Euskal Herri tropikal hura

Orain Euskal Herria deritzon lurraldearen lehen erretratu fosila egin dute 40 zientzialarik baino gehiagok. Mendebaldeko Pirinioen historia kontatu dute, duela 400 milioi urtetik honakoa, bertan topaturiko fosilen bitartez. Adituek azaldu dute zergatik dagoen hain aberastasun geologiko eta biologiko handia halako eremu txikian.

Edu Lartzanguren.
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herri tropikala ez da kalamuzko ametsek sorturiko metafora bat; errealitatea izan zen duela 50 bat miloi urte. Duela 42 milioi urte, sakonera gutxiko itsaso bat egon zen gaur Iruñea dagoen lekuan, eta sirenioak (itsas behiak) zebiltzan gora eta behera. Nafarroako Bardean Afrikako sabanako moduko paisaia egon zen duela hogei bat milioi urte. Dinosauroak, marrazoak, krokodilo espezie propioak, mamutak gero, lehoiak, sable-letagindun tigreak... Mota guztietako animaliak, landareak eta paisaiak egon dira eremu horretan. Orain, lehen aldiz, 40 aditu baino gehiagoren ezagutza bildu dute, historia horren erretratu orokorra egiteko, EHUk editatutako liburu batean.

Lanak Registro fósil de los Pirineos occidentales du izenburua (Mendebaldeko Pirinioetako erregistro fosila). Euskarazko bertsioa Durangoko Azokarako argitaratu nahi dute, edo beranduenez datorren urtean, Ainara Badiolak esan duenez. Badiolak geologia eta paleontologia irakasten ditu EHUn, eta lana editatu du, Asier Gomez-Olivencia eta Xabier Peredarekin batera. Hamarkadak daramatzate fosilak aztertzen, eta aspaldi zuten gogoa orain arte adituen esku egon den informazio hori «dibulgatzeko», eta fosiletatik ikasitako mendebaldeko Pirinioetako aniztasun geologikoa eta biologikoa erretratatzeko.

Aberastasun handiko lekua

Fosilek erakusten dute Euskal Herria aberastasun handiko tokia izan dela, eremuz handia ez dela kontuan hartuta. «Hemen harri dibertsitate handia dago, besteak beste fosilak gordetzen dituzten arroka sedimentarioena». Zergatik halako aberastasuna? Geologoak erantzun duenez, lurraldea urpean egon da iraganaren zatirik handienean. Horrez gain, itsasbazterra asko mugitu da aroetan. «Batzuetan ia Burgosen [Espainia] izan dugu kosta; beste batzuetan, Gipuzkoan, edo gorago». Hainbatetan, ur horiek oso sakonak izan dira: Zumaiako (Gipuzkoa) Geoparkeko flyschean ikusten diren haitzak, esaterako, mila metroko itsaso baten hondoan sortu ziren. Horregatik topatzen dira horietan planktonaren mikrofosilak. Anbotoko gailurretako haitzak, bestalde, asko jota 200 metroko itsaso baten azpian sortu ziren, kretazeoan, klima tropikal batean. «Orduko koral arrezifeen aztarnak topatzen ditugu mendi gailurrotan». Badiolak gogoratu du gaur ikusten den paisaia «duela gutxi» sortu zela. Gutxi, denbora geologikoaren arabera, noski. Duela 40 milioi urte hasi ziren sortzen Pirinioak. Ordura arte, itsasadar bat egon zen iberiar plakaren eta Europako plakaren artean. Plakek talka egin ahala altxatu dira mendiak, eta horri esker geratu dira agerian itsaspean sorturiko arrokak, eta haietan harrapaturiko animalien eta landareen fosilak.

Beste arrazoi bat aberastasunerako: mota askotako klimak izan dira Euskal Herrian. «Kretazeoan, iberiar plaka latitude aldetik beherago zegoen, tropikoetatik gertuago, eta klima beroagoa zen, tropikal samarra. Garai tropikal hartako moluskuen fosilak daude eraikin zahar askotan apaingarri erabilitako Ereiñoko (Bizkaia) kareharri gorrian.

Trebiñuko krokodiloak

Xabier Pereda paleontologoak Kretazeoaren amaierako ornodunak aztertu ditu, batez ere Trebiñuko Lañuko harrobian topaturikoak (Araba). Informazio ugari eman du aztarnategi horrek. Dinosauro, dortoka, suge eta bestelako 40 espezie topatu dituzte han, tartean hamar espezie berri.

«Euskal Herria bidegurutze geologiko batean dago; horregatik da leku egokia halako aztarnak gordetzeko», esan du Peredak. «Hainbat garaitako aztarnategiak ditugu: Kuaternarioko berri samarrak eta duela 400 milioi urtekoak. Horrek aukera ematen digu bizitzaren historiaren panoramika zabala egiteko».

Lañu horretarako aparta da: fosilez gain, mikrofosiletan ere aberatsa da. Haatik, azken indusketak duela hogei urte egin zituzten. Alde batetik, oraindik ez dituztelako prozesatu lorturiko fosil guztiak. «Trebiñun egoteak ez digu laguntzen», esan du Peredak. Gaztela-Leoni (Espainia) eskatu behar dizkiote baimenak Lañun ikertzeko. Gainera,paleontologoak beldur dira Espainiako agintariek eskatuko egingo dituzten Arabako Natur Zientzien museoan gordetzen diren Lañuko fosilak. «Fosil gehiago egongo dira Lañun ateratzeko moduan? Bai. Baina oraingoz ez dugu planteatzen berriz induskatzea».

Euskal neandertalak

Asier Gomez-Olivencia paleontologoak Euskal Herrian aurkituriko neandertalen fosilen berri eman du. «Informazio garrantzitsua eman duten aztarnategiak badaude hemen, nahiz eta askoz ezagunak izan labar artearekin eta gure espeziearekin loturiko aztarnategi askoz modernoagoak». Orain informazio gehien ematen ari direnak airepeko aztarnategiak dira. Horietako batean, Aranbaltzan (Barrika, Bizkaia), neandertalek eginiko egurrezko tresnak topatu dituzte. «Oso ezohikoak dira; oso gutxitan topatzen dira». Europan, beste sei lekutan bakarrik aurkitu dute halakorik.

Aurkikuntzek erakusten dute Euskal Herriko aberastasun fosila hominidoetaraino heltzen dela. Zergatik, ordea? Gomez-Olivienciaren arabera, kobazuloak sortu izanak asko lagundu du aztarnak gordetzen. Iberiar penintsulatik Europa kontinentalerako pasabide izanik trafiko handia egon da eremuan. Horri gehitu behar zaio oso lurralde txikian isurialde atlantikoa eta mediterraneoa egoteak sorturiko aberastasun ekologikoa. Neandertalek Trebiñuko silex harria erabiltzen zuten tresnak egiteko, baina, baita kostaldeko flyschekoa ere. «Kilometro askotako bidaiak egiten zituzten hemen, edo trukatzeko sareak zituzten». Nolako bizimodua zuten jakiten askoz gehiago laguntzen du tresnak topatzeak. «Hezurrak baditugu, baina egurrezko tresnak, ez horrenbeste».

Hori guztia kontatzen dute Euskal Herrian topaturiko aztarnek. Ez dute esker on handirik jasotzen, ordea. Paleontologoek arazoak salatu dituzte : «Ondare arkeologikoari eman zaio hemen garrantzia, eta horiek babesteko egin dira legeak. Baina ez da azpiegiturarik egon milioika urte dituzten fosilak ikertzeko, babesteko eta kudeatzeko», esan du Badiolak. Lehen azterketa orokorra osatu du taldeak. Agindu dutenez, etorkizunean egingo dute beste liburu bat, dibulgaziorako, ezagutza hori zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.