez josiak dira, collageen bidez materialen uztarketa harmonikoa kausituz. Abstraktuari figuratiboa bilatu nahi bazaio, irudimenak hiriak ediren ditzake.

Galeriaren ildo editoriala argiki marraztu du Bidegainek: euskal arte garaikidea hautatu dute, ohartu baitira Iparraldekoek ez dituztela Hegoaldekoak ezagutzen. Hor baita «muga kultural bat»: «Hegoaldean artista izugarri handiak badira, eta badute kultura azkarra. Darabilten zurak, burdinak, suak eta pigmentuek erakusten dute zinez urrunetik datozela. Industrializazioak ekarri du kulturaren garapena, zientzia eta artea une berean egin baitira. Borroka politikoak eta euskararen aldekoak ere artearen garapena ekarri dute. Artearen bidez erresistentzia egin da 1930az geroztik». Bertzeak bertze, Oteiza, Txillida eta Mendiburu ditu gogoan. Iparraldeko artea hainbertze ez garatzearen zergatiaz hausnartu du Bidegainek: duela mende eta erdi bainu opor lekua bilakatua dutela, eta baserrialdea izatea.

Galeriaren kokapenaren abantailaz ere mintzatu da: «Donibane Lohizunetik bereiz da, han blokatuak gelditu dira 1930. eta 1970. urte bitarteko artean: Ramiro Arrue, Louis Floutier... Guk garaikidea hautatu dugu: Jose Zugastiren armadurak, bizikletak, armak... Eibarko burdinan murgildurik hazi baita. Ricardo Ugartek bere Pasaiako haurtzaroa ilkitzen du eskulturetan, harrigarria da egiten duena; itsasotik ateratzen du branka. Marta Cardenasen Sua eta gorputza, so egizu, sarkofagoa dirudi, egin zuelarik ez baitzen ongi. Liburuxka bateko obrak erakutsi eta oro saldu dugu. Mari Jose Rekalderen brontze tindatua ikaragarria da, poesiaz eta bizipozez betea, hauta zinez». Gonzalo Etxebarriaren erakusketaz ere oroitu da Bidegain, Debussy obra murruan zintzilikatua zela: «Baditu jarraitzaileak Euskal Herri osoan, alabaderekoa da». Koldobika Jauregiren sorkuntza ere zinez laket duela azpimarratu du.

Horiek oro Arte Bideak galeriatik iraganak dira. Arteari mapa nazionala diseinatzen dio: kasu emanez Euskal Herri osotik jin daitezen, Marie Christine Etxeberri, Baionatik, adibidez.

2018an zabaldu zuen galeria Pierre Bidegainek, Anne Marie Bidegain bikotekidearekin batera. Galeria haiena bada ere, proiektuak zortzi hanka ditu: Ines eta Mixel Jauregiberrik «zuzendari artistiko» lanak egiten dituzte, programatzen laguntzen baitituzte. Irekiz geroztik, urtero lau erakusketa muntatu dituzte, artista bederari zazpi aste osoki eskainiz eta 15-20 sorkuntza erakutsiz.

Artistekiko harremanari berebiziko garrantzia ematen diote jabeek, horregatik erakusketa bakoitzak bere errituala eskatzen du. Hautatu duten artistarekin harremanetan jartzen dira erakusketa baino urte bat aitzin gutienik: «Jendea loriatzen da hemen erakusteko. Konfiantza dute gugan; hori ederra da, galeristarengan konfiantza ukaitea. Aldiro etxean apairu on bat prestatzen dugu eta lagunak bilakatu gara. Maite dute maitatuak sentitzea, denok bezala!», erran du satisfos. Apairua baino lehenago, artistarengana doaz, bere atelierrerat, obren sorlekuan hautatzeko zeintzuk dituzten Zibururatuko.

Pasioz bizi du galeristaren lana Bidegainek. Etxean ehun bat obra dituela salatu du; 18 urte zituelarik erosi zuen lehena. Alta, gustua aldatzen ari zaio, pintura tradizionalak baititu gehienbat: «Artista garaikide hauek guztiak ezagutzeak eragiten dit. Jendeari izpirituak irekitzen dizkio, denboraz hausnarketa bultzatzen, gaur egun gertatzen ari denaz. Artistak, orokorrean, aitzindariak dira eta norberaren etxean edertasunez inguraturik bizitzea ederra da».

Ahoz ahokoaren bidez galeriak «sekulako» arrakasta duela bota du, bildumagileek baitakite non atzeman ditzaketen «kalitatezko» obrak. Ziburuko Arte Bideak «erreferentziazkoa» bilakatua da, beraz.

Paradoxikoa dirudi:gustuak hain diren subjektiboak, nola da posible artista handiak kategorizatzea? Zerk du erabakitzen artista bat ona den ala ez? Bidegainek eman du errefera: «Gizabanako bakoitzak sentitzen eta ikusten duenaren arabera da. Obrak zerbait piz lezake norberaren baitan, eta askori eragiten badie, hori da artista handia izanen. Arte unibertsala zein den badaki bildumagile batek».

Negoziorik ez

Bidegainek ez du galeria bizibide, erretreta hartu baitzuen duela urte zenbait. Hartara, artistei ez die sekula deus kobratzen, non ez den salduriko obren ehuneko ttipia, galeriaren gastuak estaltzeko: «Bertze galerietan baino gehiago ematen diogu artistari, eroso egon dadin. Artista bizia aski zaila denez, erraztu nahi diegu, merezi dute».

Galeria ez da ohiko denda, ezberdintasuna markatu du Bidegainek: «Artea bertze zerbait da, ongi sentiarazten du bera bezala pentsa daitekeela jakiteak». Baina ez da ere erakusketa «huts» bat. Dolu du Bidegainek, zenbaitetan jende gehiago sartzea nahiko lukeelako.

Udaren hondarrera buruz, irailaren 10ean estreinatuko dute Juan Gorriti eskultorearen erakusketa, urriaren 31ra arte.

ARTE BIDEAK GALERIA
Irekiera urtea. 2018.
Lekua. 2, Pocalette, Ziburu.
Webgunea.www.artebideak.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.