Amets Arzallus, lehen finalista

526 puntu eskuratuta, Xilabako finalera pasatu da Maulen jokatutako lehen finalerdian, ariketa guztietan beretik emanda. Maddi Ane Txoperenak egin du bigarren

Amets Arzallus ofizio guztietan nabarmendu zen, atzo, Maulen. BOB EDME.
Hodei Iruretagoiena.
Maule
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Hutsik egin gabe osatu du finalerdietako bidea Amets Arzallus Antiak, ariketaz ariketa. Ofizio guztietan atera dio distira bertsoren bati edo besteri, eta dotore biribildu du lana kartzelako ariketan. Nabaritu da koska hori amaierako sailkapenean: 526 puntu bildu ditu Arzallusek; 498,5 lortu ditu bigarren egin duenak, Maddi Ane Txoperena Iribarrenek. Hasieratik kolpe handirik jo ez arren, behetik gorako bidea egin du Txoperenak, eta bakarkako lan bikainarekin jo du goia.

Haien atzetik, modu honetan geratu da sailkapena: Aitor Servier Etxexuri (494 puntu), Maddi Sarasua Laskarai (477,5), Karlos Aizpurua Etxarte (460,5) eta Kerman Diaz Franco (454). Donibane Lohizuneko finalera zuzeneko sarrera du, beraz, Arzallusek, eta datozen bi finalerdietako puntuen zain geratu beharko dute gainerakoek.

Zortziko handian, zahar etxe batean duten amatxi maiteminduaz aritu dira Sarasua eta Arzallus senideak, hunkidura eta umorea nahasiz. «Ezagutu nahi nuke gizona, ta nolakoa den jakin/ bere ikustera joan gaitezen, lore sorta eder batekin», proposatu dio Sarasuak senideari. Hasieratik atera dio txispa Arzallusek, erantzunez eta bertsokideak irekitako bideari buelta emanez: «Amatxi beti errebeldea izan dugu Maddi, arren,/ nolakoa den ezaguturik dudan nago gizona den». Haren hariari tiraka biribildu du ariketa Sarasuak: «Imajinatu nezake neska, ta han ze irri kopuru/ (...)/ elkar zainduko dute horiek, ta guk zainduko ditugu».

Bertsoaldi txukuna egin dute Servierrek eta Aizpuruak ere zortziko nagusian. Gosearen aurkako elkartasun bazkari batean hartu dute parte, eta amaitu ondoren, zaborretara botatzen ari diren janariari begira dira biak. Gosearen aurka ekiteko prest badira, «soberakinak gose direnei» eman behar zaizkiela proposatu du lehenak, eta hala erantzun dio Aizpuruak: «Baina jadanik zabor biltzeko kamiona da iritsia/ (...)/ ederki asko zuritu dugu gure burges kontzientzia». Servierrek, ordea, ongi eutsi dio bere bideari, egiten ari zenarekiko sinesmena indartuz: «Karlos gurean sinetsiko dut, sinetsiko dut gero're/ beti izanen da gure etxean gelditzea baino hobe».

Zortziko txikiak ere utzi du kolperik. Sukalde berria dute Arzallusek eta Diazek, eta gozatzen ari da Diaz. Arzallusek, ordea, ahal bezain gutxi erabiltzen du, ez zikintzeko, nonbait. Ironia finez aritu dira bi bertsolariak, eta halaxe ekin dio Diazek erasora: «Ez kozinatu eta orbanak ezin ken/ orain gutxi duzula berrian ekiten/ lehen ere ez zenuen sobera egiten». Bere burua zuritzeko umorean aurkitu du bidea Arzallusek. «Zu dena prestatzen hor ari zara larri/ nik eiten dudana da umorea jarri».

Hamarreko txikian, lehen bi sailkatuen bertsoaldia izan da kolore gehien izan duena. Zientzialariak mamutak berpiztekotan direla eta, atzera begira jarri da Txoperena: «Zientziak aldatu du dugun begirada/ dena berrasmatzeko, badugu parada/ igual itzul gaitezke kobazulotara». Kobazuloak aspaldiko altxor direla, baina berak hizkuntzarena nahiago duela esanez erantzun dio Arzallusek: «galdu zirenak pizten ari badira hor/ ekar bezazkigute Etxahun ta Xalbador».

Mugak itxitakoak

Pandemiaren ondorioz Biriatuko mugan izan den egoeraren inguruan eman dute kartzelarako gaia, eta migranteen egoeraz aritzeko baliatu dute ia denek. Ale ederrak utzi ditu azken ariketa puntuagarriak, nabarmenenak, Txoperena eta Arzallusenak. Halaxe formulatu dute gaia: «Hainbat hilabetez muga fisikoki itxia ikusi duzu. Batzuen arrangura, ezantza eta tabakoa ezin erostearena izan da, baina zurea sakonagoa da».

Lehenengo bertsoan, gaiari heldu, eta Ziburun (Lapurdi) trenak harrapatutako migranteen paperean jarri da Txoperena. Horra osorik: «Zurien kezkak izaten dira, tabakoa, minbizia/ ta gureari deitzen diote, soilik migrante-krisia/ mugak itxita izan dituzte eta a ze malizia/ Bidasoatik eta nonahitik a ze ezin iritsia/ bostek pasatu genuen muga nahiz eta izan itxia/ aitzinean zen trenbidea ta gibeletik polizia». Bizirik atera zen migrantearen ahotik ari zela zehaztu du bigarrenean: «Bestela ere jasanen ditut mila zapalkuntza mota/ Parisera joan, lana lortzea izanen baitut erronka/ nahiz ta batzuek egiten duten gure alde ere borroka/ erranen dute guztientzako eraiki zela Europa».

Erreferentzia ugari erabili ditu Arzallusek egoera hori azaltzeko, hesiz jositako mundua gorputz batean irudikatuz. «Nola edo hala pasatu ditut Gibraltar eta Kantauri/ baina munduko muga guztiak ene gorputzeko zauri», amaitu du lehen bertsoa. Minaren geografia hori osatuz, baina elkartasunari eta esperantzari ere leku utziz amaitu du bertsoaldia: «Pasa ditudan leku guziez markatua dut gorputza/ Libia aldean zenbat tortura, han esperantza zen jutsa/ gero Aljeria eta Maroko, ta gero segi honuntza / ta itsasoan negar eginik, horra bidean goruntza/ Espainia ere osorik pasa, ez da zakurraren putza /kasik utzi dut norbait alargun eta haur bat umezurtza/ baina beharrik jaso dudala euskaldun baten laguntza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.