Gerraren beste aldea

Intxortako Erresistentzia Egunaren harira, hainbat jarduera egingo dituzte asteburuan Elgetan. Aurten, emakumeak omenduko dituzte

Emakume eta gizon boluntarioak, joan den urteko Intxortako borrokaldien antzezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
1936ko gerran, Intxorta mendiaren inguruetanhainbat gudari eta miliziano batu ziren frankistei aurre egiteko. Zazpi hilabete iraun zuen erresistentziak, 1936ko irailetik 1937ko apirilera bitartean, eta gerra guztien aurpegi bortitzena jasan zuten han borrokan aritu zirenek. Bihar 79 urte beteko dira indar faxistek Elgetan (Gipuzkoa) sartzea lortu zutela, eta, hori oroitzeko, asteburu osoko egitaraua prestatu dute herrian.

Aurten, guda horretan modu batera edo bestera parte hartu zuten emakumeak omenduko dituzte, Iraitz Lazkano Elgetako alkateak azaldu duenez: «Memoriaz hitz egiten dugunean, eta 36ko gerraz hitz egiten dugunean, ikusi dugu gabezia nahiko nabarmen bat daukagula; hitz egiten dugulako fronteez, borrokez, gizonez. Eta historia horretan, ikusten genuen bazegoela kolektibo bat, beste gerra guztietan bezala, bereziki zapaldua izan dena, bortxatua, umiliatua, eta isildua gerraoste guztian. Eta kolektibo hori emakumeena da. Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea erresistentzian rol garrantzitsua izan zutela, eta zapalduen kasuan ere, emakumeen rola gerrako gordinenetako bat izan zela».

Bihar egingo dute emakume horiek omentzeko ekitaldia, 13:00etan. 40 emakumeri egingo diote aitortza publikoa, frankismoaren garaian erresistentzian aritu zirelako edo zapalduak izan zirelako. Batzuk frontean aritu ziren borrokan edo erizain lanetan, eta beste batzuk gerra osteko ankerkeriaren biktima izan ziren. Ondoren, eskultura bana jasoko dute, Arrasateko (Gipuzkoa) Iñigo Arregi artistak egina.

Horren aurretik, 11:30ean, Intxortako borrokaldiak antzeztuko dituzte, jendeak ikus dezan zer gertatu zen Elgetan. 145 boluntariok parte hartuko dute, eta zarata eta tiro hotsa izango dira nagusi tarte horretan. «Antzerkiaren garaian tentsio giroa sortzen da, jendeak esaten du oilo larrua jartzen zaiola. Gerrako bizipen batera hurbiltzeko ahalegina da, eta nik uste dut lortzen dugula jendearen barrenera sartzea», azaldu du Lazkanok.

Ekitaldi nagusiak bihar izango diren arren, gaur ere hainbat jarduera antolatu dituzte: kontzertuak eta bisita gidatua izango dira, besteak beste. Lazkanoren esanetan, asteburu osoan «giro itzela» sortzen da herrian, jende asko dagoelako gaiarekin inplikatuta, eta kanpotik jende asko joaten delako.

Haren iritziz, «oso garrantzitsua» da Intxortan gertatu zena gogora ekartzea. «Euskal Herriko historiako pasarte gordinenetako bat izan da, eta zer gertatu zen jakitea ezinbestekoa da gero gertatu ziren krimen horien salaketa egin eta justizia eskatzeko».

Intxortako Erresistentzia Eguna

Gaur eta bihar, Elgetan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.