Albistea entzun

Artea

Donostiako D'museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute

Artistak Argentinan sortutako hamasei lan biltzen ditu Donostiako Elizbarrutiko D'museoko erakusketak, baina, Oteiza museoak dioenez, ez dira hark egindakoak

Donostiako Elizbarrutiaren D'museoan, hamasei pieza ikus daitezke guztira.
Donostiako Elizbarrutiaren D'museoan, hamasei pieza ikus daitezke guztira. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko ekainak 30

Jorge Oteizaren aldirik ezagunena da Amerikakoa, 1935etik 1948ra artekoa, eta, hain zuzen, sasoi hartan sortutakoak dira Donostiako Elizbarrutiko D'museoan jarritako hamasei artelanak. Hala aurkeztu zituzten behintzat, baina obra horiek ez direla Oteizarenak ondorioztatu du orain Oteiza fundazioak. Ohar bidez jakinarazi dutenez, Oteiza Argentinan izeneko erakusketako obrak ez daude artistaren lan osoa biltzen duen katalogo arrazoituan, eta Oteiza fundazioaren artxiboetan ere ez dago haiei buruzko erreferentzia dokumentalik: ez fotorik, ez eta irudirik ere. Eta horregatik ondorioa: «Aurkeztutako piezak ez dira Jorge Oteizarenak».

Ikusi gehiago: Zuloagaren lehen lantzat jotakoa faltsua dela salatu dute

Ez da erakusketaren aurka azaldutako kritika bakarra. Pilar Oteizak ere salaketa aurkeztu zuen Espainiako Poliziaren Ondare Historikoaren Brigadan, erakusketa «ondarearen aurkako erasoa» izan daitekeelakoan. Bera da artistaren ondarearen oinordekoa, eta Oteiza fundazioak Donostiako piezei buruz prestatutako txosten zientifikoa atxiki du salaketarekin batera. Piezaz pieza aztertzen du erakusketa osoa txosten horrek, eta guztiak jotzen ditu faltsutzat. Fundazioak ez du argitara atera txosten hori oraingoz, eta ikusteko dago salaketak aurrera egingo balu zer gertatuko litzatekeen erakusketarekin.

Edorta Kortadi arte aditua da Donostiako erakusketako komisarioa, eta, aurkezpenean azaldutakoaren arabera, hamasei eskulturetako hamalau abstrakzio geometrikoaren estiloan egindakoak dira, eta beste biak, berriz, figuratiboak. Oteizaren emazte izandako Itziar Carreñoren erretratua da haietako bat. Aurkezpenean azaldu zuenez, artistaren lanik «primitiboenak» dira, eta Argentinako bildumagile partikular baten eskuetan egon dira orain gutxi arte. Hura hil ostean, nafar bildumagile batek eskuratu zituen, eta hala heldu dira lanak Donostiara.

Obrak sinatuta daudela ere zehaztu zuen Kortadik aurkezpenean. Oteizak hainbatetan erabilitako tz letrak daramatzatela esan zuen.

Faltsutzeak eta kopiak

«Faltsutze baldarrak dira». Txomin Badiola artistak ikusi zituenetik bertatik izan zuen argi piezak faltsuak zirela. Bera da Oteizaren lanaren aditu nagusietako bat, eta baita haren obra osoa biltzen duen katalogo arrazoituaren egilea ere. Horrez gainera, bera da Oteiza fundazioak Donostiako piezei buruz egindako txostenaren egileetako bat ere, eta, dioenez, ezinezkoa da pieza horiek Oteizarenak izatea. Ezinezkoa, kronologiagatik. Ezinezkoa, estiloagatik. Ezinezkoa, are, baita sinadurengatik ere.

Badiolak dioenez, piezen estiloa ez dator bat piezei egozten zaien kronologiarekin. «Erakusketako obra gehienak abstraktuak dira, baina 1950eko hamarkadara arte Oteizak ez zuen abstrakziorik landu». Eta, dioenez, ikusgai dauden bi piezen kasuan ere, adituaren hitzetan, «argi eta garbi» ikusten da Oteizaren piezen «kopiak» direla. «Ez dago inongo zalantzarik».

Sinadurak ere faltsuak direla dio Badiolak. Azaldu duenez, jakina da Oteizak maiz baliatzen zuela tz letrekin osatutako anagrama bere lanak sinatzeko, baina, Badiolaren hitzetan, «baldarkeria hutsa» da hori ere. Dioenez, urteen joan-etorriarekin pixkanaka aldatuz joan zelako Oteizaren sinadura, eta, kasu honetan, sinadura motak ez datoz bat piezei egozten zaien kronologiarekin. «2000-2003ko sasoiko anagrama daramate erakusketako obra gehienek».

Honela borobildu du bere argudioa Badiolak: «Eskultura horiek egin dituenak ezagutzen ditu Oteizaren eskulturak. Hark darabiltzan elementuak dira benetan ezagutzen dituenak, baina ez haren lanaren logika. Lehen begi kolpean, beraz, badute Oteizaren antza, errekonozigarriak direlako haren formak, baina, forma horien funtzionamendua aztertzera sartuz gero, orduan ohartzen zara ezin direla Oteizarenak izan. Piezaz pieza ikus daiteke hori, eta baita darabiltzan elementuak banaka aztertuta ere».

Valentziako aurrekaria

Oteiza museoak bidalitako oharraren arabera, euren artxiboetan ez dago Donostian ikusgai dauden obra horien arrastorik. Eta Donostiako Elizabarrutiko D'museoan erakusketa egitekoak zirenik ere ez zekitela jakinarazi dute.

Ez da Oteizaren lanekin halako tirabira bat sortzen den lehen aldia. 2013an, esaterako, Valentziako IVAM museoan ere erakusketa bat antolatu zuen lorenart arte galeriak Oteizaren ustezko marrazki batzuekin, baina egiletzari buruzko zalantzak agertu zituzten adituek. Oteiza fundazioko patronatuko presidente zen Francisco Calvo Serraller izan zen erakusketa hari babes akademikoa azaldu ziona. Erakusketa aurkeztu eta hilabete batzuetara utzi egin zuen postua, nahiz eta kargua uztean ez zuen ezer aipatu erakusketa hari buruz.

Erakusketa haren harira argitaratutako katalogoan, Calvo Serrallerrek idatzitakoaz gain, bazen Kortadik sinatutako artikulu bat ere.

Erakusketa hura egin zenean, artean aurkeztu eta argitaratu gabea zen Badiolak egindako Oteizaren lanari buruzko katalogo arrazoitua. 2016an eman zuten argitara Oteiza fundazioak, eta, hain zuzen, ikerketa lan hori da orain Oteiza museoak Donostian ikusgai dauden piezak faltsuak direla argudiatzeko darabiltzan argudio nagusietako bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Dantza ez da ulertzeko»

Leire Perlines Apalategi

Olatz de Andresek 'Doppelgänger' lanaren hiru kapsula aurkeztuko ditu Donostian; atzo izan zen emanaldi bat, eta gaur izango dira beste biak. Musika Hamabostaldian lehen aldiz ariko da aurten.
Ezkerretik hasita, Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak. ©TXALO PRODUKZIOAK

'Sagastitarrak' lanarekin abizenaren eztabaida oholtzaratuko du Txalok

Leire Perlines Apalategi

Gaur estreinatuko du Txalo konpainiak 'Sagastitarrak'. Joseba Apaolaza, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria dira antzezleak. Anton, aita, ez dator bat alabak hartu duen azken erabakiarekin
Joseba Ossa. ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala

 ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...