Espainia. Azaroaren 10eko hauteskundeak

Kanpainaurre betean

Gaur sartuko da indarrean Espainiako Gorteetarako hauteskunde deialdia. Sanchezek jokoan du apirileko bozetan irabazitako babesa, eta ezkerra banatuago aurkeztuko da, Mas Madridek hautagaitza iragarri ondoren

Espainiako Kongresuaren hemizikloa, iazko irudi batean. Gorteek (Kongresuak eta Senatuak) atzo izan zuten legegintzaldiko azken lan eguna. ZIPI / EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Jakina zena gibelera bueltarik gabeko egoera bat da atzodanik, eta gaur ofizial bihurtuko da: Espainiako Gorteetarako hauteskundeak heldu den azaroaren 10ean izanen dira. Pedro Sanchez jarduneko presidenteak duela astebete jakinarazi zuen inbestidura saio bat egiteko negoziazioek huts egin zutela guztiz, eta hauteskundeak eginen zirela erran zuen. Inbestidura saio baten bozketa egiteko azken eguna zen atzokoa, baina epea bukatu bitarteko egunak atzerako kontaketa hutsal bat baino ez dira izan; negoziazioei dagokienez, bederen. Izan ere, Espainiako alderdiak nahiko aktibo portatu dira azken aste honetan; adierazpen anitz egin dituzte, eta mugimendu nabarmenen bat ere gertatu da. Guztiak, heldu den hauteskundeei begira, kanpainaurre betean hasi baitira.

Luze joanen da hauteskunde egunera arte falta den hilabete eta erdia, gertaera politiko inportanteak espero baitira bozketaren aitzineko asteetan. Lau ardatz nagusi aurreikusten dira orain: bata, Sanchezen ospeak nola eutsiko dien azaroaren 10eko bozei; bertze bat, ezkerraren banaketaren eragina; hirugarren bat, eskuina batzeko ahalegina; eta, azkenik, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auziaren epaia, hainbat iturriren arabera heldu den hilaren lehenbiziko erdian ematekoa direna.

Oposizioko alderdiek hauteskundeak nahi izatea leporatu diote Sanchezi, eta hark autokritika kutsu txikiena ere ez duen diskurtso bat harilkatu du azken egunotan. UP Unidas Podemosi leporatu dio inbestidurarako negoziazioak zapuztea, PPri «estatu zentzurik» ez duelako trabak paratzea, eta Ciudadanosi, berriz, kortesiazko harreman labur baten ondoren, «eskuin muturraren lagun» deitu zion berriro. Sanchezek herritarrei eskatu diena «gehiengo argiago bat» izan da, Kataluniako alderdi independentisten beharrik izanen ez duen «gobernu aurrerakoi bat» osatzeko.

Mezu bat: «egonkortasuna»

Eta kontzeptu bat errepikatu du behin eta berriz, bai Felipe VI.a erregearekin elkartu ondoren egin zuen agerraldian, bai biharamunean Kongresuan egin zuenekoan, baita Espainiako kate pribatu bati eman zion elkarrizketan ere: «egonkortasuna». Ziurrenik, Sanchezen kanpainaurreak horri helduko dio, ezkerreko erreferentzia nagusia eta eskuin muturra geldiarazteko berme bat dela baino gehiago, zentroa dela aldarrikatzeri, boto poltsa eskuinetik gizendu dezakeelakoan.

Hainbat marka egin dituen politikaria da Sanchez. 1977az geroztik PSOEk izan dituen emaitza kaskarrenak haren buruzagitzapean izan ditu —2015eko eta 2016ko Gorteetarako hauteskundeetan—; inbestidura saio bat huts egin duen hautagai bakarra izan da —birritan, gainera, 2016an eta iragan uztailean—; eta zentsura mozio baten bidez presidente hautatu duten politikari bakarra izan da 1978ko konstituzioa onartu zenetik —baita haren alderdiak hauteskundeak irabazi gabe presidentetza lortu duen bakarra ere—. Irauteko erakutsi duen abilidade horri suzko proba bat paratu dio heldu den azaroaren 10ean.

PSOEtik ezkerrera dagoen sektorearentzat ere suzko proba bat izanen da. Are gehiago, asteburu honetan ekaitza lehertu berri denean. Iñigo Errejon Podemosen sortzaileetako batek bertze hautagaitza bat aurkeztuko duela iragarri du: Mas Madrid —Madril gehiago—. Madrilgo erkidegoko eta udaletarako aurkeztu zuten alderdia da, eta orain Gorteetarako bozetara aurkeztuko dira.

UPren zuzeneko lehiakide bihurtuko da, baina Pablo Iglesias UPko idazkari nagusiak atzo lasai agertu nahi izan zuen. «Herritarrek beti izan dituzte aukera anitz; zatiketak ez dira gauza berria Espainiako politikan», erran zuen telebista publikoan egin zioten elkarrizketa batean. Eta eztenkada bat ere eman nahi izan zion Errejoni: «Errejonek erran zuen haiek babestuko zutela Ciudadanosek Gabilondorekin [PSOEren Madrilgo hautagaiarekin] egin zezakeen akordioa ordainetan deus eskatu gabe. Inor ez litzateke harritu behar Pedro Sanchezek hori nahiago balu».

Hain zuzen, hori da ezkerra haizatzen ari den beldurretako bat, PSOEk eta Ciudadanosek bat egitea hauteskundeen ondoren. Baina Ciudadanosek, eta eskuinak berak ere, ez dute dilema makala. Iaz Andaluziako Gobernuan osatu zuten hirukoaren aurrekaria eta Vox eskuin muturreko alderdia Kongresuan sartuko zela espero izatea, faktore garrantzitsu bat izan zen apirileko bozetan PSOE, UP eta nazio minorizatuetako nazionalista eta independentistak mobilizatzeko. PPren, Ciudadanosen eta Voxen baturak ez zuen gehiengorik osatu.

Eskuina batzeko ahalegina

Hortaz, eskuineko alderdiek ere eztabaidagai dute azaroari begira nola jokatu. Albert Rivera Ciudadanoseko buruak joan den astean erran zuen hauteskundeen ondoren PPrekin saiatuko zela gobernua osatzen. PPk hitza hartu zion, eta Nafarroan erabilitako formula Espainian erabiltzea proposatu zion; alegia, koalizioan aurkeztea, España Suma sortuta. Ciudadanosek, ordea, koalizio batean aurkeztearen eta hauteskundeen ondoren bat egitearen arteko aldea nabarmendu nahi du orain. «Diputatuak gehitu nahi ditugu, ez inputatuak; eta ustelkeriak, [babesa] gutxitu egiten du», adierazi zuen atzo Lorena Roldan Ciudadanoseko bozeramaileak. Andaluziako eredua defendatu zuen; Nafarroakoak, beraz, ez die balio Espainian.

Kanpainaurre betean daude, hortaz, alderdi guztiak. Estrategiak eta diskurtsoak gorpuzten, arerioekin eta aliatuekin aldeak nabarmentzen, eta, tarteka, eskaintzak egiten. Baina eztabaida guztiak astinduko dituen gertakari bat etortzear dago: Kataluniako lider independentisten aurkako auziari buruz Espainiako Auzitegi Gorenak eman behar duen epaia. Eskuinak diskurtso nazionalistenak hauspotuko ditu kanpainan, Kataluniako subiranistek distentsio keinurik txikiena ere jaso ez dezaten. Sanchezek errana du helburutzat duela Kataluniako alderdi independentistak gobernua osatzeko aritmetikan beharrezko ez izatea, eta autonomia kentzeko konstituzioaren 155. artikuluari zenbait aipamen egin dizkio azken aste honetan, egoki ikusiko balu eskuina bezain gogor jokatzeko gai dela erakusteko.

Baina emaitzak hobetu nahi baditu, Sanchezek beharrezkoa du Katalunian boto gehiago lortzea, PSOEren indargune historikoetako bat izan baita, eta zaila izanen du hori makila erakutsita bakarrik. Igande honetan joanen da Kataluniara, PSC Kataluniako Alderdi Sozialistaren Arrosaren Festan parte hartzeko. Tentuz adituko dituzte guztiek jarduneko presidentearen hitzak. Kanpainaurre betean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.