«Elkarbizitza demokratikoa» lortzeko aldia

Foro Sozial Iraunkorrak uste du «baldintzak» daudela gatazkaren ondorioetako korapiloak askatzeko. Memorian ikusten dute zailtasuna

Teresa Toda, Agus Hernan eta Tasio Arrizabalaga Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak, atzoko agerraldian. BERRIA.
jon olano
Donostia
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak legealdi berrirako erronkak ezarri eta alderdi politikoek alor horretan dituzten programei eta adostasun puntuei buruzko azterketa konparatibo bat egin du, eta azterlan horren ondorio nagusia da abiatu berri den legealdiak «bizikidetza demokratikoarena izateko baldintzak» dituela: «Legealdi honek behar adina baldintza betetzen ditu adostasun zabalez aurre egiteko korapilatuta dirauten erronka nagusiak askatzen hasteari». Izan ere, antzeman dute EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen artean %75ekoa dela adostasun maila bizikidetzaren arloan. Indar politiko horiek legebiltzarraren %90 ordezkatzen dute.

Atzo eman zuten azterketaren berri. Zehazki, Foro Sozial Iraunkorrak ondorioztatu duenez, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten indar politiko gehienak —«garaileen eta garaituen posizioetan jarraitzen duten gutxi batzuk salbu»— bat datoz ETAren armagabetzearen eta desegitearen ondoren Euskal Herrian zabaldutako «bake agertokia sendotzeko eta euskal gizartearen etorkizuneko bizikidetzari ekarpena egiteko premian». Gainera, «ñabardurak ñabardura», alderdi horiek uste dute beharrezkoa dela konpontzeke dauden hiru gai nagusiri aurre egitea, eta alor horietan hiru erronka ezarri ditu foroak. Biktimen alorrean, premiazkotzat jo du «biktimen tipologien artean dagoen diskriminazioa behin betiko gainditzea», eta uste du horretarako «biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko mekanismoak» finkatu behar direla.

Horrez gain, presoen eremuan pozik azaldu dira Agus Hernan, Teresa Toda eta Tasio Arrizabalaga bozeramaileak, «ikasturte hasiera honetan, eztabaida politikoan aritzen diren eragile gehienek Foro Sozialak aspalditik sustatu dituen kontzeptuak integratu dituztelako». Kontzeptu horiek dira espetxe politika «modu normalizatuan» aplikatzea «eta bere garaian terrorismoaren aurkako borrokarako diseinaturiko politika gainditzea», zigorrak betetzeko orduan presoen «errotze sozialaren garrantzia» aintzat hartzea eta, beraz, Zaballako, Iruñeko, Basauriko eta Martuteneko kartzeletara lekualdatzeko beharra.

Halaber, bestelako espetxe politika bat «eremu humanitario hutsean» kokatu behar dela nabarmendu dute, eta garrantzia eman diote espetxeen eskumena «ahalik eta azkarrena» eskualdatzeari. Gernikako Estatutua osatzeko Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak prestatutako egutegian jasota dago espetxe eskumenaren transferentzia: «Presoen gaian, adostasun posible guztiak eraikita daude. Orain, premiaz, ekintza plan bat jarri behar da abian, gai honi konponbide integrala emateko».

«Memoria kritiko inklusiboa» ere erronken artean kokatu du Foro Sozial Iraunkorrak, uste baitu «zailtasun gehien» dituen gaia dela, «kontakizunaren bataila delakoak» baldintzatzen duelako arlo hori. Todaren esanetan, gizartea «politikarien aurretik» doa alor horretan, eta horren adibide jarri ditu «ibilbide desberdinak dituzten pertsonen artean aurrera eraman diren esperientzia eta lankidetza ugari». Aldiz, esparru instituzionalean dagoen «blokeoak gizartearen desatxikimendua edo gogaitzea» eragin duela uste du, eta arriskutzat jo du «gertatutakoaren orria azkar pasatu nahi izatea eta ondorio kritikoak ez ateratzea».

«Ehun metroetan porrot»

Todak aparteko aipamena egin dio Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldeari. Aurreko legealdian, lantaldeak «azken 100 metroetan porrot» egin zuela uste du Foro Sozial Iraunkorrak, «kontakizunaren borrokak hor jarraitzen duelako». «Pena ematen digu, pena handia, hauteskunde arrazoiengatik akordioak desadostasunen aurretik lehenetsi ez izanak», erantsi du. Ildo horretan, Todakbeharrezkotzat jo du «adostasun politiko berriak» lortzea. Horretan «energia asko» jarriko duela azaldu dute Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.