Koronabirusa

Mila positibotik gora atzeman dira, eta murrizketek berdin segituko dute

Labik kezka agertu du intzidentzia tasa 603koa delako eta ZIUetako presioa gorantz doalako

ZIUetako gela bat, Galdakaoko ospitalean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Uxue Rey Gorraiz - Edurne Begiristain
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Egindako testen %13 izan dira positiboak: 1.171. Bigarren egunez jarraian milatik gorako langa gainditu dute positiboek Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, asteazkenean 9.251 proba diagnostiko egin ziren birusa detektatzeko Hego Euskal Herrian. Horien guztien %12,7ek eman zuten positibo: 1.171 kutsatu atzeman ziren, beraz. Datuek agerian uzten dute pandemiaren bilakaeraren larritasuna: eguneko positiboen kopurua milakoaren gainetik baita, beste behin ere. Azken hilabetean, zenbatekoa bitan baizik ez da izan langa horretatik behitikoa.

Zehazki, Hegoaldeko osasun sistemek plazaratutako informazioari so, herenegun Bizkaian zenbatu zuten kasu gehien: 482. Gainera, Gipuzkoan 250 detektatu zituzten; Nafarroan, 244, eta Araban, berriz, 175.

Halaber, kezkarako zio da oraindik ere zenbat lagun ospitaleratzen dituzten gaitzak jota. Herenegun 68 pertsona sartu zituzten, bezperan bezainbeste. Horiek kontuan izanik, oraintxe bertan, guztira 429 lagun daude birusarekin ospitaleratuta. Horietako 87 ZIUetan daude, larri.

Datuen argitara, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa aztertzen duen Labi batzordeak erabaki du orain arteko murrizketak bere horretan mantentzea, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, egoera epidemiologikoa ez delako aski hobetu, nahiz eta hamalau eguneko intzidentzia tasa apur bat apaldu den uztailaren 22tik (682 kasukoa zen orduan, eta 603koa da orain). Ordea, ospitaletako eta ZIUetako oheen okupazioa handia da oraindik: uztailaren 22an, 48 gaixo ziren ZIUetan, eta orain 64 dira.

Labik ohartarazi du garai honetan udalerri askotan jaiak ospatuko ez badira ere, aurreikus daitekeela bilkura eta «interakzio sozial arriskutsuak» egongo direla, eta horrek birusaren agerraldiak izateko arriskua areagotuko duela. «Kezkatzekoa» da hori, Labiren ustez. «Ezin ahaztu infekzioak, gaixotasuna, ospitaleetako okupazioa, ZIUetako ospitaleratzeak eta heriotzak ekarriko lituzketen agerraldiak direla», azpimarratu du.

Hori hala, Labiren batzorde teknikoak erakundeetako ordezkariei eskatu die herritarrak deitzeko «kontuz ibiltzera» bai asteburu honetan eta bai abuztu osoan, berriro agerraldirik izan ez dadin. «Tentsioa, konpromisoa eta erantzukizuna mantendu behar dira; batez ere maskararen erabili, segurtasuneko distantziari eutsi eta edozein motatako jende pilaketak saihestu, barrualdean zein kanpoaldean». Era berean, funtsezkotzat jo du herritarrak txertatzen jarraitzea, aztarnarien lanarekin kolaboratzea, eta bakarraldiak eta berrogeialdiak zorrotz betetzea.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Labiren oharrak bere egiteaz gain, kezka azaldu zuen atzo zahar etxeetako egoeragatik, positiboen goranzko joeragatik. Atzo jakinarazi zuten Arabako adinekoen egoitzetan 38ra iritsi dela positiboen kopurua: 35 egoiliar eta hiru langile. Gipuzkoan, Irungo Ama Xantalen egoitzan egoiliar bat hil dela jakinarazi zuten. 38 positibo daude zahar etxeekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.