Albistea entzun

Koronabirusa

Aurreko astean baino %52 positibo gehiago detektatu dituzte asteon

Hego Euskal Herrian 24 gaixo hil dira COVID-19ak jota, joan den astean baino bederatzi gehiago
Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko azaroak 30

Datuek ez dute joera aldaketarik erakusten: birusa etengabe hedatzen ari da oraindik ere. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, 8.509 kasu atzeman zituzten azaroaren 22tik 28rako astean; hau da, aurreko astean baino %52 gehiago. Ospitaleratzeak ere, etengabe gora: Hego Euskal Herriko erietxeetan duela astebete baino %31 gaixo gehiago daude. Eta positiboen ehunekoak ere ez du datu onik ematen: igandean gaitza atzemateko egindako 8.445 probetatik 865ek eman dute positibo; hau da, %10,3k. Beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko mugaren gainetik dago nabarmen.

Igoera lurralde guztietan sumatzen da, baina Gipuzkoa dago okerren Hego Euskal Herrian: azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatuta 811 kasukoa da. Bertan atzeman dituzte azken asteko positiboen %42. Gainerakoetan ere, gorakada: 563 kasukoa da intzidentzia Nafarroan, eta bertan erregistratu dituzte azken asteko positiboen %26 ; 372ko intzidentzia dute Araban, eta lurralde horretakoak dira joan den asteko kasuen %10, eta 283ko intzidentzia dute Bizkaian, eta hangoak dira kasuen %22.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 177 herri daude eremu gorrian, 100.000 biztanleko 150 kasuko intzidentzia metatua gainditzen dutelako: Araban, 24 herri daude eremu horretan; Bizkaian, 79; eta Gipuzkoan, 74. Herri horietan, udal agintariek prebentzio neurriak betetzen direla bermatu ezin duten jarduera guztiak bertan behera utzi edo aldi baterako atzeratu beharko dituzte.

Positibo kopurua areagotzearen ondorioz, ospitaleak ere gero eta beteago daude. Egun, COVID-19a duten 341 erik jasotzen dute Osakidetzako edo Osasunbideko ospitaleetako arta, duela astebete baino 80 gehiagok; hau da, orain dela astebete baino %31 gaixo gehiago daude ospitaleratuta. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ere antzekoa da egoera: 60 gaixo daude larri, orain dela astebete baino hamazortzi gehiago; hau da, %43 gehiago.

Eta hildakoak ere pilatzen ari dira: astebetean 24 gaixo hil dira COVID-19ak jota Hego Euskal Herrian, aurreko astean baino bederatzi gehiago.

Egoera larria dela iritzita, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Osakidetzako eta Osasun Saileko zuzendaritzekin bildu zen atzo, birusaren bilakaera eta horrek osasun sisteman duen eragina aztertzeko. Pandemiaren bilakaera «kezkagarria» dela ohartarazi zuten, eta erabaki zuten Osakidetzako zentro guztiak Kontingentzia Planaren bigarren egoerara igarotzea. Gainera, eskatu zuten indarrean dauden osasun neurriak errespetatzeko, bereziki eskuen garbitasuna, espazio jendetsuak saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara «etengabe» erabiltzea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Radio Euskadin nabarmendu zuen egoera «arduratzeko modukoa» dela, eta zehaztu zuen balitekeela ZIUetan 50 gaixo egon baino lehen larrialdi egoera ezartzea: «50era iritsi behar al dugu? Zergatik? Seinaleak nahikoa dira birus honi gaur aurre egiteko, eta ez bihar». Egoerari buelta eman ahal izateko, «funtsezkoa» iruditzen zaio 12 urtetik beherakoak txertatzea, eta haurrak txertatzeko eskatu die gurasoei. Espero du urtarrilean ikastetxeetara itzuli baino lehenago txertaketa hasteko moduan izatea. Gaur-gaurkoz, ez daukate horretan hasteko nondik norakoen berri, ordea: «Espero dugu abenduaren erdi aldera izatea, baina oraindik ez dago datarik, eta ez dakigu zenbat dosi izango ditugun ere».

Aurrekoetan baino hobeto

Egungo egoerak ez du zerikusirik aurreko goraldietakoarekin. Batez beste egunean mila positibo pasatxo ari dira atzematen orain. Aste Santuaren bueltako olatuak goia jo zuenean, apirilaren 23an, 1.023 kasukoa zen batezbestekoa. Ospitaleak, ordea, askoz ere beteago zeuden: 912 gaixo zeuden ospitaleratuta, orain baino 571 gehiago, eta 209 lagun zeuden ZIUetan, gaur egun baino 149 gehiago.

Halaber, aurreko goraldiekin alderatuz gero, antzeko ondorioak atera daitezke. Urtarrilaren 23an, 1.039 kasukoa zen batezbestekoa; ospitaleetan, ordea, 801 gaixo zeuden, orain baino 460 gehiago, eta horietako 135 zeuden larri ZIUetan, gaur egun baino 75 gehiago. Egungo egoerak ez dauka zerikusirik duela urtebeteko olatuarekin ere. Urriaren 20an, 1.030 kasukoa zen batezbestekoa, baina egun hartan 634 gaixo zeuden Hego Euskal Herriko ospitaleetan —orain baino 293 gehiago—, eta horietako 97k behar zuten ZIUetako arta, egun baino 37 gehiagok.

Ikasgelak ixten

Birusa ondorioak lagatzen ari da ikastetxeetan ere. Orotara, Hego Euskal Herriko 280 ikasgela daude itxita koronabirusagatik, ostiralean baino 23 gehiago —orduan eman zituzten azken aldiz datuak—. Orotara, 138 ikastetxek itxita daukate ikasgelaren bat, duela hiru egun baino zazpi gehiagok. Gainera, Nafarroako Gobernuak zenbat ikasle konfinatuta dauden ere jakinarazi du: 1.585 dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Osasungintza pubikoaren alde herenegun Gasteizen egin zen mobilizazioa. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Lehen arretan 198 langile gehiago behar direla dio Osakidetzak

Julen Aperribai

Langileak falta direla aitortu arren, lehen arretako arduradunak esan du errua ez dela administrazioarena. Positibo kopurua jaitsi egin da Hego Euskal Herrian: 4.488 atzeman dituzte

Propagandisten Elkarte Katolikoak Gasteizko hainbat autobus geltokitan jarritako kartelak. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Abortuaren aurkako jazarpena, ikusgai

Edurne Begiristain

Elkarte katoliko batek Gasteizko hainbat markesinatan jarritako kartelak erretiratzen hasi da Gasteizko Udala. Polemika piztu du toki publikoetan bazterketa sustatzen duen propaganda agertu izanak.

Txertatze ziurtagiria baitezpadakoa da Ipar Euskal Herriko zenbait egituratan

Txertatze ziurtagiria baitezpadakoa da Ipar Euskal Herriko zenbait egituratan

Oihana Teyseyre Koskarat Ekhi Erremundegi Beloki

Hemendik aitzin, 16 urtetik gorako herritarrek beharrezkoa dute txertatze ziurtagiria erakustea hainbat leku publikotara sartzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.