Sanferminak Iruñean

Etxeko txikienen momentutxo handiak

Sanferminetako haurren eguna ospatu dute gaztetxoenek. Hainbat dira haien gustuetara moldatzen diren jarduerak, erraldoiak tarteko. Birjolastu gunea arrakastatsua da aurten ere

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ezpeleta jauregiko atarian irrikan zegoen jendea, atzo ere, konpartsaren ibilbidea noiz hasiko zain. Ume eta heldu, denak ilusioz. Une handiak dira haurrek orduantxe bizi dituztenak. Goizero bezala, konpartsako musikariek girotu zuten goiza, eta erraldoi, buruhandi eta zaldikoak ziren protagonistak.

Jendetza biltzen du goizero konpartsak Alde Zaharrean. Haurrak dira erraldoiek gehien erakartzen dituztenak, eta, beraz, familia asko gerturatzen dira bertara, haurrek ikuskizunaz goza dezaten. «Seme-alabengatik etortzen gara bereziki, baina guztiontzat da berezia», esan zuen ama batek, haurra besoetan zuela. Izan ere, zirrara ez da haurren aurpegietan bakarrik ikusten, eta helduengan ere nabari daiteke ilusio hori egunero. Heldu zein umeek, denek txalotzen zituzten gogotsu erraldoien dantzak kantuak amaitutakoan.

Zirrara ez ezik, bazirudien batzuek urduritasuna ere sentitzen zutela kiliki baten alboan argazki bat ateratzeko esperoan ematen zituzten segundo luze horietan. Hala ere, ausartu egiten ziren azkenean, momentutxo hori oroimenean hobeki gordetzearren.

Egunero bezala, baziren ibilbidea hasiera-hasieratik egin zutenak, baita geroxeago batzea erabaki zutenak ere. Askok, esaterako, San Frantzisko plazan itxoin zuten konpartsa atzo. Orduak aurrera egin ahala, jende gehiago bildu zen, eta ibilbideko kaleak bete zituzten gaita hotsek.

Doinu horietako baten erantzule izan zen Amaiur Guindeo. Hiru urte dira konpartsan jotzen duela, eta han egoteak duen xarma azaldu zuen. Ikusle baino gehiago, parte hartzaile gisa. «Ohorea da konpartsan aritzea. Sanferminetako momentutxo berezietako bat da eta». Harro zuen jantzia konpartsako uniformea.

Birjolasteko aukera

Erraldoi eta buruhandien ateraldiak kolorez markatuta daude familiako txikienen agendetan, baina beste hainbat ekintzak ere lortzen dute beren gustuei erantzutea. Taconera parkean dago, esaterako, Birjolastu gunea, bigarren urtez jarraian.

Gune horretan, jolasa eta birziklapena uztartzea helburu, hainbat txoko dituzte joko askorekin. Eskaintzen dituzten material guztiak birziklatuak dira, eta oso balorazio positiboa egin dute antolatzaile eta erabiltzaileek.

Egun hauetan, Iruñean kale askotan aurkitu ezin den zerbait eskaintzen du Birjolastuk: haurrentzako giro lasaia. Maria Zapata Birjolastuko langileak azaldu zuenez, lasaitasun horren bila etortzen dira familia asko Taconera parkera goizean zein arratsaldean, eta gunea «biziki egokia» da haurrak ikasi bitartean jolas daitezen.

Gunea aurreko urtean ireki zen estreinakoz sanferminetan, eta festak bukatuta jaso zituzten zoriontzeko mezuek animatu zituzten, hein handi batean, aurten beste behin jolas gunea antolatzera. Birjolastu Zaragozako PAI elkartearen proiektua da jatorrian, bertan ireki baitzen lehen gunea. Iruñean beste hainbat eragilerekin elkarlanean antolatzen du elkarteak jolas gunea.

Ontziralekua, Zirko-Mirko, berreraikuntzetarako txokoa, Gurpil artean bueltaka... Hasieratik zeuden txokoak daude, baina hainbat berrikuntza ere egin dira gunean iaztik aurtengora. Haurrek hiru txoko berri dituzte jolasteko. Horien artean, adibidez, liburu trukerako txoko bat. Denetan, noski, ildo berari jarraitzen diote: jolaserako material birziklatuak erabiltzea.

Belen Alvarez Birjolastuko kudeatzailea jolas gunearen helburuarekin sinetsita ageri da. «Oso inportantea da haurrek jolasean ere jarrera onak barneratzea», esan zuen. Gaineratu zuenez, birziklatuak izateaz gain, material eta jostailu komunak dira hangoak, eta beste haurrekin partekatzen eta bakoitzarena ez dena ere zaintzen ikasteko oso baliagarria da dinamika hori.

Haurrek orduak ematen dituzten han, txoratuta. Antolatzaileen arabera, han ohartzen dira guraso asko haurrek ez dutela gailu bereziki modernoen beharrik ongi pasatzeko. Hori dela eta, jendearen erantzuna «ona ez, bikaina» dela adierazi dute. Oso eskertuta ageri dira.

Iruñeko gaztetxoenek ere festez ez gozatzeko aitzakia gutxi dute Iruñeko sanferminetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.