EGOren erronka berriak

Euskal Herriko Gazte Orkestrak «aurrerapauso» bat eman nahi du bere ibilbidean. Maila handiko jaialdietan parte hartuko du. Udako topaketak hilaren 28ra arte egingo dituzte

Euskal Herriko Gazte Orkestrak lau kontzertu egingo ditu udako topaketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Iaz hasi ziren taldea kudeatzeko eredu berria lantzen, baina, pandemiak markatutako urte baten ondoren, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak aurten ekingo dio proiektuaren berritzeko prozesuari. Askotariko testuinguru eta agertokietara salto egiteko modua emango dion «erronka handiko» egitarau bizi eta handi bat prestatu du fundazioak. German Ormazabal EGOko koordinatzaile nagusiak, Bingen Zupiria Kultura sailburuak eta Ruben Gimeno orkestraren zuzendariak aurkeztu zituzten jarduera berriak, atzo, Musikene ikastegian.

EGO 1997. urtean sortu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, izaera estrategikoko proiektu gisa, lurraldeko musikari gazteei zuzendua. Ormazabalek adierazi zuen aurten «aurrerapauso bat» eman nahi dutela, eta egungo ekitaldiei ikuspegi artistikotik «asmo handiko» beste erronka batzuk gehitu. Antolatzaileek etorkizunerako helburu jakinak ezarri dituzte: musikariei prestakuntza egokia eskaintzea, garapen artistikoa eta giza garapena sustatuko dituen egitura bilakatzea eta mundu profesionalerako sarbidea bultzatzea. Garapen hori lortzeko, BBK, Kutxa eta Vital fundazioaren laguntza izango dute, orain arte bezala.

Proiektuaren birkokatze eta jardueren dibertsifikazioa nagusi diren aro berri honetan, maila goreneko nazioarteko zuzendari eta bakarlariekin arituko da EGO. Ormazabalek azaldu zuenez, kontzertuak egingo dituzte musika jaialdi garrantzitsuenetan, taldea kalitate maila gorenera eta profesionaltasunera eramateko. Ruben Gimeno izango da proiektu berriaren arduradun artistikoa, eta berak gidatuko du egitarauen prestaketa. Ormazabalen esanetan, Gimenok «oso ondo ulertu zuen proiektu honen izaera eta bokazioa», eta oso pozik agertu zen proiektua aurrera eramateko elkartu duten lantaldearekin.

Hazten eta aurrera egiten

Urtero egiten dituzten bi topaketak izan dira EGOren ohiko jarduerak, orain arte: udako topaketak eta neguko topaketak —gazteen oporraldiekin bat egiten dutenak—. Jardunaldi horien barruan, kontzertuak ematen dituzte Euskal Herriko zenbait lekutan. Proiektuaren garapena bermatzeko, Ormazabalek «ezinbestekotzat» jo zuen ekitaldi berrietara zabaltzea, eta, erronka hori ardatz hartuta, jaialdi entzutetsuetan arituko da aurten taldea; Donostiako Musika Hamabostaldian, Soriako (Espainia) Musika Udazkenean eta Errenteriako Musikasten jaialdian. Jarduera horiekin, «kuantitatiboki eta kualitatiboki» haziko da taldea, Ormazabalen esanetan.

Udako topaketak herenegun hasi ziren, eta hilaren 28ra bitartean egingo dira. Prestaketa lanak Musikenen egingo dituzte; Zupiriaren esanetan, «nahitaezko eta behar handiko» laguntza eskaintzen die musika ikastegi horrek. Aurtengo udako topaketan lau kontzertu egingo dituzte: Bilboko Euskalduna jauregian, hilaren 25ean; Gasteizko Printzipal antzokian, 26an; Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 27an, eta, amaitzeko, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean, 28an. Kontzertu horietan, Mozarten hamabigarren serenata interpretatuko dute «maisulan bat» zuzendari artistikoaren iritziz, eta «kontrapuntuen lanketa zoragarria duen» Brahamsen lehenengo serenata ere bai. Bi obra horiek lehenengoz joko ditu Euskal Herriko Gazte Orkestrak.

Gazteek Soriako Musika Udazkenean egingo duten kontzertuarekin emango diote hasiera udazkenari. Jaialdirako, udako topaketan joko duten programa berbera prestatu dute, eta irailaren 19an izango dira Odon Alonso auditoriumean.

Urriaren 23an, berriz, 49. Musikasten jaialdian joko dute, Lekuona Fabrikan (Errenteria). EGOk lehenengo aldiz parte hartuko du euskal musikarien zabalkundea helburu duen jaialdi horretan.

Musika Hamabostaldia

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, EGO Kursaaleko auditoriumean arituko da lehen aldiz. Abuztuaren 8an izango da, eta aukera «historikoa» dela aitortu zuen Ormazabalek. Nazioartean «oso entzutetsua» den Julian Rachlin biolin jolearekin batera arituko da gazte orkestra. Kontzertuko zuzendari gonbidatua, berriz, Gustavo Gimeno espainiarra izango da, nazioartean proiekzio handienetakoa duen zuzendaria. Jarduera horiEGOren eta Musika Hamabostaldiaren arteko elkarlanaren ondorioz sortu da, eta EGOko gazteei aukera ematen die maila goreneko nazioarteko musikariekin lan egiteko. Gainera, emanaldia Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoko hainbat musikariekin prestatuko dute. Hartan, Felix Mendelssohnen «Biolinerako eta orkestrako kontzertua» joko dute, eta, horrekin batera, Piotr Ilitx Txaikovskiren laugarren sinfonia interpretatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.