G7koen goi bilera. Aholkularitza juridikoa

Defentsa kolektiboa egingo duen taldea

G7koen bileraren harira atxilotutakoei laguntza juridikoa emateko talde bat osatu dute, eta telefono zerbitzu iraunkor bat prestatu. Atxiloketak hasi dira: bost lagun atzeman zituzten astelehenean

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
G7koen goi bilera hasiko da larunbatean Miarritzen, eta horrekin batera iritsi dira segurtasun neurriak. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugetan polizia kontrolak daude, baina, Euskal Herrian ez ezik, Frantzian eta Espainian ere segurtasun operazioa agerikoa da. «Arrisku mailari egokitua zaion egitasmoa» dela oroitarazi zuen Christophe Castaner Frantziako Barne Ministroak joan den asteartean.

Astelehenean, bost pertsona atxilotu zituen Frantziako Poliziak Paris inguruan, Miarritzeko hotel baten kontrako ekintza bat prestatzea egotzita. Horietarik lau askatu dituzte. «Errepresioa jadanik hasia da», Defentsa Kolektiboa antolatzen duen taldearen ustez. Taldearen izenean soilik hitz egin dute kideek, eta ez dute izenik eman nahi izan.

Jaka Horien azken hilabeteetako mugimenduari begira, errepresioa juridikoa ere izan dela salatu zuten hirurogei abokatuk joan den otsailean: «Aferak epe oso laburrean epaituak dira, eta iruditzen zaigu erantzun azkar bat emateko borondatea erakusten duela horrek».

Horri aurre egiteko, Defentsa Kolektiborako taldeak —Legal Team izenez ere ezagutzen dira— ugaritu dira. Militanteek osatzen dituzte talde horiek, eta prebentzioa eta oinarrizko babes juridikoa ematea dute helburu. Duela hogei urte sortu ziren talde horiek, eta ZADen eta Lan Legearen kontrako egitasmoetan ugaritu ziren. Jaka Horien protestetan errepresioak gora egin duela salatu dute hainbat elkartek, tartean ACAT Torturaren Ezeztapenaren Aldeko Ekintza Kristauak. Marion Guemas elkarteko langileak BERRIAri adierazi dionez, «azken 8-9 hilabeteetan izan diren zauritu larrien kopurua azken hamabost urteetan izan denaren parekoa da».

Babes juridikoa helburu

G7koen bileraren aurkako kontragailurrari begira, defentsa kolektiborako talde bat sortu dute hainbat kidek. Nazioarteko mugimendu sozial ugariren topagunea da kontragailurra, eta hainbat mobilizazio egiteko deia zabaldua da. Taldeak argi du: «G7koen goi bilera garaiko salbuespenezko polizia eta justizia baliabideei aurre egiteko sortu gara». Hain zuzen ere, Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simonek adierazi duenez, prokuradore, abokatu zein epaile anitzetorrarazi dituzte Baionako auzitegira, izango diren «atxiloketa kopuruari» erantzun ahal izateko.

Defentsa juridikorako taldeek ez dute estatuen justizian sinisten, eta «defentsa kolektiboaren apustua» egiten dute. Justizia «klase justizia» dela iruditzen zaie, «pobreenek dituztelako zigor gogorrenak jasaten». Taldearen erronka jendeari oinarrizko ezagutza zabaltzea da, eta bere printzipio nagusia, «borrokekin bat egitea».

Mobilizazioetan liburuxkak banatuko dituzte: «Poliziaren eta justiziaren funtzionamenduari buruzko informazio esku orriak hedatuko ditugu, eta autodefentsa juridikoa sustatuko dugu». Aholku batzuk ematen dituzte horretarako; esaterako, garrantzitsutzat jo dute aldez aurretik ordezkaritza bermeak prestatzea. Manifestarien egoera pertsonala frogatzen duten agiriek osatzen dute ordezkaritza bermea: nortasun agiria, bizitegiaren frogagiria, lan kontratuak edo eskolatze ziurtagiriak izan daitezke, adibidez. Bestalde, abokatu baten izena eta zenbakia gogoan izateko gomendatu dute. Hori egiteko, defentsa kolektiborako taldeak harremana dauka abokatu talde batekin, eta bi abokatu izen jakinarazi dituzte: Muriel Ruef, Lillekoa, eta Arie Alimi, Pariskoa. Bi horien bidez 23 abokatuko taldearekin lotura eginen dute, eta atxiloaldian diren pertsonen kargu hartuko.

Bestalde, aholkularitza juridikorako taldeak bi telefono zenbaki prestatu ditu: (0033) 603-00 90 14 eta (0034) 943-09 06 30. Egunean 24 orduko arreta eskainiko dute zenbaki horietan, eta atxiloketa baten edo polizia indarkeriaren lekuko denak dei dezake; baita lagun bat galdu duenak ere. «Militanteak bideratzea izango da gure erronka, inor ez dadin babesik gabe gelditu».

Atxiloaldian izan beharreko jarreraz ere informazioa zabaldu dute: izen-deiturak eta helbidea ematea da legeak agintzen duena, baina hortik aurrera «ez dut ezer esateko» errepikatzea gomendatu dute. Ainhoa Pascual abokatuaren hitzetan, «abokatuen lana zailtzen da atxilotua Poliziarekin hitz egiten hasten bada, ez dakielako baitezpada zer leporatzen zaion». DNA eta hatz marken inguruan, horri uko egitea aholkatu dute, delitua den arren. Izan ere, uste dute ondorioei begira arriskutsuagoa izan daitekeela.

Atxiloaldia bukatzean, berehalako auziak gerta daitezke. «Justizia lasterra» dela salatu dute defentsa taldeko kideek, eta abokatuarekin afera landu ahal izateko, epe luzeagoa eskatzea gomendatu dute: «Berehalako prozedura bat da, ez du defentsa ongi prestatzeko ahala ematen, eta, usu, zigorrak bortitzak dira». Epaiketarako epea atxilotua izan gabe pasa daiteke, eta orduan ordezkaritza bermeak izatea «lagungarria» izan daiteke.

Elkartasunezko defentsa

Taldean azaldu dutenez, kolektiboa «elkartasunean» oinarritzen da, eta, horretarako, diruztatze kanpainak abiatu dituzte. Prozedura judizialek «gastu handiak» dakartzatela ohartarazi dute, eta nabarmendu jendearen laguntza behar dutela isunei eta bestelako gastuei aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.