Artisau edariz bustita

Artisau garagardoaren bigarren azoka dute Irunen gaur, musika eta jatekoa lagun. 100 garagardotik gora egongo dira, 21 etxetakoak

Euskal Herriko bederatzi garagardo etxe izango dira azokan, denak ere artisau eran aritzen direnak. BASK'N BREW BEER FESTIVAL.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Bask'n Brew Beer Festival garagardo azoka abian da Irungo Ficoban (Gipuzkoa). Atzo ireki zuten, eta bertaratuek 100 artisau garagardotik gora dastatu ahal izango dituzte gaur arte, 21 garagardogileren eskutik. 12:00etan irekiko ditu ateak, gaur, eta bisitariek 02:00ak arte gozatu ahal izango dute jan-edanaz eta zuzeneko musikaz.

Bidassoa Basque Breweryk, Mala Gissonak, Cervecería Boulevardek eta Ficobak antolatu dute Bask'n Brew Beer Festival azoka. Antolatzaileek azaldu dute artisau garagardoaren eskaintza gero eta hobeto ezagutzen duen publikoari zuzenduta dagoela, eta bertara doazenek azokan tarte polit bat igarotzeko aukera izango dutela, gustukoen dituzten garagardoak dastatuz.

«Datak eta ordutegiak aldatu egin ditugu, garagardozaleen gustu eta ohituretara egokitzeko», adierazi dute jaialdiaren aurkezpenean. Aurtengo azokak irudi eta izen berria ditu, «indartzea eta erreferente bihurtzea» baitu helburu. Iaz bezala, jaialdia martxoan izango da aurten ere, baina aurtengoan ostiralean eta larunbatean egingo da.

Egitarau oparoa

Euskal Herriko eta nazioarteko garagardoak egongo dira artisau garagardoaren azokaren bigarren edizioan. Garagardo etxe bakoitzak bere postua izango du, eta haietako kideek egingo diete harrera bisitariei. Eurek erantzungo diete joandakoen galderei eta kezkei. Nazioarteko etxeen kasuan, markaren banatzailea edo inportatzailea arduratuko da.

Honako euskal garagardo etxe hauek izango dute postua: Laugar Rebel Beers eta Basquery bizkaitarrek; Bidassoa Basque Brewery, Mala Gissona, Basqueland Brewing Project, Gross eta Zarautz Beer Company gipuzkoarrek; eta Sesma Brewing eta Naparbier nafarrek. Nazioartekoen artean, berriz, hauek izango dira, besteak beste: Marina (Katalunia), Caleya (Asturias), Ayinger (Alemania), Brewski (Suedia), Mikkeller (Danimarka) eta Clown Shoes (AEB).

Garagardoaz gain, janariaz eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere izango da Ficoban. Azokaren ordutegi bera izango duten janarien furgonetak egongo dira. Glutenik gabeko janaria dastatu ahal izango da zenbaitetan.

Musikari dagokionez, berriz, Dead Bronco musika taldeak joko du gaur, 23:00etatik aurrera. Getxoko talde horrek country-punk-rock estiloko musika sortzen du. Aurkeztu berri du bere azken diskoa, Driven by frustration, eta aurkezpen biran dabil.

Bestelako egitarauaere topatuko dute azokara doazenek. Izan ere, gaur, 13:00etan, The familiy beererakustaldia egingo dute; garagardoa etxean nola egin azalduko dute. Bestetik, Beñat Elizalde lasartearrak garagardoari buruz eginiko erakusketa bat egongo da ikusgai, eta umeentzako egitaraua ere antolatu dute.

Bask'n Brew Beer Festival

Gaur, 12:00etatik aurrera, Irungo Ficoban (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.