Babes soziala. DSBEaren erreforma

Diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzea, egiteke dagoen lana

Herri ekinaldiari itxi egin zaio atea, baina erreformaren bidea ere ez da oparoa izan oraingoz

Diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzea, egiteke dagoen lana.
Irune Lasa.
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Guztiak ados daude: diru sarrerak bermatzeko errenta oso garrantzitsua da; hura erreformatzea, egungo errealitatera egokitzea, ezinbestekoa da, eta aldaketa horrek adostasun ahalik eta handiena izan behar du. Abiapuntu bateratu hori, ordea, ez da nahikoa, oraingoz, ia alderdi guztientzat «lehentasuna» den DSBEaren legea eguneratzeko.

Ez da baliagarria izan, esaterako, errenta jasotzeko baldintzak zabaltzea proposatzen zuen herri ekinaldiari Eusko Legebiltzarrean bidea emateko. Eta, orain arte behintzat, ez du balio izan errentaren eguneratzerako bide nagusia izan beharko lukeenarentzat ere, legearen erreformarentzat. Jaurlaritzako bi alderdiek —EAJk eta PSEk— aurkeztutako erreformarako proposamenak ekainean egin zuen estropezu. Testua lege proposamen gisa iritsi zen ganberara, beste alderdien babesik gabe eta oposizioak osoko zuzenketarik egiteko aukerarik gabe. Abstentzio batekin —eta EAJren eta PSEren botoekin—, proposamena tramiterako onartuko zen, baina, azken unean, testuak aurrera egitea zaila zela ikusita, bi alderdiek gai zerrendatik atera zuten, eta erreformaren bide hori linboan sartu zen.

Linboan

Eta esan daiteke, neurri handi batean, hantxe, linboan jarraitzen duela. Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu eta Politika Sozialetako sailburuak bilera itzuli bat egin berri du alderdi guztiekin gai horri buruz, «euskal herritarrak modu egokienean babesteko xedez egungo legea hobetzeko adostasunetan aurrera egiteko».

Baina bilera horiek, dirudienez, ez dira zundaketa batetik harago joan, eta elkarrizketa guztietan EAJren eta PSEren ekaineko lege proposamena egon da mahai gainean. Hots, oposizioko alderdien babesik lortu ez zuen testua.

Honako hauek dira EAJren eta PSEren proposamenaren ildo nagusiak: onuradun izateko baldintza nagusiei eusten die —gutxienez, 23 urte eta hiru urte erroldatuta; bi urte kasu zehatz batzuetan—. Ordainaren kalkulua egiteko, lanbide arteko gutxieneko soldataren erreferentziarekin ordezkatuko luke, xede horretarako zenbatetsitako gutxieneko gastuen adierazle batekin. Oro har, DSBEa bakarra —elkarbizitza unitate bakarra— etxebizitzako. Hori bai, etxean haur adingabeak izateagatik, osagarriak igo egingo lirateke. Onuradunen inplikazioa neurtzeko tresna ezarriko litzateke; kontrolerako, onuradunak identifikatzeko sistema biometrikoak. Eta, gero, pentsio txikienak jasotzen dituzten pentsiodunei gutxieneko errenta bermatzeko errenta berri bat eratuko luke; hots, praktikan, gutxieneko bi errenta lirateke.

Baina proposamen horrek, joan den ekainean bezala, ez du oposizioko inor gogobetetzen. PPk «dei efektua»izatea leporatzen dio. Beste aldean, EH Bilduk, esaterako, argi dauka DSBEa berriak lortu behar duela gaur egun sistematik kanpo gelditzen direnak barneratzea. Eta errentaren zenbatekoak proposamen horretan jasotakoak baino handiagoa izan behar duela, gaur-gaurkoz gertatzen denari konponbidea emateko; alegia, errenta jasotzen duten hamar lagunetik zazpik soilik lortzen dutela pobreziatik ateratzea; hamarretik hiruk, familien kasuan.

Murrizketak

Gutxieneko errentaren zenbatekoa, gainera, azken urteetan behar zuena baino txikiagoa dela irizten diote bai EH Bilduk, bai Elkarrekin Podemosek. Ez da ahaztu behar 2012an DSBEari %7ko mozketa egin ziola Patxi Lopezen gobernuak, eta oraindik ez dela hori lehengoratu. Guraize horiei, gainera, beste batzuk gehitu zaizkie azken urteetan: gutxieneko errentak, berez, lanbide arteko gutxieneko soldataren araberakoa izan beharko luke —%88 errenta arruntak eta %100 osatutako pentsioak—. Baina xedapen bat dela medio, errenta ez du igo gutxieneko soldata hori igo denean.

Oraingoz, errenta handiago bat ikusteko aukera bakarra datorren ostegunean iritsiko da. Irakurketa bakarreko lege proiektuan, Jaurlaritzak %3,5eko igoera proposatuko du, %4,5ekoa pentsiodunentzat. Gobernuak nahikoa du abstentzio bat testua aurrera ateratzeko —aterako ez balitz, igoera %1,5 litzateke—. Halako zerbait beharko du, beste behin ere, horren garrantzitsua den, lehentasuna den DSBEak ez duelako adostasunik lortu.

Eusko Legebiltzarrak atea itxi dio pobreziaren aurkako herri ekinaldi legegileari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.