Elkartasun gosea asetzeko

Kokot Nomad Angeluko elkarte jatetxeak gizarteratzen laguntzen die beharretan direnei. Kalitatezko apairuek arrakasta gaitza dute. Elkarteak bi sari jaso berri ditu.

Kokot Nomad jatetxeak jangela betetzen du eguerdiro, astegunez. Beharretan direnei gizarteratzen laguntzea dute lehen xedea. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Angelu
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Angeluko (Lapurdi) angelu batean, Baionatik zinez hurran, ateak eta besoak zabal-zabalik, tripazorriak zalu isilaraziko ditu Kokot Nomad elkarte-jatetxeak. Ez dakienak zerbitzu praktikoaz goza lezake astegunez: bazkari arin, merke, on eta zalua hartzera joanez. Dakienari, ordea, hortzak are gehiago izerdituko zaizkio, jakinean baita Kokot Nomaden bazkaltzeak ez duela bere gosea soilik aseko; baizik eta gizarteratzeko zerbitzari eta sukaldariena ere.

Eskualdeko eta Departamenduko Elkartasun eta Gizarte Ekonomia sariak kausitu berri ditu, Credit Cooperatif fundazioaren eskutik. Sophie Monvoisin zinez kontent da. Au Bruit du Bonheur elkarteko lehendakaria da, eta laburtu du zein den Kokot Nomad elkarte-jatetxearen helburu lehena: «Xedea da lanbidetik urrundua den jendeari laguntzea gizarteratzen. Horretarako, ofizioa euskarri gisa jarri dugu».

Hala, presondegitik jalgi denari, konparazione, eman nahi diote parada lan munduan berriz murgiltzeko. Erran nahi baita, sukaldaritzan edo zerbitzari lanetan aritzeko aukera eskaintzen diote Kokot Nomaden, denbora tarte batez, gune babestu batean; gerora, zinezko lan merkatuan hasteko. Bertze kasu bat izan daiteke guraso lanetan luzaz etxean egon den emazte bakartuarena. Monvoisinek hala xehatu du elkarte-jatetxearen funtzioa: «Gogoa nola pitz diezaiokegu gizarteratzeko? Lanaren bidez eskaintzen diegu tranpolin gisako bat. Gisa hortaz, lana estakurua baizik ez da; goiz jaiki, beren baitan konfiantza berreskuratu, ordutegia errespetatu eta ongi beztitzeko».

Kati Barretxe da jatetxeko zuzendaria; bere gain hartzen du langileen segimendua, kasuan kasukoa: «Ene lana hemen asistente sozial, psikologo eta hezitzaile bereziarenaren arteko nahasketa bat da; ostalaritzakoaz gain, bistan dena. Oraingo taldea zinez aisita da. Gizarteratze prozesuan direnek, orokorki, behar izaten dute jende arruntak baino laguntza gehiago».

Hura eta Veronique Dagos chefa dira langile finko bakarrak. Berez, bien elkarketak piztu zituen proiektuaren lehen pindarrak. Barretxe zahar etxe batean ari zen, baina bazuen gogoa eremu «gizatiarrago» batean hasteko. Dagos, berriz, jatetxe baten jabe zen, eta «zentzu handiagoa» eman nahi zion bere lanbideari. Pindarretatik sugarra elikatzen aritu diren jendez inguratu zuten beren burua: elkarteetan engaiatuak, balio bertsuak dituztenak, eta gainera, norberaren ofizioaren araberako ekarpenak egiten dituztenak. Kideetako bat, adibidez, elikagaien industrian aritzen denez, jatetxeko xahutzeak murrizteko bidea landu du. Pantxika Ibarburu ere bertze kideetako bat da; Atherbea zentroko zuzendaria —gizarteratzeko aterpea—. Hamar batek kudeatzen dute gizarteratzea xede duen jatetxea.

Oren bateko danga

Eguerdiko orenbata da; aulki bakar bat ere ez dago langabezian. Hala ere, jatetxearen borta zabaltzen duen orok harrera ezin beroagoa errezibitzen du, jendetasunaren eltzean sartuko balitz bezala. Kadiren saiheste jokoan lasterka badabiltza ere, ezagun da zerbitzarien egitekoa zein den: ongi sentitzea eta sentiaraztea. Zerbitzu denboran bizpahirutan galdetzen baitiote bazkaltiarrei: «Dena ongi?». Lantaldearen konplizitateak ez du bere burua kukutzen, eraginkortasunean tai gabekoak baitira elkarren arteko ele eta begi kliskak.

Aipaturiko bi langile egonkorrez gain, behin-behineko ostalari taldea osatzen dute Guarda, guraso bakar marokoarrak, Mikaelek eta Tedik. Abderisak somaliarraren kasua, berriz, desberdina da; etorkin gisa lagundu nahi baitu elkarteak: «Etorkina denez, eskola ibilbidean laguntzen diogu, Diakite elkartea dela medio», gehitu du lehendakariak. Bizpahiru plater nagusi proposatzen dituzte hautan, eguneko menuak plater bakarra baitu, desertak lagundurik: zerbitzari lanaren errazteko, nehor ez baita ofiziokoa. Beraz, ezin dute beren gain hartu usaiako jatetxeen eskaintza. Artetik errateko, euskara oraindik ematen ez badute ere, seinaletika guzia euskaraz dute, «zinez garrantzitsua» baitzaie.

2020an zabaldu zenean, eramateko apairuekin abiatu behar izan zuten, COVID-19ak hala manaturik. Alta, geroxeago, urte bereko maiatzean, lokalak zinez bortak ireki ahal izan zituen. Lanak fruituak ekarri ditu, ikusirik jadanik hiru lagun gizarteratzen lagundu dutela, eta emaitzaz satisfos da zuzendaria: «Bukaera urosa ukan dute hiruk: egoera egonkorra baitute orain. Laugarren bat ere jin zen, baina hura ez zen prest lan munduan aritzeko, hala ere, esperientzia honek zerbait ekarri dio: ohartu baita ez zela lanerako prest. Emaitza txarrak ukan ditzakegu, bizitzan bezala, ez baita dena garaipena. Baina aitzinatzeko balio digu».

Jatetxeak lortzen dituen etekinak oro elkartearen hiru ardatzak elikatzeko baliatzen dituzte: gizarteratzen laguntzea, hondakinik ez sortzea eta elkartasuna. «Hondakinik ez sortzea zinez garrantzitsua zaigu; finean, sortzen ez duguna da hondakinik hoberena: hori dugu leloa. Konparazione, altzari guziak birziklatuak dira, eta Atherbea elkarteari eginaraziak; ahozapiak oihalezkoak, nihaurek josiak...», azaldu du lehendakariak.

Eramateko anoak, paperik edo botatzen den materialik batere baliatu gabe apailatzen dituzte: bezeroek ontziak etxetik ekarriz, edo, bestela, turnatzeko sistemaren bidez. Filosofia berari leial, Landetako bio ekoizleei zuzenean erosten dizkiete barazki soberakinak: «Merke-merkea eta on-ona dugu lehengaia. Chefa egokitu beharra da sasoian sasoiko barazkiei. Xahutzerik izan ez dadin, ogi kopuru mugatua zerbitzatzen dugu mahaietan, eta platerak ere neurrian betetzen», erantsi du Monvoisinek.

Hirugarren ardatza landu dute jatetxera joan ezin diren familientzat. Txartel sistema berezia martxan ezarri dute, familia haiek apairua hiru euro edo euskoan goza dezaten: lehena urrian joan zitzaien.

Azkenik, elkarteak hilabetean ortzirale batez gaualdia antolatzen du. Abendukoa gaur berean da, 19:30ean: karaoke gaualdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.