PSNk etena eskatu du, Madrilgo egoerari so

Nafarroako Gobernua osatzeko bilera atzeratu egin dute, «jasotako proposamenak aztertzeko». Ahal Dugu-k gobernu ardurak eskatu ditu. EH Bildu: «Ezetza ala abstentzioa: horiek dira aukerak»

PSNko Maria Txibite eta Geroa Baiko Manu Aierdi, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Denbora gehiago nahi du PSNk. Atzo egitekoa zen Nafarroako Gobernuaren egitura adosteko bilera, baina, azken unean, saioa atzeratzeko eskatu zien Maria Txibitek Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrari, «jasotako proposamenak aztertzeko denbora» behar dutela argudiatuta. Oraingoz, ez dute adostu beste egunik bilerarako, eta behin-behinean etenda gelditu da negoziazioa.

Iragan astearteko saioan, PSNk gobernu egituraren gaineko proposamen bat aurkeztu zuen negoziazio mahaian, eta atzo eguerdian batzartzekoak ziren berriz lau taldeak, laneko dokumentu horren gainean ekarpenak egin eta eztabaidatzeko. PSNk hasieratik onartu zuen kolore bakarreko gobernua nahi zuela: «gobernu sozialista bat», alderdiko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizen esanetan, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren sostengua izanen zuena. Proposamen horren arabera, gobernu berriak 11 kontseilaritza izanen lituzke, Uxue Barkosen egungo gobernuak baino bi gehiago.

Geroa Baik berehala erantzun zion ezetz PSNren esku egonen litzatekeen gobernu bati, eta «ardura partekatuen gobernu» baten aukera jarri zuen mahai gainean. PSNk ez zuen baztertu proposamen hori, eta Alzorrizek berak esan zuen, hasierako asmoak edozein izanda ere, prest zeudela «malgu» jokatzeko eta «zenbait puntutan amore emateko». Atea ireki zioten, hortaz, PSNren eta Geroa Bairen arteko koalizio gobernu bati.

Asteazkenean, ordea, taula gaineko piezak mugiarazi zituen beste faktore batek: Ahal Dugu-k. Astearteko bileraren ostean, Eduardo Santosen alderdiak ez zuen adierazpenik egin nahi izan —gainerako talde guztiak azaldu ziren hedabideen aurrera—, baina, hurrengo egunean, «koalizio gobernu baten aldeko apustu argi eta irmoa» agertu zuen. Are: ardura politikoak eduki nahi ditu Ahal Dugu-k balizko koalizio gobernu horretan, eta baldintza hori «ezinbestekotzat» jo du alderdiaren Koordinazio Kontseiluak, aho batez. Ahal Dugu-k bi parlamentari dauzka Nafarroako Legebiltzarrean.

Espainian PSOEren eta Podemosen artean tentsioa dagoen une batean heldu da Nafarroako Ahal Dugu-ren proposamena: Madrilen, ez aurrera ez atzera daude Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioak, eta Errioxan, berriz, elkarrizketak bertan behera utzi dituzte, Podemosen parlamentari bakarrak PSOEren gobernua galarazi ostean.

PSNko eta Ahal Dugu-ko eledunek, baina, ukatu egin dute Espainiako ika-mikak Nafarroan eragina izanen duenik. «Oso errealitate ezberdinak dira», azaldu du Mikel Builek, Ahal Dugu-ko bozeramaileak. Gaineratu du bilera atzeratu izana ez dela ez beren errua, ez inorena: «Ez dago errurik, egoerak ez baitu txarretik ezer. Gogoeta egiteko denbora eskatu digu Maria Txibitek, eta eman egin zaio». PSNko Ramon Alzorrizek ere «normaltzat» jo du negoziazioen etenaldia: «Gauzak ongi egitea, hori da garrantzitsuena». Ez du argitu, hala ere, noiz helduko dieten berriz elkarrizketei.

EH Bilduk, barne galdeketa

Gobernu organigramaren korapiloa askatuta ere, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko gobernu batek ez luke gehiengorik izanen Nafarroako Legebiltzarrean, eta, aurrera egiteko, beharrezko izanen luke, gutxienez, EH Bilduko edo Navarra Sumako lau legebiltzarkideren abstentzioa. PSNk, ordea, behin baino gehiagotan esana du ez duela asmorik EH Bildurekin ezer negoziatzeko. Aste honetan, Navarra Suma ere kokatu dute negoziazio mahaitik kanpo.

PSNk ezarritako «bazterketa» txarretsi zuen Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak, atzo. «Ez da egungo egoera politikoari dagokiona», esan zuen.

EH Bilduk ez du oraindik erabaki zehazki zer erantzunen dion Txibiteren balizko hautagaitzari, baina Araizek argi du gauza bat: ez diote aldeko botorik emanen. «Inbestidura saioa antolatu arte itxarongo dugu erabaki bat hartzeko; edonola ere, gure hautua bi aukeren artekoa izanen da: ezezko botoa ala abstentzioa».

Parlamentariaren aburuz, «argudio politiko ugari» darabiltzate aukera baten zein bestearen alde egiteko, baina azken erabakia koalizioko militante nafarrek hartuko dute. Araizek uste du aintzat hartu beharko dutela, inbestidura saioaz harago, legealdi osoko gobernabidea: «EH Bilduk arduraz jokatuko du, Nafarroako interes orokorrak aintzat hartuta. Erronka ez da inbestidura prozesu bat gainditzea. Arazorik handienak geroago etorriko dira».

PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako akordio programatikoa aztertzen ari direla ere esan zuen Araizek, «nahiz eta lau taldeetatik inork ez digun agiriaren kopia bat helarazi». Orain arte ikusitakotik, badira EH Bilduko eledunak «gustuko ez» dituen hainbat puntu: «Besteak beste, toki administrazioaren erreforma. Zentzurik gabe eman diote ostikoa, eta zenbait epe urtebetez atzeratu dituzte; finantzaketari dagokiona, kasurako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.