Gastronomia

Bizi berria biltegi zaharrari

Latasako Biltegia, jatetxea izateaz harago, kultura eta turismo jasangarria sustatzeko gunea da. Sukaldaritza tradizionala eta modernoa bateratzen dituzte.

Sol Flores, Eva Fernandez, Idoia Josue eta Kizkitza Larrea dira Latasako Biltegia jatetxeko arduradunak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Latasa
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ortzeguna da, eta etengabeko mugimendua dago Latasako Biltegia jatetxean (Imotz, Nafarroa). Tximinia piztua dago, eta goxo egoten da barruan. Txirrindulari talde bat berotasun bila sartu da. Kafea eta pintxoa hartu, eta mahai batean eseri dira lasai.Ez dira bezero bakarrak; Latasako hainbat bizilagun ere hurbildu dira kafea hartzera.

Plazaolako trenaren geltoki zaharrean dago Biltegia eraikina, Imozko Udalarena da, eta, egun, Sol Flores, Eva Fernandez, Idoia Josue eta Kizkitza Larrea dira arduradunak. Iazko abendu hasieran ireki zuten jatetxe eta taberna, eta «sekulako» harrera izan du lehen hilabetean. Proiektua, ordea, ez da jatetxe soil bat: hori baino gehiago da.

Sartu orduko nabari da Latasako Biltegia ez dela ohiko jatetxe edo ostatu bat. Ez bertan biltzen den jendeagatik bakarrik, baita jatetxearen itxuragatik eta filosofiagatik ere. Jatetxearen izkina batean produktu ekologikoak eskaintzeko denda bat dago. Laster Plazaolako bide berdean erabiltzeko bizikletak alokatzen hasiko dira: lau bizikleta elektriko eta hogei arrunt. Etorkizunean baratzea jartzea ere espero dute, baita ibilketa nordikoko ikastaroak ematea ere. Kultura da proiektuaren bertze ardatzetako bat, eta hasiak dira lehen jarduerak dinamizatzen.

Jatetxe berezia da Biltegia, eta jatetxea sortzeko prozesua ere «ezberdina» izan da. Imozko Udalak bi aldiz atera zuen enkante publikora gunea kudeatzeko ardura. Larreak iragarkia ikusizuen, eta zerbait egiteko «harra piztu» zitzaion; ez zuen, ordea, horrelako proiektu bat bakarrik egin nahi: «Basaburuan [Nafarroa] bada antzeko proiektu bat, eta ikusten nuen hango langileek lana eta bizitza uztartzeko aukera zutela. Antzeko zerbait sortu nahi nuen». Josueri aipatu zion ideia, eta, hark ere asmo bera zuela ikusita, elkartzea erabaki zuten. Epez kanpo zebiltzan, ordea, proiektua aurkezteko.

Flores batu zitzaien orduan proiektura, eta, haren eskutik, Fernandez sukaldaria. Ordurako Imozko Udalak berriz ere atera zuen enkantea. Hirugarrenean proiektua aurkeztu zuten, eta udalak gunea kudeatzeko hautatu zituen. Baietz mikrokooperatiba sortu zuten orduan. Argi zuten, jatetxea izateaz harago, Biltegiak turismo jasangarria eta kultura sustatzeko gune ere izan behar zuela.

Sukaldaritza tradizionala eta modernoa bateratzen dituzte Biltegian. Hori nabarmendu du Floresek: «Orain arte, nahiko plater esperimentalak sortu ditugu, eta konturatu gara beharbada polikiago joan behar dugula plater ezberdinak sortzeko orduan». Sukaldaritza tradizionalean errotu dira momentuz; hala ere, egunerokoan begetarianoentzako eta beganoentzako eskaintza dutela ere kontatu du: «Mundu guztiarentzako aukerak izatea nahi dugu. Sukaldariaren espezialitatea sukaldaritza makrobiotikoa eta beganoa da, eta bere esentzia ekarri du».

Egunerokoan nabari da hori; karta hartuz gero, ohiko platerez gain, Euskal Herrian hain ezagunak ez diren platerak ere aurki baitaitezke. Helburua, gainera, eskaintza hori haztea dela gaineratu du Larreak: «Pixkanaka gauza berriak sartuz joatea gustatuko litzaiguke, jendeak ez dezala pentsatu begetarianoa edo beganoa izatea belarra jatea dela».

Abenduaren 7an egin zuten proiektuaren inaugurazio festa lagun eta senideentzat. 8an ekitaldi instituzionala egin ondotik, abenduaren 11tik dago zabalik jatetxea. Astelehen eta asteartean itxi egiten dute, eta gainerako egunetan, ireki.

Harrera «izugarri ona»

Hilabete bete da ireki zutenetik, eta, hasierak gogorrak izaten diren arren, uste baino jende gehiago hurbildu da proiektua ezagutzera: «Harrera oso ona egin digute herritarrek; oso pozik gaude», aipatu du Larreak. Latasak urteak zeramatzan tabernarik gabe, eta, elkarte baten faltan, herritarrak biltzeko gune bat ere behar zen herrian. Herritarrez harago, ordea, ondoko herritarren bisita ere jaso dute Biltegian:«Basaburutik jende asko etorri da; Irurtzundik ere bai», kontatu du Larreak. Plazaolako bide berdearen ondoan egoteak, gainera, bide horretan ibiltzen diren oinezkoak zein txirrindulariak tabernara joatea bultzatu du. «Prentsan ere atera gara, eta horrek jendearen interesa piztu du», gehitu du Larreak.

Astean zehar jendea bertaratzen da, baina asteburuan izaten dute lanik gehien Biltegian. Larreak kontatu duenez, orain arte erreserba bidez funtzionatzen dute, eta 25 erreserba inguru onartzen dituzte otorduko. Jateko ez ezik, ordea, jatetxeko eremua bertzelako ekintzetarako ere erabili nahi dute Biltegiako arduradunek. «Joan den larunbatean eskulangileen azoka antolatu genuen, eta giro polita sortu zen, sekulako ikusmina piztu zuen», azaldu du Larreak. Gabonetan, berriz, haurrentzako liburu baten aurkezpena antolatu zuten, eta haur eta gurasoz bete zen Biltegia. Bertze liburu baten aurkezpena prestatzen hasiak dira dagoeneko.

Landa eremuan dago Latasa, eta horrelako gune bat landa eremuan izatearen garrantzia azpimarratu du Floresek: «Pixka bat erreta gaude gauza ezberdin guztiak Iruñean egiten direlako. Proiektu alternatibo bat herrira ekarri nahi genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.