Koronabirusa

AHTaren obrak eten eta premiazko zerbitzuetan inbertitzera deitu dute

Hego Euskal Herriko 56 gizarte eragilek 'Orain Ardura' adierazpena aurkeztu dute lau hiriburutan

Iruñean, Nafarroako Ospitale Gunean atzo egindako elkarretaratze eta agerraldia. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Y-an eta Iruñetik Castejonera arteko tartean ia 5.000 milioi euro gastatu dira orain arte, eta, proiektu osoa eraikiko balitz, 15.000 milioi eurora iritsiko litzateke ordaina. COVID-19ak eragindako krisiak testuingurua errotik alda dezake. Diru sarrerak %20 inguru murriztuko direla kalkulatzen da, eta, horregatik, Orain Ardura agiria aurkeztu zuten atzo Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Hego Euskal Herriko 56 gizarte eragilek izenpetu dute. Sinatzaileen arabera, egungo egoera larrian «ezin da ez ikusiarena egin». Aldarrikatzen dute AHT abiadura handiko trenaren obrak gelditzea eta haren inbertsioa premiazko zerbitzu publikoetara eta pandemiak jotako sektore sozial eta ekonomikoen laguntzetarako erabiltzea.

Euren mezua zabaltzeko, agertoki egokia aukeratu zuten, lau hiriburuetako ospitale eremuen inguruan aurkeztu baitzutenagiria. Iruñean, elkarretaratzea Nafarroako Ospitale Gunean egin zuten, Vianako Printzea espezialitate zentroan. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zuten manifestua. Sindikatuen artean daude ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta CGT; gizarte taldeen artean, Bilgune Feminista, Ekologistak Martxan, Eguzki, Joxemi Zumalabe fundazioa, Emakumeen Mundu Martxa, Pentsionistak Martxan, AEK, Ernai, Sustrai Erakuntza, KEM, 78ko Sanferminak Gogoan... Lurraldez lurralde pertsona ezagunek ere bat egin dute: Nafarroan, David Kanpion Iruñerriko mankomunitateko lehendakariak, Juan Martinez de Irujo pilotaria ohiak, Tere Saez eta Laura Perez parlamentari ohiak, Julia Itoiz abeslariak, Fernando Mendiola historialariak...

«Aste gogorrak»

Gogora ekarri zuten «aste gogorrak» izan direla, erabateko bakardadean hil direlako mila herritar eta osasun langileak baldintza txarretan egin diotelako aurre egoerari. 2008ko finantza krisiaren ostean, murrizketak ezarri ziren zerbitzu publikoetan, eta, orain, Hego Euskal Herriak munduko heriotza tasarik handienetakoa izan du. «Gure erakundeek eredutzat dituzten iparraldeko herrialdeek milaka bizitza salbatzea eta milioika enplegu eta enpresa txiki ez galtzea lortu dute. Ez da kasualitatea izan».

Manifestuaren sinatzaileek uste dute ezin direla iraganeko hutsegiteak berriro errepikatu. Izan ere, iparraldeko herrialdeen aldean, Espainiak azpiegitura handien aldeko apustua egin du eta, AHTari dagokionez, Hegoaldean eredu horri jarraitu zaio. Orain, koronabirusaren krisiak beste perspektiba bat eman dio auziari. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak autonomoen laguntzetarako jarri dituen hiru milioi euroekin AHTaren ehun metroren eraikuntza finantza daitezke, eta Nafarroako Ospitale Guneko laborategi bateratuko eraikinerako diruarekin AHTaren 83 metro egin daitezke.

Horrek ematen du AHTaren kostuaren neurria. «Gobernuek inbertsio erraldoiak egin dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira bizitzarako oinarrizkoak diren alorretan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan», salatu dute. Horrek bere isla izan du egunotan: «Ospitaleak gainezka, osasun langileen txanda bikoizketak, hiltegi bilakatu diren adinekoen egoitzak, bakardadean hil den jendea, bat-batean ospitale eraldatutako hotelak, etxeetan maskarak fabrikatzen dituzten emakume ugari...».

Orain Ardura agiriaren arabera, Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak kargua hartzerakoan erabilitako hitz zuhurrak kontuan hartu beharko lituzkete Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Abalosek esan zuen urte askotan AHTan «zentratuegi» egon direla gobernuak, eta trenen inbertsioak «birbideratu» behar zirela. Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak apirilean onartu zuen gastu publikoa murriztu egin beharko litzatekeela, eta obra handiak atzeratu. Hitzok kontuan izateko eskatu zuten.

«Aurreikusten den krisialdi larria guztion ahotan dagoen honetan, ezin dugu ez ikusiarena egin». Horregatik guztiagatik eskatu zuten AHTaren obrak berehala eteteko eta proiektu berriak bertan behera uzteko. Lehentasuntzat dituzte pertsonen zaintzarako zerbitzuak, pentsio duinak, oinarrizko diru sarrerak herritar guztientzat, euskararen sustapena eta COVID-19ak gogor jotako sektoreei laguntzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.