Zientzia. Mazahir T. Hasan. Biofisikaria

«Gizakiei oroitzapen faltsuak txertatzea guztiz egingarria da»

Garunak oroitzapenak non eta nola gordetzen dituen ikertzen dabil zientzialari pakistandarra Leioako Achucarro Basque Center for Neuroscience gunean, eta dagoeneko aurkitu ditu erantzun harrigarri batzuk.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Edu Lartzanguren -

2019ko ekainak 7
Mazahir T. Hasan (Lahore, Pakistan, 1966) biokimikariak doktoretza lortu zuen AEBetako Darmouth Collegen, eta MIT Massachusettsko Teknologia Institutuan aritu zen lanean Susumu Tonegawa Nobel saridunarekin. Bere ikerketa talde propioa sortu zuen Heidelbergeko (Alemania) Max Planck zentroan, eta 2016. urtetik, Ikerbasque irakasle dabil Achucarro Basque Center for Neuroscience gunean.

Oxitozina hormona ikertzen duzu. Gai kimiko harrigarria da: gorputzak jariatu egiten du erditzean, eta eginkizun garrantzitsua du edoskitzean, sexuan, orgasmoan, eta eskuzabaltasun eta konfiantza sentipenak indartzen. Batzuek «maitasunaren hormona» esaten diote. Justifikaturik dago izendapen hori?

Oxitozinaren sistema zabalak jartzen dio oinarri neurohormonala portaera erromantikoari, lotura sozialari eta gizakien arteko atxikimenduari. Lotura sozialak eta atxikimenduak maitasuntzat har badaitezke, orduan bai, maitasunaren hormona dei diezaiokegu oxitozinari.

Zergatik interesatu zitzaizun oxitozina oroimenaren mekanismoak ikertzeko orduan?

Galdera xume batekin hasi ginen: oroitzapenak gordetzeko antzeko ahalmena al dauka eboluzioaren ikuspegitik zaharragoa den garunaren egitura batek —hipotalamoa, kasurako—, garunaren egitura berriagoekin parekatuta —hipokanpoa eta kortexa, esaterako—? Intuitiboki, horrek bazuen zentzua, zelula bakarreko organismo batek ere oroimen molekular bat eraiki dezakeelako. Hipotalamoko oxitozinaren neuronek eginkizun garrantzitsua dutela ikusita, horiek hartu genituen jomugatzat, eta aurkitu dugu baietz, benetan eginkizun erabakigarria dutela oroitzapenak eraikitzen.

Esan izan duzu oroitzapenak nerbio sistema batean non eta nola gordetzen diren jakitea dela «biologiako ikerketarik liluragarrienetako bat». Zergatik?

Oroitzapenek egiten gaituzte garen bezalakoak; oroitzapenik gabe galdu egiten dugu gure iraganaren, orainaldiaren eta etorkizunaren arteko denbora continuuma. Alzheimerren gaitza da horren adibide ona; han garuneko zirkuitu funtzionalak deskonektatu egiten direlako, eta horrek oroimena galtzea eragiten duelako.

Aristotelesek idatzi zuen zentzumenetatik hautematen diren pertzepzioak inprimatu egiten direla zigiluak argizarian bezala. Oroimenaren mekanismo biologikoa ongi deskribatu zuen?

Kristo aurreko 350. urte aldera, Aristotelesek aurrerapauso kontzeptual bat egin zuen, esan zuenean oroimenak adierazpen fisiko bat zuela. Argizaria berotuz egiten da malgu, zigiluak horretan inprimatzerik duen aurretik, eta gero gogortzen eta finkatzen da. Modu berean da malgua garuna oroimena kodetzeko prozesuan, oroitzapen bat han iraunkor egin arte. Beraz, Aristotelesek ideia zuzena izan zuen, eta horrek eman zien bidea beste batzuei oroitzapen zigilua edo oroitzapen engram-az hitz egiteko, gauza fisiko bat balitz bezala.

Orain arte uste zen oroitzapenak bakarrik garuneko hipokanpoan edo kortexean gordetzen zirela. Erakutsi duzu hipotalamoan ere gordetzen direla. Zergatik da hori interesgarria? Nola aldatzen du oroitzapenak prozesatzeko dugun modua?

Oroitzapenak nola sortzen diren ulertu nahi badugu, oinarrizkoa da ulertzea garunaren atalek eta zelula motek duten eginkizuna. Oroitzapenak garunean nola antolatzen diren ulertzeko eduki dezakegun ahalmena izugarri mugatuko genuke zabalduko ez bagenu horren eremua hipokanpotik eta kortexetik harago.

Gizakiek esperientzia txarrak ahazteko joera dute. Horrek zerikusirik al du prozesu horretan oxitozinak jokatzen duen eginkizunarekin, hormona hori sentipen eta jarrera atseginekin lotuta egonik?

Egia esan, ez gizakiek eta ezta animaliek ere ez dituzte oroitzapen txarrak ahazten; oroitzapen mingarriek oso luze irauten dute, eta bizitza osoan gorde daitezke, ez bakarrik gizabanakoen artean, baita belaunaldiz belaunaldi ere, kontakizunen bidez pasatu baitaitezke. Oroitzapen txarrak gure garuneko zirkuituetan txertatzen dira, nahiz eta oxitozinak horiek ezabatzeko eginkizuna izan. Edonola ere, denok dakigu, esperientziaz, iritzia alda dezakegula: esperientzia bat txartzat hartu ondoren, on gisa ikusten has gaitezke. Zergatik gertatzen da hori? Litekeena da oxitozinak eta beste eragileak jariatzea eta horiek garuneko zirkuituak modulatzea eta berriz antolatzea. Horrela, oroitzapen txar batek txarra izateari uzten dio, eta oroitzapen on baten forma hartzen du.

Hipotalamoak prozesatzen ditu beldur eta antsietate sentipenak. Zure ikerketak lagun dezake trauma osteko estres nahasmendu sindromeak edo antsietaterako tratamenduak garatzen?

Bai, litekeena da. Gure egungo lanean sistema genetiko sintetiko bat diseinatu dugu, eta horrek bidea eman digu hipotalamoko oxitozina zirkuituak identifikatzeko. Oxitozina zirkuitu patologikoen aktibitatea manipulatuz, posible litzateke tratatzea beldurrarekin loturiko oroitzapen patologikoak, antsietatea, depresioa, umorearen asaldurak eta trauma osteko estres nahasmenduak. Oraindik ez gara horretara heldu, baina etorkizun handiko eremua da.

Etorkizunean gauza izango al dira zientzialariak oroitzapenak manipulatzeko, gogoko ez direnak ezabatzeko, esaterako?

Oroitzapen zehatzak ezabatzea oso erronka zaila izango da. Izan ere, hainbat oroitzapen elkarrekin lotuta egoten dira, eta, beraz, bat ezabatzeak beste batzuei eragin diezaieke. Edonola ere, posible izango da oroitzapen zehatzek eragindako erreakzioa eraldatzea edo ezabatzea.

Gauza izango zarete oroitzapen faltsuak txertatzeko?

Jendea zahartu eta garuneko patologiak handitu ahala, oroimen sistemek eraginkortasuna galtzen dute, eta pertsona batzuek gaitzen bat gara dezakete, non oroitzapen bat beste bati lotzen zaion, eta, horren bidez, oroitzapen faltsuak sortzen diren. Beraz, gizakiei oroitzapen faltsuak txertatzea guztiz egingarria da. Edonola ere, bioetikaren esparruan sartzen gara horrekin, eta kontu handiz ibili behar dugu horretan, gure ezagutza zientifikoaren botereaz ez abusatzeko; izan ere, jendeari laguntzeko erabili beharko genuke ezagutza, inoiz ez kalte egiteko.

Zein tresna erabiltzen duzu laborategian, oroimena ikertzeko?

Laborategian sistema genetiko berriak diseinatzen ditugu, eta, gero, garunean sartzen ditugu genetikoki eraldaturiko birusen bidez, garunaren eremu zehatzak, zelulak eta haien konexioak jomugatzat hartuta. Horren bidez, garuneko zirkuituen mapak egin ditzakegu, eta horiek ikasteko prozesuan, oroimenean eta portaeran duten eginkizunen inguruko galderak egin.

Zein izango da zure hurrengo ikerketa?

Hurrengo ikerketan oxitozinak beldurrarekin, antsietatearekin, depresioarekin eta trauma osteko estres nahasmenduarekin loturiko funtzio kognitibo gorenetan duen eginkizuna ikertuko dut, eta baita Alzheimerren gaitzaren mekanismoa ere. Gaitz horietan huts egiten duten oinarrizko prozesuak ulertuta, aukera izan beharko genuke terapia genetiko sintetiko berriak diseinatzeko, oroimenaren funtzionamendu normala berreskuratzeko.

Nola heldu zinen Euskal Herrira ikertzera?

Asko maite dut bidaiatzea, kultura ezberdinak ulertzea eta horien lurraldeen edertasuna ikustea. Niretzat, Euskal Herria esploratzea sekulako aukera eta ohorea da. Guraso paskistandarrak ditut, eta aitaren lanak eraman gintuen Txinara, Singapurrera eta Danimarkara. Azken horretan hazi nintzen. AEB, Alemania... Ibilbide horrek definitzen nau, eta gozatzen ari naiz.

Ikerketa Euskal Herrian egiten jarraituko duzu?

Nire ametsa ikerketa institutu berri bat sortzea da —Euskal Herrian, ahal bada—, teknologia berritzailean oinarrituta, garuneko gaitzak ikertzeko; tartean, antsietatea, depresioa, parkinsona eta alzheimerra. Garatzen gabiltzan metodo genetiko eta biokimikoekin, ziur naiz gaitz horien mekanismoak argi ditzakegula, eta modu berri eta zorrotzak aurkitu gaitzak sendatzeko, sufrimendua gutxitzeko eta bizitzak salbatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna