Pasioa versus arrazoia

Hala Bergsonek, Nietzschek eta Budak nola Grezia zaharreko filosofiak izan dute eragina Nikos Kazantzakisen obran. Kezka existentzialak zeharkatzen du idazle eta pentsalari horren lan guztia.

Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak da Nikos Kazantzakisen euskaratutako lan bakarra. SINADURA / AGENTZIA.
mikel lizarralde
2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Boto bakar bat. Horrek urrundu duen Nikos Kazantzakis (Kreta, Grezia, 1885 - Friburgo, Alemania, 1957) Literaturako Nobel saria jasotzetik. 1956a zen, eta urte hartan Juan Ramon Jimenez poeta espainiarrari eman zion Suediako akademiaksari preziatua. Urtebete geroago zenduko zen Katzantzakis, ordurako greziar letretako izen ospetsu eta laudatuenetakoa zela, eta lorratzak generougaritan utzita: filosofia, saiakera, bidaia liburuak, tragediak, nobelak... Odissa (1938), 33.333 bertsoz osatutako poema epikoa; Michalis Kapitaina (1953); Kristoren azken tentaldia (1955)—Martin Scorsesek pelikula ezagun bezain eztabaidatua bihurtu zuena 1988an—... dira Kazantzakisen lan ospetsuenetakoak, eta horien pareko edo gehiago, idazlearen kezka existentzial eta filosofikoak ondoen biltzen dituen eleberria: Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak (1946).

XX. mendeko idazle eta filosofo greziar garrantzitsuentzat jotzen dute Kazantzakis, baina horrek ez dizkio euskararen ateak ireki orain gutxi arte. Berriki argitaratu du Elkarrek, ordea, Alexis Zorbaren inguruko lan mardula, Luis Berrizbeitiak euskaratua.

Munduan egoteko bi modu jartzen ditu aurrez aurre Kazantzakisen nobelak, horretarako bi pertsonaia erabilita. Batetik, izenik gabeko narratzailea. Kezka existentzialez jositako idazlea. Bere introspekzio filosofikoek urrundu egin dute bere lagunengandik, eta horri aurre egiteko asmoarekin eta noraezean dagoela, Kretara bizitzera joatea erabakiko du, langile eta nekazariengandik gertu egoteko asmoz. Berrizbeitiaren esanetan, «bizitzaren lokatz eta saminetatik aldendurik bizi den intelektual arrazional hotza da, gauzak ulertu eta ordena koherente batean sistematizatu nahi dituena, eta hori egin ezinik, zalantzaz eta etsipenez urratzen dena».

Bestetik, Alexis Zorba, munduko plazer guztiak gozatzeko desioa duen 60 bat urteko mazedoniarra, eguna bizi duena, besteek hari buruz esaten dutenari kasurik egiten ez diona. Berrizbeitia: «Bizitza une oro iturritik ura bezala egarriz eta irrikaz edaten duen gizaki librea da, aurreiritzi gabea, bizitzaren eskolan leziatua, gorriak ikusia bere denboran, eta pozak eta oinazeak adimenaren iragazkitik pasatu gabe bizi dituena».

Kretarako bidean egingo dute topo bi pertsonaiek, eta narratzailea berehala harrapatuko dute Zorbaren hitz adierazkor eta zuzenek. Nolabaiteko liluratze bat ere eragingo diote Zorbaren hitz- aspertu amaigabeek intelektualari, eta bizitzarekiko bi ikuspegi kontrajarri «baina elkarren osagarri» azaleratuko ditu horrela liburuak. «Elkartze horretatik sortzen da giza izpirituaren irudi baikor, egiati eta problematiko bat, oinarrian daukana gizakiaren izaera pasakorraren ezaguera samina». Eta, hala ere, bizitzaren aldeko aldarrikapena ere ikusten du Berrizbeitiak eleberrian: «Oihuz diosku mundu honetako zorion aukera guztiak mundu honetan behar direla baliatu, beste bizitzarik ez baitzaigu emango».

Bi arketipo dira narratzailea eta Alexis Zorba, eta arketipoen sendotasuna dute alde horretatik liburuko elkarrizketa eta eztabaida sakon bezain biziek.

Gaur egun Kazantzakisek ospea eta prestigioa duen arren, bere garaian kosta egin zitzaion arrakasta lortzea, eta oihartzuna zeharka iritsi zitzaion, zinemaren bitartez, hain zuzen ere. Michael Cacoyannisek 1964an egokitu zuen Alexis Zorbaren gaineko eleberria Anthony Quinn, Alan Bates eta Irene Papas protagonista zituela, eta egun ere, asko oroitzen dira filmaz ez ezik Mikis Theodorakis konpositoreak pelikularako idatzi zuen musika ezagunaz ere.

Kezkaz jositako idazlea

Europak mugimendu geopolitiko ugari izan zituen garaiko semea da Kazantzakis. XIX. mendearen amaieran jaio zen, 1885ean, Kretan, uhartea inperio otomanoaren menpe zegoenean, eta 1902an Atenasera egin zuen. Greziako hiriburuan Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta handik Parisera egin zuen jauzi, Filosofia ikasteko asmoz. Greziara itzulita,Angelos Sikelianos poeta eta antzerkigilea ezagutu, eta bi urtez Greziako kulturan murgildu zen. Sikelianos abertzale sutsua zen, eta bere herrialdearekiko maitasuna transmititu zion Kazantzakasi urte haietan: Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak-en egileak beti gordeko zuen sentimentu hura.

Abertzalea zen Kazantzakis, baina baita internazionalista ere. Munduan gertatzen zirenek kezkatzen zuten, eta, ondorioz, 1922. eta 1924. urteen artean Berlinen zela, komunismoa ezagutu eta Leninen jarraitzaile bilakatu zen. Pantelis Prevelakis idazle greziarraren iritziz, hain zuzen ere, «Leninek irabazi zuen komunismorako; ez Marxek». Alabaina, Sobietar Batasunaren garapena kezkaz ikusi zuen, eta berehala oso kritiko agertu zen Stalin boterera iritsi osteko sozialismo errealarekin.

Nolanahi ere, politikak beti izan zuen lekua bere pentsamenduan, eta baita jardueran ere. Lehenengo Mundu Gerran, Greziako Gizarte Gaietarako Ministerioko zuzendari nagusi izan zen, eta, kargu horrek ematen zizkion baliabideekin, Kaukason jazarriak izaten ari ziren 150.000 greziar aberriratu zituen. Gerora, 1945ean, ezkerreko alderdi bateko buru bilakatu zen, eta Greziako Gobernuan sartu.

Politikak bezala, Kristoren figurak beti erakarri zuen Kazantzakis. Hala, Kristoren azken tentaldia eleberriko Jesus Kazantzakisen beraren kezka existentzial eta metafisikoek bizi dute. Gizakia da beste ezeren gainetik: misio bat izan arren, gizakiaren emozio, itxaropen eta beharrak dituen gizaki bat.

Debekatutako liburuen zerrendan sartu zuen Eliza katolikoak Kristoren azken tentaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.